2018ko aurrekontuak Hego Euskal Herrian

2018ko aurrekontuak Hego Euskal Herrian –

Instituzio ezberdinetatik inposatzen zaigun eredu prekarioa geldiarazteko, Elkartzenek aurrekontu partehartzaileak eta aberastasuna banatuko dutenak exijitzen ditu.

Aurrekontuak politika ekonomikoaren tresna kapitalismoaren zerbitzura

Aurrekontuak tresna nagusiak dira aberastasuna banatzeko, eta baita pertsona guztiei duintasunez  bizitzeko behar dituen gutxieneko materialak  bermatzeko ere. Horregatik, ezin ditugu utzi botere kapitalistaren eta haren alderdien esku aurrekontuen gaineko erabakiak. Aurrea hartu behar diogu egoerari eta jabetu aurrekontuez ari garenean zertaz ari garen: diru-bilketa egiteko moduaz, bildutakoa zertan gastatu erabakitzeaz eta  prozesu hori nola egin eta nork erabakitzen duen aztertzeaz. Ez gara ari soilik gastuei buruz.

2018ko aurrekontuak Hego Euskal Herrian“Krisia” deitu zuten prozesuaren hasieratik hamarkada bat igaro denean, 2018ko aurrekontuen analisiaren eta 2008koekin alderaketaren bitartez, dokumentu honetan zehar jabetu ahal izango gara prozesu hura langile klasearen eta herritar sektoreen kontrako erasoaren areagotze bat besterik ez zela izan.

Urtez urte ari gara ikusten errentarik baxuenek bere gain hartzen dutela zergen pisu handiena. “Krisitik” ateratzen ari garela esaten diguten arren, kapitalak inposatutako egitura atzerakoiaren oinarrizko ezaugarriak gero eta gehiago indartzen jarraitzen dira; horren adierazle bikaina Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan (ABG) Sozietateen Zergaren jaitsierarako itxi berri den akordioa delarik. Gero eta gehiago dira zeharkako zergak, mailakako elementurik ez (ABGn 2018an %53,15a, 2008an baino 3 puntu gehiago, eta Nafarroan %59,9a, 2008an baino 11 puntu gehiago) eta zuzenetan PEFZk gero eta pisu handiagoa dauka (ABGn zuzenen %77,4a, 2008an %67,6a zenean, eta Nafarroan %78,5a, 2008an %61,6a zenean) eta Sozietateen Zerga (ABGn zuzenen %17,2a, 2008an %25,9a zenean, eta Nafarroan %13,2a, 2008an %33,3a zenean) eta Ondarearen Zerga (ABGn %10a jaitsi da 2008tik eta Nafarroan %20a) gero eta gutxiago. Beraz, zerga gehienak langileek zein herritar sektoreek ordaintzen dituzte. Presio fiskalak Europako baxuenetakoa izaten jarraitzen du, eta onura fiskalak direla eta, ez da aurrekontuen %30a ABGn eta %25,75a Nafarroan biltzen (Ondarearen Zergan %50era heltzen da). Guzti honi iruzur fiskalaren handiagotzea gehitu behar diogu (10.000 milioi euroetatik gora), ondasun handiek gozatzen duten inpunitatearen erakusle.

Diru-sarrera gutxiago izan arren, kupoa eta hitzarmena ordaintzen jarraitzen dugu. Madrili gero eta diru gehiago ordaintzen diogu bere zorra ordain dezan (gastu militarrak, jaso ez ditugun transferentziak, azpiegitura handiak…). Oro har, 2018an Hego Euskal Herriak 1.842 milioi euro bidaliko ditu Madrilera kupo eta hitzarmenaren bidez.

2018ko aurrekontuak Hego Euskal HerrianAurrekontuetan “hazkunde eredu sendoa dugula egiaztatu da, enpleguaren sorrerarekin“ esaten digute; hazkundea? norena?, enplegu sorrera? zein baldintzetan?. Etengabeko pribatizazioez, publikotik ekimen pribaturako diru transferentziaz eta alor guztietan ezartzen diren murrizketez gain, itzelezko langabezi tasa (163.000 pertsonatik gora langabezian eta %91,8ko behin-behinekotasuna ABGn eta %92,6koa Nafarroan; gainera azken urtean 17.600 emakumek lanpostua galdu dute) kontuan  hartzen badugu, egoera argia da: klase herritarrak baztertuta daude, eta bazterketa hori aurrekontuetatik hasten da.

