Zergatik harritu
Zergatik harritu –
Rikardo Arregik Noticias de Gipuzkoa hedabidean.
Ez dakit zergatik harritzen zareten. Gu, printze-printzesak, duke-dukesak, aristokraten seme-alabak, bankarien ondorengoak, enpresa handien oinordekoak, aberaskumeak, betidanik joan gara ikastetxe pribatu, garesti eta esklusiboetara. Lehen Suitzakoak zeuden modan, Suitza oso herri atsegina baita guretzat, mota guztietako jarduerak, ekin-tzak eta esperientziak (orain esaten den bezala) lortu ahal baitira bertan. Orain eskaintza zabalagoa da eta, batez ere, diskretuagoa (ezaguna da guretzat garran-tzitsua dela diskrezioa). Zuek ezin duzue. Bai, beti daude bekak eta gauza horiek pobre gutxi batzuentzat. Karitatea oso polita da. Zuentzat eskola publikoak daude eta kon-tzertatu horiek, nahi-eta-ezin zeken hori, batzuek uste baituzue horrela erdi-mailako klasean seguruago egongo zaretela. Xalotasuna ere polita da. Barregarriak zarete.
Gure ikastetxe horiek inguru ederretan daude kokatuta eta, jakina, barnetegiak dira. Zuek uste duzue barnetegiena izugarria dela. Bai zera. Hori sinestarazi dizuete, gurasoekin egotea hil ala biziko kontua dela eta hori, baina ez. Arazo ekonomikoekin borrokan dauden guraso nekatuak, lanpeturik gainera, gau eta egun ondoan izatea ez dela batere erosoa uste dut. Bi urtez hortik bizitzea primerakoa da. Oporrak daude, nola ez, eta asteburuak.
Gure ikastetxeetan mundu osoko gazteak gaude. Harremanak egiteko aukera paregabea da (inoiz ez dakizu noiz erbesteratu beharko zaren). Ikastetxe batzuetan 90 nazionalitateko jendea bildu ahal da. Bai, demagogoek esango dute horixe bera aurki daitekeela Gasteizko eskola publiko askotan, baina ez da gauza bera. Ez da gauza bera. Ez dut uste azaldu behar dizuedanik zergatik ez den gauza bera. Gure ikastetxeetan denetarik egiten da: musika, kirola, artea, antzerkia… Eta hori egiteko, edo norberak izan ahal dituen apeta guztiak betetzeko, irakasleak daude, behar adina, ez zure eskola horietan bezalaxe.
Ez dakit zergatik harritzen zareten. Gu horrela bizi izan gara beti, eta aurrerantzean horrela bizitzeko asmoa dugu, noski. Ez al zenekiten? Pentsatzen nuen baino inozoagoak zarete.