Uda joan
Uda joan –
Uda joan berri zaigu, franko bitxia. Lehenik aroa, eguraldia: bero guti hemen, eta gisa batez hobe: hiruzpalauna eguneko sail pare bat. Uztaila idor, abuztua eta iraila euritsu ekaitz andana batekin, baina hiru hilabeteetan kasik beti zeru estalia.
Atlantikoak bere hats epel eta hezea ufatu digu gehienetan. Halaber egin du Hexagonoko mendebalde guzian. Ekialdean ordea aire horrek topo egin du Mediterraneotik zetorren arnas beroarekin, ekaitz bortitzak piztuz eta desmasia larriak eraginez. Haatik hemen gaindi ere gertatu dira holako bakarrak: bereziki Bearnoko Aspe ibarra uholdeak xehatu du irailaren seiko gauean. Aro estaliaren ondorio bat udako uzten ahulezia: barazkiak, fruituak, mahatsak makal eta lanotsu, beraz saltegietan eskas eta kario. Klimaren aldaketa begien bistakoa gertatzen ari zaigu, geure burua itsutzen ez dugun ber. Gure bizipideetan kontuan hartzeko garaia genuke naski. Baina gaurko ekonomiaren trenari galga nola jar eta norabidea nola zalu alda? Politikaren eginbide nagusia ez ote litzateke?
Baina politikan ere giro bitxia dugu zinez, bereziki Frantziako Errepublikan. Macron presidenteak dena oro berak gobernatu gura du zuzenean, eta jakina ez da heltzen, ezin izan baita inolaz ere gizon bakarraren esku. Egoera jada korapilatsu bat are bihurdikatu digu legebiltzarra funtsik gabe deseginez. Gobernatzeko hain zaila zen Frantzia ezin gobernatua jarri du, eta eskuin muturra botereko atean dugu.
Ipar Euskal Herrian ezkerra nagusitu bada, Frantzian orokorki RN delakoa lehenbiziko alderdia da, eta gehiengo osoak gutiz huts egin dio errepublikanoen boronteari esker. Baina gero zer bilakatu da boronte hori? Huts guziak Macron-ek ote ditu? Nork argi eta garbi jokatu du? Ezkerrak bozen herenarekin bere programa bete-betean nola inposa zezakeen beste bi herenei? Haatik zentzu onak dio gobernuaren antolatzeko entseguaren egitera utzi behar zela beste edozer bilatu aitzin. Orain txintximariak denentzat, eta jakina, herritarrek ordainduko dugu azkenean. Beti bezala, Macronek gobernua berak xorroxki antolatu nahi zuen, eta hori ez da lehendakari baten lana Konstituzioaren arabera. Baina 1958ko Konstituzioa noizbait osoki errespetatu ote da?
Prefosta, hau ez da euskal abertzale bezala daukagun ardura nagusia, haatik ez gara nazionalismo hertsi batean hestekoak. Frantzia delako itsasontzian sartu gintuzten guhauri adostasunik eskatu gabe, baina barnean gaude. Zer egin? Momentuko Iparraldea itsasontzi horretan ahal bezain ongi antolatu, demokrazia eta elkartasun orokorrak ere bilatuz.
Mundu zabalean aferak ez doaz Frantzian baino hobeki. Gerlak ugari, aipagarrienak Palestinakoa eta Ukrainakoa. Duela urtea, urriaren zazpian, Hamas mugimenduak 1400 bat israeldar erahil zituen, gehixenak zibilak, beste andana bat bahituz gainera. Geroztik Israelgo armadak Gaza xehatzen du. Genozidio hitza ez da entzun gura, baina hola segituz, hori da bideratzen ari dena, eta Zisjordanian israeldar gobernuak daraman kolonizazio bortitza ere denborarekin horretara doa.
Bestalde Ukrainako gerlak, Krimea eta Donbasen duela hamar urte hasi zela ahantziz, bete-betean bi urte eta erdiak gainditurik, gelditzera joateko itxurarik ez du, eta gu ere zeiharka horretan sartuak gaude.
Kirola maite dugunek aste zenbaitez kezkak ahantzi ditugu Parisko Joko Olinpikoei so. Orain jende askorentzat urte berri bat hasten da. Beraz urte berri on!