Tristan, aitzindari ahantzia
Tristan, aitzindari ahantzia –
Flora Tristan 1844ko azaroaren 14an hil zen Bordelen. 41 urte eskaz eman zituen bizirik behin bere biografia eta sormena ezagututa gezurra dirudien arren. Autodidakta, idazle eta pentsalaria, kemenez beteriko emakume honek sozialismoa, feminismoa eta internazionalismoa zituen erregai. Bizitzak, edo hobe esanda, garaiko legedia burgesak, emango zizkion kolpeak jaso ez bakarrik, idei bihurtu eta errealitatea eraldatzeko erabili zituen liseriketa prozesu miresgarri baten ostean.
Florak 4 urte zituela zendu zen bere aita, jatorri peruarra zuen militarra. Ordurarte aita, ama eta hirurak eroso bizi ziren. Gurasoak Bilbon omen zeunden ezkonduak baina garaiko Frantziako legediak ez zuen berau ontzat eman eta burokraziak alaba bastart bihurtu zuen. Ama eta alaba oinorde gabe geratu eta Pariseko auzo baztertu batean biziraun zuten. Nerabe zela hasi zen lanean Tristan litografia tailer batean. Nagusiak bortxatuko zuen eta bere amak berarekin ezkontzera derrigortu. 22 urte zituela eta bere hirugarren haurdunaldian etxetik ihes egin zuen bere erasotzailetik urrun. Bere senarrak Flora bortxatzearekin nahikoa ez eta bion alaba zena ere bortxatuko zuen. Maitasun kontuetan badirudi ez zuela haragizko harreman gehiagorik izango, gutxienez beste gizonezko batekin. Aldiz oso harreman estuak izan omen zituen emakume batzuekin, Floraren hitzetan “neure arima beste arima batez jabetu da bere zorroa kontutan hartu gabe”. Distiraz astintzen ditu ere heteropatriarkatuaren oinarri ankerrak ekinaren ekinez.
Aitaren familiaren sustrai eta babes bila abiatu zen itsasontziz Peruraino alferrik. Itzuleran Europatik ugari bidaiatuko zuen famili aberats batean giltzazain zegoela. Bidai horiek ulertaraziko zioten langileriaren eta emakumearen esplotazioa berdina zela nonahi. Are gehiago, zapalkuntza biak uztartu eta feminismo sozialistaren aintzindaria bihurtuko zen ezinbestean. “Langilea baino zapalduago dagoen norbait oraindik ere badago, langilearen emaztea” zioen tinko. Trebeziaz laburbilduko zuen funtsa: “emakumea da proletarioaren proletarioa” esaldi zorrotzean.
Eskarmentu eta behaketa bitartez ereindako gogoeta iraultzaileak tentuz irudikatu zituen 1843an ‘Langile batasuna’ (La union obrera) liburuan, Marx eta Engelsen Alderdi Komunistaren Manifesturako lauzpabost urte falta zirelarik. Liburua argitaratzeko izan zituen oztopoak gainditzeko, gaur egun crowdfunding bat deituko genukena jarri zuen martxan, behar zuen diru guztia lortu arte. “Langileok, zatikatuta zudetelako zarete ahul eta zorigaiztoko. Batu zaitezte. Batasunak ematen baitu indarra” idatzi zuen grinez.
Liburua argitaratu eta urtebetara zendu zen Flora. Urte batzuk aurretik bere senarra zenaren eskopetaren tiroak lortu ez zuena erdietsi zuen sukar tifoideak. Gorputz gaztearen heriotza patu saihestezin bazuen ere bere ideien desagertzea ez zen derrigorra. Deigarria berriz bere aipu eta erreferentzia eskasia. Tori pista: hildako gorpua, gazteaz gain, gorriegia eta emakumezkoa ere bazen. Ikusezinak batzuentzat, Tristan eta beste askoren izen propioak aldarrikatzea komeni, ez banakako miresmen gisa, jakituria kolektiboaren izenean baizik. Oroimena zor diegulako, jakintza premia delako, garaipena merezi dugulako.