Zendu osteko eta zendu aurrekoak
Radio Euskadin berriz ere hauteskundeetara aurkezteko egin zuen iragarpena inork gutxik zuen sinetsi, eta argi xamar zegoen “munduko alkate onena” itzaltzear zela, inork abixatu ez bazigun ere.
Zendu ostekoak
Euskal Herriko errotatiba nagusiek prest zituzten Azkunaren obituarioak, eta prestaketok eman dute euren fruitua, hamaika izan baitira berari eskainitako orrialdeak. Lider nazionalistaren erpin eta azal guztiak agerian utziz. Zenbat ote alkateaz irakurri ditugun aburuak? Nola herritar anonimoenak, hala ezagunenak. Guztiek ere errespetutik, politikoki zuzen, halako egoera batek eskatzen duenaren alturan. Hil aurretik “inor indiferente uzten ez zuena”, eta hil ostean denak bere buruaz hizketan utzi dituena. Aski ongi hitzegiten gainera.
Zendu aurrekoak
Phenomeno honen ostean, segidan, Adolfo Suarez irten da palestrara era arras nahasgarrian. Bere semeak “hiltzear” dela iragarri batzuene eta oraindik ez baita hil, eta ez baitakigu noiz hilko den. Baina honezkero albiste izan da Espainiako trantsizioko presidentea, bere heriotzagatik. Hainbat izango dira obituarioari azken ukituak egiten ari diren bekarioak. Lanik etzaie faltako, honen eta haren erreakzioak jasoz, esaldiak bilduz, Azkunarekin egin bezala.
Galdera ordea Suarez semeari egingo nioke. Zer demontregatik iragarri zure aitaren (pertsonaia publikoa bera) heriotza, heriotza gertatu aurretik? Ba al da hori baino suizidio handiagorik? Nola pasa pribatuan, modu intimo batean, azken orduak aitarekin, halako albistea iragarri eta gero? Suarezenak luzerako emango du oraindik, batez ere bizitza iragarpenetatik harago luzatzen bazaio. Semeak spoilerra aurreratu digunean.