Txakurra platerean?
Guk Le Monden ikusi dugu, baina egunkari gehienetan dator notizia: Zhuang etniakoentzat ez dago ezer txakur eta katu haragia baino hoberik, batez ere, udako solstizioarekin batera jaten bada: urte guztirako osasuna eta zoriona lortzen dute horrela.
Aurten ekainaren 22an egokitzen da eta Yulin izeneko hirian egingo den jaialdian, milaka lagunek jango dute halako okela litxi eta alkoholaz lagundurik. Horregatik egunotan nonahi dago mauka abereak erosteko, osorik edo zatitan.
Kaleetan, merkatuetan, dendetan… nonahi ikus daitezke abereak kaioletan. Bertan hiltzen dituzte, erosleen aitzinean, gehienetan makilkadaka. Ondoren kakoetan zintzilikatzen dituzte, erosleek gogoenak aukera ditzaten.
2013 eta 2014ko jaialdietan, iskanbila handiak izan ziren tradizioari eutsi nahi ziotenen eta animalien defendatzaileen artean. Eta ez da txantxa: 7 milioi biztanleko hiria da Yulin.
Agintariek diote jaialdia ez dela gauza ofiziala eta funtzionariei debekatu egin dietela era pertsonalean bada ere parte hartzea. Jatetetxeei “txakur okela” ez iragartzeko eskatu dietela, baina gauzak dauden daudenean, jaialdia egin egingo da: bihar hasita, beste bi egunetan zehar jango dute Yulinen txakur eta katu okela, mila eratan prestatuta.
Ofizialki 10.000txakur eta 4.000 katutik gora akabatuko omen dituzte, baina DuoDuo Animal Welfare Project (DDAWP) eta antzeko abereen defentsarako elkarteek beste datu bat darabilte: 40.000 txakur eta 10.000 katu.
Ingelesez dagoen bideo honetan dituzu elkarte honek argitaratutako irudi batzuk, baina kasu, zenbait gordinegiak gertatuko zaizkizu eta.
Galdera bat nahi nuke egin, hala ere
Bai, badakit izugarria egiten zaigula hau guztia, baina karramarroak jaten ditugu hemen, eta ostrak eta txirlak bizirik limoi tanto batzuez kizkurturik, eta untxi, oilasko eta indioilarrak ere bai, zeruan hegan doazen hegaztiak tiroka bota ondoren, ahotik amuan tatarrazka ateratzen ditugun arraintxoak, karakolei ez diegu ihes egiten uzten… Duela gutxi arte, trikuak, katagorri, muxar, erbi eta astakumeak jaten genituen, lur azalean, airean edo uretan mugitzen zen ia zernahi, satorrak izan ezik. Ala, satorrak ere bai?
Putzuetako izkirak jaten ditugu bizirik, lanpernak bezalaxe, aingirak azala kendu eta mugitzen diren bitartean frijitzen ditugu gurinetan, otarrain eta antzekoak ur irakinetan sartzen, oilarrei ttak mozten diegu lepoa, antzarei neurririk gabe puztutako gibela osten, arrain finenen milioika arrautza ahosabaian zaizkigu lehertzen…
Gogoan dut behin Danimarkako itsas ertzean, karrakelak jaten ikusi gintuztenean, ia botaka hasi zirela bertakoak, higuinaren higuinez…
Ba ote gara nor inori deus esan eta ehunka urtetako ohiturak etenarazteko?
Irakurri: https://en.wikipedia.org/wiki/Dog_meat
Eta bereziki: https://en.wikipedia.org/wiki/Nureongi