LABeko emakumeak protagonista garrantzitsuak borroka sindikal eta sozialean

LABeko emakumeak protagonista garrantzitsuak –

Zaintzaren eremuan lan egiten duten hainbat emakume langile Altsasun bildu dira igandean, “Bizitza posible egiten dugu, somos esenciales” lelopean, sindikatuak antolatutako topaketen harira. Hain zuzen ere, zaintzarekin lotutako sektoreetako borrokak, erabat feminizatutako sektoreetakoak, lehen lerrora eraman ditugu eta, bildutako guztien artean, lan horiek funtsezkotasunaren neurriko aldarrikapen sorta adostu dugu.

Garbiñe Aranburu idazkari nagusiak hitzartzea egin du topaketetan, langileon funtsezkotasuna eta borroka grina aitortuz: “LABeko emakumeak protagonista garrantzitsuak zarete borroka sindikal eta sozialean. Ezinbestekoak zarete; funtsezkoak”.

Jardunaldiei amaiera emateko, sindikatuak konpromiso irmoak hartu ditu, adostutako aldarriei lotuta: publifikazioa, zaintza sistema publiko komunitarioa eta feminismoa lan harremanetan gauzatzeko aldarriak, besteak beste.

Osatu dugun adierazpenari helduta, Angela Davis ekintzaile feministaren esaldi bat ekarri dugu gogora lehenik: “Justizia sozialaren aldeko borrokaren bizkarrezurra izan dira beti emakumeak”.

Ondoren, gure gogoetaren berri eman dugu: “Funtsezkoak gara, bai. Bizitzeko behar diren ezinbesteko gauza horiek egiten ditugulako. Ikusi nahi ez diren horiek, ordaintzen ez diren horiek. Etxean egiten ez direnean miseriazko soldata eta baldintzen truke egiten ditugun horiek. Funtsezkoak, sistemarentzat?”.

Zainduko dugu, heziko dugu, bizitzaz gozatzeko eta bizitza goxatzeko lan egingo dugu. Baina ez gaudelako zaintzari kateatuak bizitzeko prest. Gauzak aldatzeko, Euskal Herri aske eta feminista eraikitzeko, zaintza eskubidea aitortzeko, zaintzaren negozioa desegiteko borrokatzen dugu. Borrokak egiten gaitu funtsezko!”, adierazi dugu.

Langileak gara, emakumeak, borrokalariak. Funtsezkoak izan gara justizia sozialaren borrokan. Eta funtsezkoak izango gara justiziazkoa den zaintza lanak berrantolatzeko borrokan. Hori gure konpromisoa. Hori eskatzen dugun konpromisoa!”, erantsi dugu.

LABeko emakumeak protagonista garrantzitsuak borroka sindikal eta sozialean