Euskal estiloaren komisarioak

Euskal estiloaren komisarioak

Euskal estiloaren komisarioak«Erbesteratu naute euskal estiloaren komisarioek» – idazten dit  Goiurik -. « Erbestera, erdaldunen lurraldera bidali naute. Ez dut, haien ustez, euskaldunek behar eta merezi duten “estiloa”. Gaitz erdia, erdaraz idazteko irrikan nengoen eta. Ez dut uste erdaraz nire estiloa egokiagoa denik, baina behintzat lan gutxiago eskatzen dit nire ama hizkuntzan idazteak.

« ‹Zure liburuan azaltzen dituzun ideiak onak dira, sakonak eta originalak ere bai›, argitu didate komisarioek. ‹Gramatika eta sintaxiaren aldetik ere, zuzena da. Baina, ai!, zure estiloa ez da egokia›. Ijito intelektuala naiz, antza. Pozten naiz ijito izateaz. Baina ez ote da “arrazismo intelektuala” idazle bati sari bat,  diru publikoak sostengatzen duen saria gainera, estilogatik ukatzea? Ez ote da idazle baten oinarrizko eskubidea bere estiloari eustea?  Eskubidea eta betebeharra, esango nuke nik. Euskal estiloaren komisario horiek injustuak izateaz gain ezjakinak dira, tamalez. Azokako estiloa baino ez dute ezagutzen. Edo Unibertsitatekoa, agian. Osagarriak dira bi estilo horiek, egia esan: merkatuari begira daude biok. Unibertsitatekoak, “akademiako” merkatuari; besteak, “Elkar” ildotik doanak, diru merkatuari.

«Euskaldunen lurraldetik alde egingo dut nire ideiak erdaraz plazaratzeko asmoz. Erdaraz idatziko dut,  pentsatzen dudana euskaldunek ulertu ahal dezaten. Ez hartu hori mesprezu bezala. Euskal kultura idatzia – zuk ondo dakizunez, idazkera grafikoaz ari naiz -ispilu kultura da; hau da, beste kultura aurreratuenek sortu dutena islatzen du.  Idazle eta pentsalari euskaldunek idazten dutena ulertzeko isla horren iturria ezagutu behar da. Ezagutu ezean, euskaldunek esaten dutena ulergaitza da. Islaren islaz, denboren poderioz, esparru intelektual batzuk ezarriz joan dira, kazetarien esparrua, adibidez. Euskal kultura idatziaren maila, gaur, kazetaritza maila da (literatura egiten dutenak maila horretan geratzen dira. Poetak esparru horren mugak apurtzen saiatzen dira. Poetak pentsalarien aitzindariak lirateke, nolabait ere). Hala bada, kazetaritzaren mugak euskal kulturaren mugarriak dira. Horregatik kazetarien erara pentsatzen eta idazten dena ulergarria da euskaldunontzat..

«Pentsamenduan, berriz, oraindik  ispilu-fasean gaude.   Ezagunak eta famatuak diren kanpoko pentsalariak “kopiatzera”  behartuta daude hemengoak, aintzat hartuak eta ulertuak izateko. Igaro baimen hori gabe, baztertuta geratzen da hemengo pentsalaria. Ez da bakarrik fama kontua – hori ere bai, noski – ulermen kontua ere bai.  Gure ispilu-pentsalariek islatzen dituzten erdarazko obrak ezagunak eta famatuak baldin badira orduan haiek idazten dutena aintzat hartzen eta ulertzen da; bestela jai dute. Gure pentsalariak, bada, ispilu-pentsalariak izatera kondenatuta daude, eta ispilu-pentsalaria izateak morroi-pentsalaria izatera daramanez, ez da harritzekoa gure artean morroi-pentsalari aski egotea.

«Baina guk – Ibiltarik, zuk eta hirurok – gure kabuz pentsatzeko joera eutsiezina dugu. Gu ezin gara ispilu-pentsalariak izan. Horregatik ez dugu kanpoko inolako patroirik, gure pentsamendua bermatzeko. Biluzik gabiltza, inoren babesik gabe. Eta gainera, euskal estiloaren komisarioek diotenez, estilo kaskarra dugu. Hala bada,  ezin dugu espero, erdaraz plazaratu arte, euskaldunek guk dioguna ulertzea eta aintzat hartzea . Orduan, bai, euskal ispilu-pentsalariek idazten duguna kontuan hartzen hasiko dira.