Hala ere, obra faraonikoak egiten jarraitzen dute, zenbaiten poltsikoak betetzeko. 2010 eta 2018 urteen artean, ABGk AHTri bideratutako aurrekontua 2.570,74 milioikoa da; bitartean 2018an Etxebizitza Sailburuordetza guztiari 126,9 milioi dagokio, hau da, AHTn 8 urtetan eta etxebizitza politikan 20 urtetan gastatuko dena berdina da. Nafarroan, Prestazio Altuko Trenera izena aldatu baldin bazaio ere, Aldaketaren Gobernuak Madrili dirua aurreratzen jarraitzen du (milioi bat 2018an) UPNk martxan jarri zuen proiektu bera eraikitzeko. Gainera, 2018an “itzaleko bidesarietarako” (Nafarroako Kanala edo A-21 eta A-12 autobiak bezalako obra handiak pagatzeko erabili den era bat: enpresa pribatuak obra eraikitzen eta finantzatzen du eta Gobernuak bere erabilpenagatik ordaintzen du, epe luzera obra egitea baino askoz gastu handiagoa sorraraziz) 93,45 milioi bideratuko dira, 2008tik bikoiztu baino gehiago egin dena.

2018ko aurrekontuak Hego Euskal HerrianBitartean, hezkuntza, osasungintza edo etxebizitza sailetara bideratutako diru kopuruan murrizketek ez dute etenik edo kopurua barregarria da. Pasa den urtearekin alderatuta hezkuntzan eta osasunean eman diren igoerak aurrekontuaren igoera orokorra baino txikiagoak dira. Gainera, igoera horien zati oso handi bat zentro pribatuetara bideratuko dira (urtetik urtera hazten doazen ehunekoak): Nafarroan hezkuntzara bideratutako 651,7 milioi euroetatik 131,6 milioi (%20,2a), eta ABGn 2.716,8 milioietatik 673,4 (%24a). ABGko aurrekontuetan “hezkuntzaren hobekuntzari bultzada berezia ematea aurreikusten da, eta, horretarako, hezkuntza hitzarmenak zabalduko dira” irakurri dezakegu; bultzada berezi bat izango duen politika PPk horretara bideratuko baitu aurrekontuen onarpena eta Sozietateen Zergaren jaitsiera ahalbidetu dituen akordioaren baitan ABGko Gobernuak eman dizkion 30 milioien zati handi bat.

2018ko aurrekontuek, hutsalak izateaz gain, alderdi politikoek aldarrikatzen dituzten helburuei ez diete eusten berriro ere

2018ko aurrekontuak Hego Euskal HerrianHain da lotsagabea klase politikoa ezen esaten dutena ere bete izaten ez baitute. Lege kolpez ezarritako dekretuak, urteko murrizketak, aurretik murriztutako aurrekontuen murrizketak… ikusten ditugu. Ondorioz, aurrekontuek, dokumentu bezala, galdu dute euren funtsa juridikoa eta antzu bilakatu dira (ABGko 2018ko aurrekontu proiektuarekin bat datorren 2017ko aurrekontu itxieraren aurreikuspenak 2017an, hasiera batean esandakoa baino 400 milioi euro gutxiago gastatuko direla adierazten).

Gobernu desberdinek esaten digute aurrekontuak ahalik eta sozialenak direla; errealitatean, aurrekontuek adierazten digute euskal erakunde publikoek egiten duten jendarte gastu zuzena hondoratzen doala. Politika orokor horri, Madrildik ezarritako mugak gehitu behar zaizkio: alde batetik, instituzio guztien defizit publikoaren maila markatzeko 2012ko Aurrekontuen Egonkortasunerako eta Jasangarritasun Finantzariorako Legea; eta beste alde batetik, 2018an Administrazio Zentralaren, Autonomi Erkidegoen eta Korporazio Lokalen gastuak ezin dutela 2017koaren %2,4a gainditu zehazten duen Gastu Araua (EAJk babestutako neurria). Hau horrela, eta ABGko Aldundien eta Nafarroako Gobernuaren diru-sarrerak aurreikusitakoa baino gehiago hazten ari baldin badira ere, hazkunde horiek ez dira aurrekontuen diru-hornidurara bideratuko. Aurreikusitakoaren gainetik lortutako diru-sarrera guztiak zor publikoaren murrizketara bideratuko dira (ordainketa horren zati handi bat zorraren interesei eta eurekin erlazionatutako gastuei dagokio).

2018ko aurrekontuak Hego Euskal HerrianZorraren pisua handitzeak hurrengo hamarkada osoaren benetako jendarte gastua baldintzatzea dakar, non kupoak, zorra ordaintzeak eta arlo publikoaren jarduera burokratikoek ia bildutako diru osoa eskuratuko baitute. 2017ko bigarren hiruhilekoan ABGko zor publikoa 10.791 milioi eurokoa da (BPGren %15,30a) eta Nafarroakoa 3.767 milioikoa (BPGren %19,3a) suposatzen duelarik. 2017ko zorra 2008koarekin alderatzen baldin badugu, ABGn 10 bider (1.007 milioi, BPGren %1,5a 2008an) eta Nafarroan ia 5 bider (868 milioi, BPGren %4,6a 2008an) handitu dela konturatuko gara. Datorren urtean Nafarroako aurrekontuaren %8a eta ABGren %11,7a zorra ordaintzera bideratuko da, 2008an %2ra eta %3ra heltzen ez zenean hurrenez hurren. Gero eta handiagoa den gastuaren finantzarizazio baten aurrean aurkitzen gara: pasa den urtetik ABGn operazio finantzarioek %37a gora egin duten bitartean (2008tik lau bider handitu dira), inbertsio errealek %36,5a jaitsi dira (2008an zirenen herena). Datu hauek langile klasearen eta herritar sektoreen kontra eramaten ari den erasoaren tamaina irudikatzen dute.

