Trantsiziorik gabeko ekologia

Trantsiziorik gabeko ekologia –

“Désobéissance écolo Paris. Ecologie sans transition” liburuaren hitzaurrearen itzulpena, frantsesetik.

Hitzaurrea

Bada ingurugiro bizidunetan bizitzeko eta horiek defendatzeko artea den ekologia bat, eta bada beste ekologia bat naturaren eta gizarteen gobernu gisa aurkezten dena. Ez dira bateragarriak. Liburu honen helburua da ekologia kontzeptu gisa definitzeak dakarren gudu-eremua berriro zabaltzea. Ekologia definitzeko bigarren modu hori bizitzen ari garen suntsipenari lotuta dauden indar sozial dominanteen esku utzi da. Kontu ekologikoaren inguruan eraikitzen ari den batasun sakratua hausten ari garela onartu behar dugu. Pantaila guztietan basoak erretzen ikusten ari garen garai hau, birus batek gobernuak ekonomia ixtera behartzen dituena, barrikadaren alde bat aukeratu eta haustura-lerroak kontuan hartzeko unea da.

 

Trantsiziorik gabeko ekologia

Ekologian IPCCren (Klima Aldaketari buruzko Gobernu Arteko Adituen Taldea) txostenen hedapenarekin, komunikabideetako adituen eta eguneroko bizitzaren diziplina txikien bitartez formatutako belaunaldikoak garenok, erresistentzia ekologikoaren historia luzea berpiztu nahi dugu, komunalen aldeko borroketatik hasi eta ZADetara arte. Jada ez dugu nahi etsairik ez duen eta mundu guztiari eskua ematen dion ekologiarik nahi.

Amalurrak amiltzen jarraitzen duen bitartean, ez dugu keinu-ekologiko hutsalak, urrats txikiak eta martxa handiak biltzen dituen komedia handi honetan parte hartzen jarraitu nahi.

Beraz, gure ekologiak ingurugiro biziak defendatzen dituela adierazten dugu, suntsiketa borrokatzen du, eta guzti hori trantsiziorik gabe. XIX. mendearen amaieran, naturaren ekonomia izendatzeko ekologia kontzeptua sortu zenean, mesologia kontzeptuarekin lehiatzen zen, hitzez hitz “ingurumenen zientzia” esan nahi duena. Gure ekologia definitzeko ingurugiroaren kontzeptura itzultzea nahiago badugu, ingurumena eta natura kudeatu beharreko objektuak bezala definitzen dituztelako da. Ingurumena urruneko zerbait da, bizi diren subjektuengandik arrotza eta desberdina; natura beti gizagabetzat, hustzat, jenderik gabekotzat jotzen duena. Natura eta ingurumena: kasurik onenean kudeatu egiten dira, baina ez da inoiz horietan bizitzen. Ingurugiroak, aldiz, ez du bereizten elkarrekin lotuta dagoena: bertan bizi eta garatzen diren izakien lotura. Bizi-kalitatea, atxikimenduak, mendekotasunak eta bertan gertatzen diren gatazkak dira ingurugiro bat bizirik dagoela definitzen dutenak. Bizi-kalitate hori ezin da karbono-aztarnari dagokionez neurtu. Aitzitik, ingurugiro batean bizitzaz betetako etxe batean, hezegune batean, auzo batean, baso batean edo herrialde batean bizitzearen esperientzian esperimentatzen da. Horregatik, gure ekologia ezin da zenbatu eta ez ditu bere lehentasunak adierazle zientifikoen arabera soilik ezartzen. Ez du zentzurik biodibertsitatean aberatsa den planeta deskarbonizatu batean bizitzeak, baldin eta gure askatasunak kentzen badizkigute, kontrolatu eta errazionatzen bagaituzte. Ingurugiro bizietako ekologia batek mundua bizigaitz eta gozakaitz bihurtzen duen guztiaren aurka borrokatzen du, eta beraz, lehenik eta behin, inofentsiboak bihurtu nahi gaituen moral ekologikoaren aurka borrokatzen du.

Kontua borroka ofentsiboak badira, suntsipen ekologikoa martxan dagoelako da. Krisi bat aldi baterako da. Kolapso bat, katastrofe bat, hondamendi bat gertaera inpertsonalak dira, giza kausa identifikagarririk gabekoak, eta gure eskumenetik kanpo gure gainera erortzen direla diruditenak. Aldiz, suntsipena prozesu bat da, aktiboa, oldarkorra, subjektu identifikagarri batek bultzatua. Azpimarratzeko modukoa da jarduera suntsitzaile batean ekonomia kapitalistaren eta ingurugiro bizian dituen ondorio kaltegarrien arteko lotura. Horregatik nahiago dugu suntsipenaren termino hau beste guztiak baino.

