Tunisiako iraultzaren lehen irakaspenak
Mohamed Bouazizen heriotzak bere antzeko egoera desesperatuan dauden milaka gazteren protestak ekarri zituen. Eta azkenik, Zine Abidine Ben Ali presidenteak Tunisia laga beharra izan du. Icerbergaren punta izan da Bouazizen heriotzak ekarri duen haserrea, ados, baina martiri baten ekintzak hogei urtetik gora karguan zeramatzan presidente autokrata herrialdetik bota du.
Irakaspen handiak ematen ari da Tunisiako iraultza, egun gutxian. Hemen irakurri diogu Pascal Boniface politologoari honako hau: “Magrebeko gaztedia globalizatuak jada ez du onartzen terrorismoaren eta muturreko islamismoaren aurkako borrokaren izenean bere askatasunak mugatzea”. Eta kalera atera da. Eta herrialde osoa xake egoeran jarri du gazteriak, herrialdea hauteskunde “demokratiko” batzuetara behartuz, nazioartea bertaratuz.
Abenduaren 16an bere buruari su eman zion gaztea, urtarrilaren 6an zendu zen. Protestak ikasleen eta komertzianteen artean hasi ziren, Interneteko sare sozialen bidez antolatuz. Langabezia, estatu-ustelkeria eta askatasun nahia izan dira protesten kexa eta aldarrikapen. Protestak hain handiak izan ziren, ezen Ben Alik astebeteren buruan egin zituela lehen erreformak. Baina ez zen aski.
Hamar egunerako Ben Alik Tunisia utzi beharra izan du, eta epaitegi Konstituziogileek “definitiboki” boterea kendu diote Ben Aliri, eta hauteskundeak iragarri dituzte 60 egunen buruan. Bitartean, Fued Mebazaa legebiltzarreko presidentea izango da herrialdeko presidente.
Eta nazioartean zer?
Ezin ahantzi, gaur autokrata edota diktadoretzat hartzen den Ben Ali Munduko Diru Funtsaren aliatu maitatua dela, eta Europako Batasunaren sozio estimatua. Orain AEBk, EBk eta NBEk “prozesu demokratiko baketsuaren alde” komunikatua atera dute. Orain diote euren “babesa eta errekonozimendua” erakutsi nahi diotela herri tunisiarrari “eta bere nahi demokratikoei, modu baketsuan lortu behar direnak”.
Tunisiako iraultzatik Marokok, Argeliak, Egiptok eta Magreb osoak zer ikasia dutela diote behin eta berriz komunikabideek, baina gorago ere, Europan kasu, badugu zereginik, nik uste.
Argazkilari bat hil du Tunisiako poliziak. Bere lana egiten ari zen prentsa-argazkilari frantsesa, manifestazio batean. Alegia, arriskuan besteok informazioa jaso dezagun. Lucas Mebrouk Dolega, ohore zuri.