US mendebaldeko Parke Nazionalak gozatuz

Naturako hamaika irudi ikusgarri (II)US mendebaldeko Parke Nazionalak –

Aurreko baten ikusitako naturako hamaika irudi ikusgarri sarrerak EEBBetako mendebaldeko parke naturaletan barrena egindako bidaia gogora ekarri dit eta, egin nahi duzuela inoiz pentsatu baduzue, irudiak, gomendioa eta gida bikain bat hemen klik eginda.

Bidaia hark neure buru eta begiei gozagarri itzela eman zien, eta yankilandiarekiko nuen irudia ere aldatu zidala onartu behar dut, zinez gomendatzen dudan bidaia gogoangarri bat. Estatu Batuetako mendebaldeko parke nazionalak asko eta ederrak dira, Yellowstone, Arches, Canyonlands, Grand Canyon, Bryce, Zion, Sequoia, King Canyon, Yosemite, etab. Konpainia eta han ikusitako paisaia eta lekuak zoragarriak izan ziren.

Guk egin genuen bidaia zehatzaren gida honakoa, Salt Lake City eta Yellowstonen hasi, Grand Teton eta JacksonHole, Moab, Arches, Canyonlands, Dead Horse Point, Monument Valley, Page, Antelope Canyon, Grand Canyon, Bryce Canyon, Zion, Las Vegas, Los Angeles eta Disneyland, Sequoia eta King Canyon National Park, Yosemite, eta San Francisco.

Yellowstonetik hasita egonaldia plazer hutsa izan zen. Natura eta paisaiak ikusgarriak, zirrara berezia sortzen dutenak, Yogi eta Bubu-ren etxeko fauna bertatik bertara hain gertu ikustea esperientzia zoragarria, usain eta giroa sakonak, edertasun, askatasun, txikitasun eta handitasun kontzeptuen ulermen fisikoak, libertate sentiera ematen duten esperientziak.

Super-sumendi edo super-volcano bat da Yellowstone, eta eztanda egingo balu galderaz asko idatzi da… Berez eztanda garaia pasata omen luke Yellowstonek, kitzikatze eta morbo puntu bat baduela ezin da ukatu, eta sumendien fan naizen partetik gozamena ez besterik. Bufalo, artza, geyser eta bertako espektakulu guztia gehitzen badiozu gozamendua beste maila batera goratzen da. Munduko parke nazional zaharrena da Yellowstone, 8 forma duena eta 8 zonatan banatua. Wyomingen hedatzen da, baina baita Montana eta Idahon ere, Mendi Harritsuen ingurunean. Yellowstone National Park ikaragarria da, itzela, ederra. Geyser-ak zirraragarriak (Old Faithful, Grand Geyser), Mammotheko terrazak ikusgarriak, ikusmenari opari polita bertako leku, paisaia eta bistak, Canyon Village, Lower Falls, Artist Point, Inspiration Point, Tower Roosevelt, Washburn, Yellowstone lakua,…

Arches, Canyonlands, Monument Valley, Grand Canyon, Bryce Canyon, Zion, Sequoia eta King Canyon National Park denak dira espazio izugarri ederrak, ikusgarriak benetan.

Yosemite ere aipatzekoa eta ikaragarria, eskalatzaile eta trekking zaleentzat paradisua. San Frantziskotik 320 km ekialdera dago eta urtero 3 milioi bisitari ditu. El Capitan eta Half dome dira bertako ikurrak.

Bidaia honetako altxorretan sorpresa eta gehien harritu ninduen txokoa Antelope Canyon izan zen, ez nuen ordurarte leku hura sekula entzun ere egin. Gure indiar gidak bere kitarraz jotako Iron Maiden-en arpegioaren soinua eta hango eszenak betirako izango ditut barruan neure zoriontasunaren uneen oroitzapenetan.

Bidaieko aipatzeko beste kontu bitxi bat, naturaz gozatuz 10 egun ondoren Las Vegas-era iristen zarenean jasaten duzun zaplastekoa, kontrasteak… Naturaren besoen sakontasunean murgilduta, gizakiaren harrokeria eta sentsibilitate eza hain handia den garai hauetan, inoiz izaki zentzudun izatera iritsiko garen galdera egiten diot neure buruari, natura gizakiaren inspirazio iturri apal, umiltasuna balore… Utopia.

Half dome

US mendebaldeko Parke Nazionalak …

urko zuzeu – urko uranga – zuzeu – US mendebaldeko Parke Nazionalak …

Inguruan somatzen zaitut...