Von Neumann: PROFETA eta PROTEUS (II)
Von Neumann: PROFETA eta PROTEUS (I)
Von Neumann: PROFETA eta PROTEUS (II)
…
Duela urte gutxi batzuk, arrisku-prima zela eta, hobeto jakiten hasi ginen finantzetako gorabeheren berri, dela Down Jones, dela Wall Street (tira, hauxe nahiko ezaguna), dela bestela. Bada, prima hortik dabil oraindik, oraintxe beldurrarazi digutenez, baina azken bizpahiru urtean primak bake pixka bat ere eman du, eta burtsa robotizatuek jarri dute hizpidea hiruzpalau urtetik hona, gaueko 12etako dokumental batzuek azaldu dutenez… Ondo entzun duzu, Europako finantzak Londreseko burtsan erabakitzen direla, dituztela, bitartekaritza-konpainiek. Londres kanpoaldean zirkulu batean burtsatik zehazki distantzia berdinera kokatzen dira, erabakiak broker robot adimentsuek hartzen dituzte. Bada, segundo baten ehunenean ematen dute agindua, eta salerosketa egiten, horretarako logaritmoak eta probabilitate estatistikoak baliatuz. John von Neumann ibili zen horretarako oinarriak ereiten (16’02”).
40ko hamarkadaren erdialdean dugu aro digitalaren hasiera; Paul Halmos hungariarrak 1930ean adierazi zuen zenbakien bidez eman zitekeela munduko errealitate guztien berri (0 eta 1 zenbakien taula bat baliatuz, Turingek adierazitakoaren antzera). 1933an, John Von Neumannek betiko utzi zuen Alemania, bera judua izaki, eta Princetonen finkatu zen, baita Paul Halmos deskubritu ere. Bertan garatu zuen kaosa zenbaki-ordena batera eramateko ideia, algoritmo edo patroi matematikoen bidez.
Estatubatuar materialismoari gustua hartu eta Europako ‘emozionaltasuna’ kritikatzen zuen bitartean, materia desegiteko lanean sartu zen buru-belarri, bonba atomikoa sortzeko proiektuan. Jokoaren teoria ere landu zuen, zertarako eta hainbat jokalariren (pertsonaren, konpainiaren, gerragileren) arteko elkarreraginerako patroi matematiko bat ateratzeko: logika bat. Hor kokatu zuen zero baturako jokoa, hala ondu zuen elkar suntsitzeko beldurrari buruzko teoria (Gerra Hotza…), eta logika berean kokatzen da arrisku handiko diplomazia (botoi nuklearra sakatu dezakeen negoziatzaile ero edo soziopatikoaren arriskua…), Oliver Stonek bere The untold history of the United States dokumental-sail bikainean aipatutakoa.
Bigarren Mundu Gerraren ondoren, hidrogeno-bonbaren efektua kalkulatzera bideratutako kalkulu-makina, MANIAC deitutakoa, areago garatzeko proiektua zuzendu zuen, eta ideia harrigarria ernatu orduan: mundua energiaren (atomikoaren) bitartez baino, “informazioaren tratamenduaren bidez menperatzea”, edo Estatu Batuen eredua (korporatiboa) mundu osora zabaltzea. Tartean, eguraldia iragarri eta aldatzeko makina bat ontzea otu zitzaion, bonba atomikoa baino eraginkorragoa izango zelakoan. Horri esker, gure eguraldi-iragarpenak izugarri hobetu ziren! Baina bere etsipenerako programa hori alde batera geratzen hasi zen…
Garapen teknologikoa gero eta lasterrago doa, modu esponentzialean, adimen artifizialera helduko omen garen punturaino (singularitatea)
MANIACetik abiatuta, ordenagailuak administrazioan, espazio-lasterketan, armagintzan eta finantzetan hedatzen hasi ziren 1955etik aurrera. Von Neumannek gizateria itzul ezineko une erabakigarrira heldu zela iritzi zion, non gizateria aurrerantzean algoritmoei eta ordenagailuei uztartuta egongo zen. Orduan teorizatu zuenez, garapen teknologikoa (zentzu zabalean) gero eta lasterrago doa: ahozko hizkuntzatik hasi, eta idatzizkora, telegrafora, telefonora, irratia, telebista, ordenagailu… eta internet, smartphone, whatsap, GPS,…) modu esponentzialean adimen artifizialera helduko omen garen punturaino (singularitatea). Ideia ez da zirrararik gabea, kontuan hartzen badugu munduko zorra ere modu esponentzial (zorabiagarri) batean hazten dela eta, egun, digituen (matematikaren) bidez, dirua hutsetik erreproduzitzen dela.
1955ean, Von Neumannek erreproduzitzen diren zelula-automaten hipotesia lantzeko astia ere izan zuen, baita burmuinaren eta ordenagailuaren arteko harremanari erreparatzeko ere. Ray Kurzweilig Googlen Ikerketa eta Garapen batzordekoa (47’46”) da egun, eta John von Neumannen tradizioan kokatzen du bere burua.
Antza denez, berberak diseinatutako leherketa-proben lekuko zela, erradioaktibitateak alderik alde ziztatu zion gorputza Von Neumanni, minbizia eragin, baita burmuina kaltetu ere. Ezin izan zen atakatik atera eta, 1957an, ospitale batean eman zuen azken hatsa, ospitale militar batean bakartua, Pentagonoak jarritako zaindariek zelatatua, bere burutik zer informazio aterako eta badaezpada ere bertan giltzapetua. Goetheren Faust-en pasarteak errepikatzen eman zituen azken egunak. Faust, edo deabruari arima saldu zion jakintsuaren istorioa, akaso?