Turista itsuak

Turista itsuak –

“Geure buruak zuritzeko orduan, hitzen malabarista apartak gara”, onartu du Alean Mikel Ayllonek, turistak baino bidaiariak garela diogunean.

Turista itsuak

Egongo da ukatuko duenik. Kontra egingo didanik. Bera ez, bera ez dela turista. Bera bidaiaria dela. Turistarik gabeko hondartzen bila ibiltzen dela (turistentzako gidetan gomendatzen dituzte onenak). Inor ez doan herrixketara joaten dela (eta ustekabean bezala topo egiten dute han bidaiari guztiek). Bertako kulturaz blaitzeko, tokiko jendearekin hitz eta pitz aritzen dela (taxilariekin, dendariekin, hoteleko harreragilearekin…). Zernahi. Beti dago norbait usteko duena motxila bizkarreratzen duen aldiro, Che Guevara bihurtzen dela.

Geure buruak zuritzeko orduan, hitzen malabarista apartak gara. Beharrezkoa bada, Sierra Maestrara igo, trintxerarik sakonena egin eta tiroka hasiko gara bertatik, inork deklaratu ez duen eta irabazi ezin dugun gerra ergel baten erdian. Zenbat bala alferrik galduta. Zenbat indar xahututa kaka esplikatzen. Horren erdia inbertituko bagenu agerikoa onartzen eta arazoari konponbidea bilatzen, beste kuku batek joko liguke.

Beste kuku iraultzaile batek, Leninek, gaztigatu zigun inperialismoa dela kapitalismoaren fase gorena. Opor garaian gaudenez, eta bareago eta alaiago egotea derrigorra denez, utziko didazue hariari tira egiten eta begien bistako boutadea botatzen: turismoa da inperialismoaren fase gorena. Hegazkinak dira gure nao berriak; gida turistikoak, gure bibliak.

Zorionez, ikusi nahi ez duen itsua besterik ez gara. Bada esperantzarik.

Turista itsuak

Sarean, han eta hemen argitaratzen direnak harrapatzen, zeure interesekoak direlakoan.