Etorkizunean katastrofe bat espero duten ekologistek ez bezala, guk iraganean kokatzen dugu suntsipenaren funtsa. Suntsipenak munduan duen hedapena, artifizializaturiko eremu geroz eta handiagoen bitartez neur daiteke: Autobideak, portu eta aireportu erraldoiak, industria eta merkataritza-guneak, presak, zentral nuklearrak, energia-sareak, monolaborantzak eta hiri-hedapena. Ingurumen bereziki etsaiak dira bizitzarako, baina oso errentagarriak balorizaziorako.

Liburu hau amaitzen ari garen unean, ingurumen hori, ekonomia globalizatuarena, Covid-19aren hedapenaren bektorea da. Badakigu pandemiak ugaritu egin direla azken urteotan habitat naturalen suntsipenaren, haztegietako animalien homogeneotasun genetikoaren eta ekonomiaren globalizazioaren ondorioz. Beraz, gure gizarteek pandemiekiko duten zaurgarritasuna ez da birusaren ondorio, giza arrazoien ondorio baizik. Hainbat hamarkadatan, gobernuek austeritate politikak aplikatu dituzte, “baliabide naturalen” erauzketa areagotu dituzte eta kontrol-teknologiak eta indar polizialak findu dituzte. Hori guztia ingurugiro bizia suntsitzen duen ekonomiari eusteko. Ikara eta isolamendu-aldi horrek erakusten du premiazkoa dela suntsipenaren azpiegiturak eraldatu edo desegiteko moduak ikertzea, bizi-baldintza berriak garatu ahal izateko.

Oraintxe bertan, hau da, trantsiziorik gabe. Horrekin ez dugu berehalakoan esan nahi, kapritxo bat balitz bezala. Badakigu bidea luzea, zaila eta oztopoz betea izango dela. Baina premiazkoa iruditzen zaigu gure gorputzak atxilotzen dituzten ideia batzuk alde batera uztea, lehenik eta behin trantsizio ekologikoarena, arduradun ekonomiko eta politikoengandik espero genuena. Agintariak jakitun dira azken berrogeita hamar urteotan izan diren arrisku ekologikoez, baina ez dute ezer egin. Horrek nahikoa izan beharko luke erakusteko arazoa ez dela “erabaki ausarten” edo “borondate politikoaren” gabezia. Gobernuak eta enpresa handiak gu bezain trabatuta daude, arazoaren parte direlako. Baina gu ez gaude haiek dauden modu berean trabatuta: Haien munduaren bitartez, erregai fosilen, automobilaren eta orain mendeko egin gaituzten mundu digitalaren inguruan ezarri dituzten ekonomia eta sistema sozialen bitartez gaude trabatuta. Hala ere, badugu ziabogarako tartea, baldin eta kolektiboki murrizten joatea lortzen badugu planeta suntsitzen ari denarekiko mendekotasuna. Horregatik, trantsiziorik gabeko ekologia haustura ekologia bat da: Gure mendekotasun suntsitzaileenekin haustea da helburua, ekintza kolektiboen, elkartasunaren eta matxinadaren bitartez. Haustura, suntsipenaren hedapena ahalik eta azkarren gelditzeko, eta haustura, bidea garbi izan eta munduaren geure erabilera propioak taxutu ahal izateko.

Liburu honetan gure sorbalden gainean dagoen moral ekologikotik aldentzen saiatuko gara, mundu honetako botere-harremanak, gizarte-asimetriak eta biolentzia ezkutatzen baititu. Moral horren arabera aurkezten zaigu ekologia egunero, keinu txikiak eskatzen zaizkigun bakoitzean edo gobernua urrats txikiez harrotzen den bakoitzean, errua indibidualizatzen den bakoitzean eta zientziaren heroiak ospatzen diren bakoitzean. Ekologia sentibera, herrikoia eta ofentsiboa eraiki nahi dugu, konbentzitu ez ezik jendeari gogoa piztuko diona. Horrek moral hori alde batera uztea eskatzen du, estrategia politiko luzea sortu ahal izateko. Horregatik, gure bigarren urratsa ekologia instrumentalizatzen duten etsaien indarrak identifikatzea da, baita suntsipen mota ezberdinen aurkako aliantzak agerian uztea ere: kapitalista, koloniala eta patriarkala. Gure hitzetatik ondorio estrategikoak ateratzen ditugu, benetako eta amestutako arrastoak iradokitzen ditugu, oraina ortzi-muga amankomun batean bizitzeko nahia berpizteko. Geure buruarengandik baizik ez dugu espero, ekimen eta borroka ekologikoetan eratzen jakingo duten “gu” horiengandik.

 


ASTEBURU HONETAN EKOTOPAKETAK PORTUGALETEN

Trantsiziorik gabeko ekologia

Trantsiziorik gabeko ekologia  Trantsiziorik gabeko ekologia  Trantsiziorik gabeko ekologia 

Trantsiziorik gabeko ekologia  Trantsiziorik gabeko ekologia