Syrizak nola atera nahi du Grezia zulotik?

Garai beltzak bizi ditu Greziak “erreskatatu” zutenetik. “Beltzezko gizonek” eskua sartu eta estatu helenikoaren soberania ekonomikoa ezerezean utzi zuten, bertako hiritarren eskubideak zanpatuz. Lur jota. Animoak bero, herria haserre, maiatzeko hauteskundeek utzitako nahastearen ostean, igandean berriz errepikatuko dira bozak. Hona hemen Syriza, bigarren indarrak, Grezia zulotik ateratzeko aurkeztu duen 40 puntuko programa.

Syriza alderdiaren programa politikoa

 

1. Zor publikoaren kontu-ikusketa bat egin. Zorren kitatzea berriz negoziatu eta ordainketak bertan behera utzi, ekonomia berpiztu eta enplegua eta hazkuntza itzuli arte.

2. Europar Batasunari EBZren papela aldatzea exijitu, zuzenean Estatuak eta inbertsio publikoko programak finantzatu ditzan.

3. 500.000 eurotik gora irabazten dutenei, errentaren gaineko zerga %75 igo.

4. Hauteskunde legea aldatu, parlamentuko ordezkaritza zinez proportzionala izan dadin.

5. Enpresa handiei elkarteen gaineko zerga igo, gutxienez, Europako batez bestekoraino.

6. Salerosketa finatzieroen eta luxuzko produktuen gaineko zerga bereziak ezarri.

7. Swapak eta CDSak bezalako finantza deribatu espekulatiboak debekatu.

8. Elizak eta ontziolek dituzten zerga-pribilegioak deuseztatu.

9. Banku-sekretuari eta kapital-ihesari aurre egin.

10. Gastu militarra jeitsi.

11. Gutxieneko soldata mozketak hasi aurreko mailara ekarri (751€ gordin hilero)

12. Gobernuaren, Elizaren eta bankuen eraikinak erabili etxerik gabe geratu diren pertsonei ostatu emateko.

13. Eskola publikoetan jangelak jarri, haurrek egunero doan gosaldu eta bazkaltzeko.

14. Doako osasun zerbitzuak jarri kale gorrian daudenentzat, langabetuentzat edo diru sarrera nahikorik ez dutenentzat.

15. Hipoteka ordaindu ezin duten familiei, hauen diru-sarreren %30 bitarteko laguntzak eman.

16. Langabetuentzako laguntzak igo. Babes soziala handitu diru sarreratik ez duten familiei, ezinduei, zaharrei eta guraso bakarreko familiei.

17. Oinarrizko produktuei zerga-presioa jaitsi.

18. Bankuen nazionalizazioa.

19. Herrialdearen hazkundearentzat estrategikoak diren enpresak, lehen publikoak zirenak, nazionalizatu. (Trenbideak, aireportuak, posta zerbitzua, ura…).

20. Energia berriztagarrien eta ingurumena zaintzearen aldeko apustua.

21. Soldata berdintasuna emakume eta gizonentzat.

22. Aldi baterako kontratuen kateatzea mugatu, eta mugagabeko kontratuen alde egin.

23. Aldi baterako langileen soldata eta lan babesa handitu.

24. Lan hitzarmen kolektiboak berreskuratu.

25. Lan ikuskaritzak areagotu eta deialdi publikoetan parte hartzen duten enpresen gutxiengo lan baldintzak hobetu.

26. Konstituzioa aldatu, estatuaren eta elizaren arteko banaketa, hezkuntzarako eta osasunerako eskubidea, eta ingurumenaren babesa bermatzeko.

27. Europako Ituna, beste akordio garrantzitsuak bezala, erreferendun lotesle bitartez onartu edo baztertu.

28. Abantaila parlamentario guztien abolizioa. Gobernuko kideak epaitegi arruntetan epaitzeko bideak zabaldu, ministroek duten lege-babes berezia ezabatuz.

29. Kostako guardiak desmilitarizatu eta poliziaren indar bereziak desegin. Manifestazioetan eta mitinetan kalez jantzitako poliziak eta polizia armatuak egotea debekatu. Polizien hezkuntza sistema aldatu, gai sozialak, inmigrazioa, drogak eta bazterketa soziala hobesteko.

30. Etorkinen atxilotze guneetan giza eskubideak errespetatuko direla bermatu.

31. Etorkinei familia batzen lagundu. Etorkin guztiei, paperik ez izanda ere, osasun eta hezkuntza zerbitzuak bermatu.

32. Drogen kontsumoa despenalizatu, trafikoa soilik zigortuz. Desintoxikazio-zentroetarako funtsak handitu.

33. Soldadutzan kontzientzia-eragozpena arautu.

34. Osasun publikorako funtsa handitu, EBko beste estatuen mailara iritsi arte (Europaren batez bestekoa BPGaren %6an dago. Greziarena %3an).

35. Osasun sistematik ordainketa oro errefusatu (“Copago” famatua).

36. Ospitale pribatuak nazionalizatu. Osasun sistema publikoan eskuhartze pribatu oro deuseztatu.

37. Afganistan eta Balkanetatik tropa greziarrak atera. Soldadurik ez Greziako mugetatik at.

38. Israelekin sinatutako elkarlan militarrerako akordioak bertan behera utzi. 1967ko mugen barnean Palestinako estatu baten sortzea babestu.

39. Turkiarekin akordio orekatu bat negoziatu.

40. Grezian atzerriko base militar guztiak itxi eta NATOtik atera.

Ezkerreko alderdi greziarrak aurkeztutako 40 puntuok irakurri ostean ez al zaizu iruditzen, hain justu, gu kontrako norabidean goazela? Ez al gara ari Greziaren pausuak jarraitzen? 
Hona hemen igandeko hauteskundeen garrantziaz ohartzeko Madrilonia web orriak argitaratu 10 klabeak.

ZuZeuko erredakzioko kazetariak eta editoreak gara.