Prekarizazioari aurre egiteko, antolatzea eta borrokatzea beste aukerarik ez dugu

Logika kapitalistak baliabide naturalak gero eta era sistematikoagoan pribatizatzea dakar. Helburua naturaren ondare guztiak, salbuespenik gabe, merkantzia bihurtzea da. Era berean, zerbitzu publiko eta sozialetan logika berdina garatzen dela ikus dezakegu, non diru publiko kopuru ikaragarria esku pribatuetara bideratzen den etengabe.

Eskaria eta kontsumoa mantentzeko erantzuna zorpetze jarraitua izan da. Mundu mailako zorrak gora egiten du kapital globalizatuaren metaketari eusteko, zor lokala laguntxoen negozioak mantentzeko eta aberastasuna gero eta esku gutxiagotan metatzeko. Euskal Herrian horrek guztiak 3 pertsonetatik 1 pobreziaren mugaren azpitik bizitzera kondenatzen du (BPG per capitaren %37,5a, pobreziaren muga kalkulatzeko gure metodologiari jarraituz).

Era guztietako instituzioek kapital transnazional eta finantzarioaren aurrean erabakitzeko gero eta gaitasun txikiagoa dute. Maila desberdinetako instituzio burgesen erabakitze ahalmenak kapitalismoari berezkoa zaion kontzentrazio eta zentralizazio prozesuak laguntzen ditu. Argi dago “goian daudenen” mesedetan egiten dutela instituzioek, langile klaseak eta herriak bazterrean utziz.

Irabaziak egiten jarraitzen dute pertsonen eskubideen bizkar, murrizketa sozialak egiten jarraitzen dutelarik. Ez dago inolako borondaterik gehiago dutenek gehiago ordain dezaten, eta aberastasuna bana dezagun. Nahiago dute dirurik ez dagoela esatea eta langile zein herritar sektore zabalen bizi baldintzak erasotzen jarraitzea.

Gastu publiko sozialaren gainbeherak funtsezko hiru osagai ditu: diru-bilketa fiskalaren jaitsiera, Hego Euskal Herriko aurrekontuen autonomia eza eta zorpetzearen eta bere kostu finantzarioaren hazkunde esponentziala (gastu ez sozialerako). Egoera horren aurrean zera ozen esatea dagokigu:

  • Ez direla aurrekontu parte-hartzaileak egingo. Lehenik eta behin eztabaida eta balizko zuzenketak aurrekontuen atal bati egiten zaizkiolako bakarrik: gastuen aurrekontua. Eta horrek berebiziko garrantzia dauka, diru-sarreren atalak baldintzatzen baitu aurrekontuetan gastatu daitekeena. Bestalde, herritarrok eta eragile sozialok ezin dugulako aurrekontu dokumentuaren elaborazio eta eztabaidan parte hartu.
  • Ez dela aberastasuna modu orekatuagoan banatuko, kapitalaren errentei, alokairuen errentei eta enpresa-irabaziei egiten zaion tratua berezia dela eta, iruzur fiskalarekin bukatzeko gelditasuna dela eta, politika sozialetan gastatzeko borondate eza dela eta.
  • Ez direla bermatuko oinarrizko eskubideak [etxebizitza izateko eskubidea eta pobreziaren mugatik (lurraldeko BPG per capitaren %37,5a) gorako diru-sarrerak izatekoa] ezta kalitatezko zerbitzu publiko eta sozialak bermatuko ere.

Horregatik guztiagatik eskatzen dugu aurrekontuak egiteko eta erabakiak hartzeko parte hartu ahal izatea, pertsonok ditugun beharrizanei erantzuteko moduko aurrekontuak egin ditzagun. Horretarako, antolatu egin behar dugu, borrokatu eta agintariei gogorarazi eskubideak ez direla negoziatzen ezta hitzartzen ere, errespetatu egiten direla eta bitartekoak jartzea dagokiela horiek bermatuak izan daitezen. Beraz, herritar guztioi dei egiten dizuegu mobiliza zaitezen: atera kalera, mobilizatu eta egin borroka. Aurrekontuak parte-hartzaileak izan daitezen eta aberastasuna banatzeko balio dezaten.

2018ko aurrekontuak Hego Euskal Herrian

Eskubide sozialen aldeko mugimendua