«Laburbilduz, erdaldunen artean prestigioa lortu behar dugu euskaldunen artean gure ideiak zabaltzeko.

«Ikusi al duzu “Bertsolari” pelikula? Hor azaltzen diren  “adituen” artean zerbait interesgarririk  esaten duen bakarra iparamerikar bat da. Eta zein da azaltzen duen teoria? Hain zuzen, zuk “Hiru tesi bertsolaritzari buruz” idatzian kritikatzen eta hiru kolpez iraultzen duzun teoria neokolonialista.  Baina zu ez zara yankia. Zu ez zara unibertsitatekoa. Zuk ere ez duzu estilorik.

«Eta hori ez da okerrena. Herri honetan kazetarien maila gaindituz gero, errieta egiten dizute pentsatzen ausartzeagatik.  Zertarako hainbeste erretolika!, aurpegiratzen dizute. Hemen ere estiloa da gakoa, ikusten duzunez. Gugandik urrun pentsatzeko bizio zital eta zorigaizto hori!, izan liteke euskaldun horien ikurritza. Azkuna aski daude euskaldunen artean ere, tamalez.

« Zure erantzun ironikoa entzun dezaket: “Erbesteratzen zaituztenak ez dira euskal estiloaren komisarioak, zure zauri nartzisista baizik. Eta arrazoi apur bat ere baduzu. Zauri nartzisistak amorraturik hainbat euskal  idazlek Unamunoren bidea hartu dute. Egia da. Baina nire bidaia joan-etorrikoa izango da, euskaraz idatzi gabe ezin bainaiz bizi.

«Alde egin baino lehen, halere, euskaldunen artean ikasi dudana azaldu nahi nuke. Hiru proposizio hauetan labur daiteke:

«Lehenengoa, komunitate oro jai baten inguruan sortu eta osatzen da.
«Bigarrena, jai horretan idazkeraren eta mintzoaren arteko elkartzea ospatzen da.
«Hirugarrena, elkartze horrek komunitatearen biziraupena eta garapena bermatzen ditu.
«Hiru proposizio horietatik ondorio hau atera da: euskaldunok penetan eta hilzorian biziko gara, “euskaldunon jaia” sortu arte.

«Eta bukatzeko, ba al dakizu norekin topo egin dudan? Bankari Anarkistarekin! Eta badakizu zer erabaki dugun? Nietzscheri buruz liburu bat idaztea. Bai, betikoa! Zenbat urte daramagu liburu hori idazten! Orain gure asmoa betetzeko garaia iritsi zaigu. Ez dizut zehaztasun gehiagorik emango gure asmoa ez zapuzteko (badakizu, “artistak” superstiziosoak gara). Zergatik ez zatoz gurekin? Haize berria behar duzu, Aginako laguna.

Goiuri.»

Bai, haize berria behar dut. Sareko giroa –  bolo-boloren betiereko itzulera – itogarria da.  Dena berria eta dena berdina. Bolo-boloren gurpilak dena berdintzen du. Bolo-boloren gurpilak dena hutsaltzen du. Sarean guztiak dohainik izan behar du. Eta pentsatzea ez da dohainik. Sarea, ZUZEU bezala, horizontala omen da. Baina horizontaltasun horrek ez dut zerikusirik jatorrizko herrien eta bertsolarien horizontaltasunarekin. Sareko ustezko horizontaltasunak neoliberalismoaren bertikaltasuna bultzatzen eta bermatzen du. Ikusiena izatea, hau da, salduena izatea, nola edo hala lortu behar da.  Horregatik horizontaltasun ikurraren bidez azalkeria, saldukeria, manipulazioa, pentsamendu eza… sarearen bidez zabaltzen dira. Cave canem! Kontuz neoliberalismoaren txakurrarekin!

Bai, sareko giroa itogarria da, baina non aurkitu haize berri hori? Non aurkitu benetako eta jatorrizko horizontaltasuna? “GURE ESKU DAGOn”, xuxurlatzen dit ahots lagunak. Horra joango naiz, bada.

Euskal estiloaren komisarioak
bertsolariak
Galo

FILOSOFO OHIA