Zein da ildo ideologiko nagusia lehen sektorean?
Zein da ildo ideologiko nagusia lehen sektorean? –
Zein da ildo ideologiko nagusia lehen sektorean? Galdera etorri zitzaidan burura VOXeko bozeramaile bati Elikadura Burujabetza defendatzen entzutean. Ez da berria, gogoan dut Hala Bediko uhin hauetan Jose Miguel Muneti ekoizpen transgenikoen defendatzaileari egindako elkarrizketa bat, labore transgenikoek elikadura-burujabetza sustatzeko dituzten onurez hitz egiten. Denok dakigu termino bat boladan dagoenean mundu guztia saiatzen dela kontzeptua bere diskurtsora egokitzen, diskurtsoa aldatu beharrean.
Gogoan dut, halaber, Elikadura Burujabetza terminoa gizarteratzen hasi ginenean, hainbat saiakera egin zituztela sektore karlista zaharkituenek horra hurbiltzeko. Tradizioa eta kultura izan dira eskuinak historikoki erabili dituen elementuak. Baina sorpresa, hemen VOXek, Karlistek (eta Muletek ere bai) aurkitu dute espazioa okupatuta.
Hemen badugu eskuin bat, VOXek bezala, negozio intentsiboak eta esportatzaileak defendatzen dituena. Produktibitatea handitzeaz berbatzen duena, merkatuen globalizazioan hobeto txertatzea iradokitzen diguna eta edukirik gabeko «Euskadi marka» bat babesteaz hitz egiten duena. Elikadura osasungarrirako edo lan duinerako eskubidea ez dira agertzen euren postulatuetan.
Guri, joera “agroeko” dugunoi, oraingoz alde batera uzteaz gain, bakea emango digutela dirudi. Agroekologiak, bere horretan, gaur egun, ez zaio eskuinari interesatzen; baina kontuz, energia berriztagarrietan interesa izan ez duten moduan, pastela kontrolatzeko gai izan diren arte.
Agroekologia eskuinaren postulatuen aurka al dago? Bai, erabat kontra dago. Agroekologia gure komunitate aurrekapitalisten auzolanean kokatzen da.
Orduan, guztiz desberdinak diren postulatuak dituzten korronte ideologiko hauek lehen sektorean finkatzeko zelan egin dute?
Brasilen Biblia, Idia eta Bala aipatzen dira txertatzeko argudio gisa. Steve Bannonek, Erlijio, Agroesportazio eta sektore prekariezatuetan oparotasunaren irudia sortzen duen lilura erabili zituen. Eta hemen Nekazal Politika Bateratuetako diru-laguntzak, Landa-Garapeneko Agentziak eta prekarietatea litzateke formula magikoa. Europako diru-laguntzak, ardiei artaldetik ateratzea eragozten dien akuilu gaiztoa; Landa Garapeneko Agentziak, lantokiko komisario politiko gisa; eta prekarietatea, kasu honetan, ez dirudunekiko liluragatik, baizik eta daukagun joera bitxi honengatik; zenbat eta txikiagoa izan lumpenekiko distantzia, orduan eta miresmen handiagoa sortzen digu zanpatzailea.
Posible da egoera hori kontrajartzea?, zalantzarik gabe, posible da, baina kasu honetan praktika teoriaren aurretik etorri behar da, urrutiko diskurtsoek ez dute laguntzen (animalistak, sozialistak edo ekologistak izanda ere), norbaitek lagundu nahi badu, ongi etorria, baina lupetzetan sartuta egin behar da, arazoaren parte izanda, ez du funtzionatzen hesitik egin behar dena esateak. Kuban dioten bezala, nekazariak ikusten duenean fedea egiten du.