Euskalgintza aktiboagoaren eta politikari inplikatuagoen premia

Euskalgintza aktiboagoaren eta politikari inplikatuagoen premia –

2020ko urtea ere ez da euskaldunontzat erraza izan. Hiru eremutan zatituta eta bost Administrazioren menpe (EAE eta Nafarroako gobernuak, Gaztelakoa Trebiñun, Espainiakoa eta Frantziakoa) egoteak ezin onurarik ekarri, areago bost horietatik lauk euskaldunak baztertzen jarraitzeko neurriak hartzen tematzen direlarik, hainbat eta hainbat udalekin batera, hedabide nagusien laguntzaz sarri. Pandemiak gainera, agerian utzi du Jaurlaritzako goi karguen euskara gaitasun motza eta begirune kaskarra euskaldunon alderako, hilabeteotan garatu duen komunikazio politikak erakutsi bezala.

EAE-n ere larri

EAEko hizkuntza politikaren ahulguneak ere, agerian geratu dira gordin. Telebista, internet edota mugikor  bidezko euskarazko eskaintza nahikorik / duinik ezean, familia erdaldunetako haur askok nekez izan dute euskararekin harremanik. Topaguneko buru Amonarrizek oraintsu adierazi bezala, “pandemiak agerian utzi du ikasle askok ez duela harremanik euskararekin eskolatik kanpo, ikus-entzunezko eskaintzaren ahuldadea eta kultur- sektorearen egoera prekarioa zein kezkagarriak diren, edo erakunde askok euskaldunon hizkuntza-eskubideak zein erraz baztertzen dituzten”.

Nola liteke 2020an ere ez izatea telebista eta bestelako ikus-entzunezkoen eskaintza oso eta erakargarri bat eskura? Hori ez baita euskararen ahulezia, hizkuntza politikarena baizik.

Hezkuntzan ere argi gorriak piztu dira, D eredutik bertatik hasita. Euskarazko Lanbide Heziketaren eskaintza barregarria beste egun baterako utziko dugu.

Herri-ekimena ezinbestekoa

Euskaraldia, Durangoko Azoka, Errigora, eta euskal sortzaileek era batera edo bestera eskainitako kultur eskaintza izan dira euskararen pultsuari eusteko oinarri, euskal (euskarazko) hedabideekin batera. Herri-ekimenak eman digu arnasa berriz ere, agintari eta alderdi abertzaleen geldoaldia eta espainolisten aurkako ekimena tarteko.

Alabaina, egungoa baino askoz aktibazio handiagoa erakutsu beharko genuke euskaltzaleok, EAEko erakunde nagusiek euren ardurei egokiago erantzun diezaieten (EiTBren bilakaera kezkagarria lekuko) batetik, eta eraso egiten diguten Nafarroako, Espainiako edota Frantziako erakundeei aurre egiteko.

Botere politikoaren erantzukizuna

Euskaltzaleen aktibazioa ez da nahikoa baina. Euskarriak eta babes politikoa ezinbestekoak ditugu, tresna egokiak eta nahikoak, aktibazio horri denboran eutsi ahal izateko. Bestela esanda, euskaldunak euskaraz jardutera adoretzea oso ondo dago, baina euskarazko jardunari eusteko ezinbestekoak ditugu hizkuntza gaitasun nahikoa, hizkuntza elikatzeko euskarazko tresna egokiak (irratia, telebista, internet- eta mugikor-bidezkoak, liburuak eta komikiak…); inguru euskalduna, inguruko ez-euskaldunen konplizitatea, lan- eta merkataritza-alorreko eragileen begirunea… Hizkuntza politika askoz osatuago eta eraginkorrago bat, bestela esanda. Adoretze hutsak, bere soilean, erabilera areagotu ordez, epe ertain edo luzera etsipena areagotzea ekar lezake eta.

EAEn bertan ere, ez dauzkagu horretarako tresna guztiak eskura (Espainiar gobernuaren menpe gaudenez), baina 2016tik aurrera onartutako udal-legeria eta araudi berriekin aukera berriak zabaldu dira udaletan euskaldunon hizkuntz eskubideak bermatze aldera. Udaletan ere, aukera izango dugu alderdi batzuen eta besteen borondate politikoa zein den neurtzeko. 

Nafarroan eta Iparraldean berri txarrak datozkigu aginte-organoetatik  oro har, erasoak eta euskaldunak baztertzen jarraitzeko ekimen antolatuak. EAEn baino areago, elkarlana, indar-metaketa eta herri gisa jokatzea ezinbestekoa izango da aurrera egiteko. Nafarroako eta Iparraldeko euskaldunei, EAEko era guztietako erakundeetatik, orain arte baino laguntza eta babes handiagoak ematea premiazkoa da.

Joko-eremua, euskal nazioa

Nazio mailako hedabide eta erakundeek sekulako garrantzia dute ekinbide horretan; hots, Euskal Herrian nonahi kokatuak egonagatik, zazpi lurraldeetako euskal herritar guztiei zuzentzen zaizkionak; hortaz, babestu eta sustatu beharko genituzke orain baino askoz gehiago.

EiTB askoz euskaldunago bat premiazkoa da. ETB1eko programazioa asko hobetu beharra dago, haur eta gazteentzako eskaintza erakargarria sortu, euskarazko fikzioa eta bikoiztutako filmak… Tira, edozein kate erakargarrik egiten duena, baina euskaraz, badaezpadako saioak ordezkatu, euskal sortzaileen ekoizpenei lehentasuna eman, beste herri zapaldu batzuetako hedabide eta sortzaileekin elkarlana garatu…

Euskal gizarteari aldarria

Euskaltzaleak antolatzea eta euskaldunon eskubideak aldarrikatzeko adorea berreskuratzea ezinbestekoak izango ditugu aurrerantzean ere; kontzientziazio lanari ekitea, euskararen herria jardun politikoaren ardatzera ekartzea… eta astirik galdu gabe, gauzak gero eta abiada handiagoan aldatzen baitira.

Hizkuntza Politika berritua behar dugu, Espainian eta Frantzian gaztelaniak edo frabtsesak daukaten tratamendu bera, eskubide eta betebehar berberak euskararentzat Euskal Herri osoan, eta horretarako Burujabetzara bidean jartzea ere, ezinbestekoa da. Helduko diogu erronkari?

Euskalgintza aktiboagoaren eta politikari inplikatuagoen premia
Bilbo 26/02/2005 EFE/LUIS TEJIDO

J. Aleman, G. Luzuriaga eta JJ Agirre
Plazara gatoz! ekimeneko kideak

Euskalgintza aktiboagoaren eta politikari inplikatuagoen premia