Suzko mezua
Suzko mezua –
Gorka Bereziartuak Argia aldizkariko Boligrafo Gorrian.
Aaron Bushnell zuen izena, 25 urte, militar aktiboa AEBetako armadan. Otsailaren 25ean, Israelek Washingtonen daukan enbaxadarantz oinez hasi zen bere uniformea jantzita. Mugikorrarekin zuzenean transmititu zuen bere mezua. “Estatu Batuetako Aire Armadako kidea naiz, eta ez naiz genozidioaren konplize izango. Muturreko protesta-ekintza batean parte hartzear nago, baina jendea Palestinan beren kolonizatzaileen eskuetan bizitzen aritu denarekin alderatuta, ez da inola ere muturrekoa. Gure agintari-klaseak erabaki du hau izango dela normala”.
Telefonoa lurrean zutik jarri zuen, egitear zegoenari begira. Eta bere buruari su eman zion enbaxadaren atarian, “Palestina askatu” oihukatzen zuen bitartean. Bideoan ikusten denez, gorputza kiskaltzen ari zitzaion bitartean AEBetako zerbitzu sekretuetako kide batek pistolaz apuntatu zion, lurrean etzateko agindu bitartean. Egoera hobeto ulertu zuen beste polizia batek: “Ez dut pistolarik behar, su-itzalgailuak behar ditut” entzuten zaio oihuka.
Denetik esan da prentsan honezkero Bushnellen immolazioaz eta, noski, leku ugaritan jarri da zalantzan haren osasun mentala. Pertsonalki, ez nau harritu. Ez gazte estatubatuarrak arazo psikologikoak zeuzkala uste dudalako, beste zerbaitengatik baizik: munduaren alde honetan –herrialde aberatsak, Mendebaldea, zentro kapitalista: deitu nahi duzuen moduan–, pentsatu litekeenaren mugatik harago daude horrelako ekintzak. Gehienoi izugarri kostatzen zaigu kausa publiko batean engaiatzea bizitza jokoan jartzeraino.
Kasu konkretu honetan, balirudike gure minimo etikoen bozeramaileak zera xuxurlatzen digula belarrira: “Ados, milaka palestinar sarraskitzen ari dira gure muturren aurrean, baina motel, ez hartu hain serio”. Badakigu, baina ez dugu jakin nahi; eta ez dugunez jakin nahi, jakingo ez bagenu bezala jokatzen dugu. Eta norbaitek irudi krudelen aurrean scroll egin ordez gauzak hain serio hartzen dituenean, ezin dugu onartu ekintzaren interpelazio inplizitua –“eta zu zer ari zara egiten?”–.
Saihesbideren bat bilatzen dugu. Prentsak erruz eskaintzen dizkigu: osasun mentalaren kontua aipatu ez duenak, Bushnellen haurtzaroan aurkitu du materiala –sekta erlijioso batean hazi zen– edo haren ideologian –anarkista zen–. Kurioski, horrelako kontuen berri eman diguten pieza informatiboetan ez da loturarik bilatu gradu horretako autobiolentziaren eta gaztearen karrera militarraren artean, nahiz eta bere buruari su eman aurretik egindako adierazpenak horretarako aukera ematen duen.
Asko eztabaidatu liteke horrelako ekintza baten eraginkortasun politikoaz ere. Baina ez dakit merezi duen, izan ere, alde horretatik begiratuz gero, ezerk ez du balio, antza denez, palestinarren aurkako herio-makineria geldiarazteko; beraz, nekez izango da baliagarria zerbait, edozer dela ere. Ez, genozidioa ez da bukatuko ekintza suizida batengatik. Baina nire ustez, pitzadura bat eragin du. Han hiltzen ari den jendearen lagin txiki bat hemen jarri du Bushnellek. Eta eszenografia aldatze hutsak agerian utzi du bizi garen antzerki hau zein hauskorra izan daitekeen.