Xabierraldi kanadarra
Xabierraldi kanadarra –
Berri kuriosoa iruditu zaigu Euskalerria irratiaren atarian irakurri dugun hauxe, eta hemen partekatzea erabaki digu.
Xabierko San Frantziskorena ei zen beso ustelgabea Kanadara eraman dute.
Milaka kanadarrek gurtuko dute erlikia, eliza katolikoko arduradunen aurreikuspenen arabera.
Beso ustelgabeak Kanadako 14 hiri bisitatuko ditu, Air Canada konpainiaren eskutik.
The National Today egunkariak xabierraldi kanadarrari buruzko bideo-erreportajea osatu du.
Xabierko San Frantziskoren beso ustelgabea urtarrilaren 27an Victorian eta 29an Montrealen izanen dela badiogu, baten batek pentsatuko du hirion izenak ez ditugula euskaratu, eta egiazki Gasteizi eta Elori buruz ari garela. Oker egonen da, ordea: Nafarroako patroiaren erlikia Kanadara eraman dute. Atzo iritsi zen Quebecera, eta Otsailaren bira arte orotara Kanadako 14 hiri bisitatuko ditu. Azkena, Ottawa. Beso ustelgabea Erromako Gesu elizan egon ohi da. Guk Goio Aranaren txio baten bidez eduki dugu leku aldaketaren berri.
Ottawako Catholic Outreach elkarte unibertsitarioa koordinatzen ari da bisita. Eta elkarte horretako kide Angele Regnier eramaten ari da erlikia batetik bestera. Badirudi Regnier pozaz zoratzen dagoela bisita hau dela kausa. “Lagun batekin autoz bidaia egitea bezalakoa izaten ari da”, azaldu dio CBC irratiari. “Badakit hezurrak direla, baina nik Xabierko San Frantziskorekin harreman bizia daukadala sentitzen dut, eta ziur naiz bidaiak iraun bitartean oso elkarrizketa interesgarriak izanen ditugula”, gaineratu du.
.
Xabierko Frantziskoren hegazkin txartela
Nolanahi ere, besoa ez da autoz bidaiatzen ari, baizik eta Air Canada konpainiako hegaldietan, eta eserleku propioarekin. “Beso horrek 100.000tik gora lagun bataiatu zituen. Ezin dugu maleten zintan utzi”, dio Regnierrek. Erreserba egiteko unea, berezi samarra izan ei zen: “Zaila izan zen konpainiari azaltzea aulkian joanen zena ez zela persona bat, baina bai persona baten zati bat, baina persona oso bat balitz bezala”.
Bidaiaren antolatzaileak kezkaturik zeuden, Kanadako neguko hotzak erlikia kalte zezakeela eta. Regnierrek hasieran besoarentzako beroki bat prestatzen hasi zen, baina Erromako Gesu elizatik erlikia gomaz babesturiko oihalezko poltsa batean iritsi zen. “Ez dut uste azkenean berokia beharrezkoa izanen denik”.
.
«Xabierko San Frantzisko parrandazalea zen»
Diotenez, Xabierko San Frantzisko 1525ean Parisko unibertsitatean ikasi zuen. Regnierren ikuspegi
bereziaren arabera, “oso popularra zen, mutil zoragarria, kirolaria, eta seguru asko ezagunagoa parrandak egiteagatik etxeko lanak egiteagatik baino”. Alta, “bere gelakide Loiolako San Ignaziok federa ekarri zuen”.
.
Kontrako erreakzioak sareetan
Zenbaitzuk ez dute bisita eta horri ematen ari zaion esanahia gogoko izan, eta hala adierazi dute sareetan.
Konparaziora, Dr Latha txiolariak salatu du Xabierko San Frantziskok ez zituela milaka lagun bataiatu, baizik eta indarrez behartu zituela kristautzera.
The arm that signed orders to butcher Konkani-speaking Hindus in Goa inquisition. Only haters can worship fascist. https://t.co/UywwZpx4ma
— Dr. Latha (@DrlathaC) January 4, 2018
.
Honatx bisitaren egutegia:
- Urtarrilak 3: Quebec City.
- Urtarrilak 5: St John’s.
- Urtarrilak 7: Halifax.
- Urtarrilak 8: Antigonish, N.S.
- Urtarrilak 10: Kingston, Ont.
- Urtarrilak 12-14: Toronto.
- Urtarrilak 16: Winnipeg.
- Urtarrilak 18: Saskatoon.
- Urtarrilak 20: Regina.
- Urtarrilak 21-22: Calgary.
- Urtarrilak 24-25: Vancouver.
- Urtarrilak : Victoria.
- Urtarrilak 29-30: Montreal.
- Otsailak 2: Ottawa.