Ez da hau, adiskideok

Ez da hau, adiskideok –

Ez da hau, adiskideok, euskaldunon etxea, aspaldi agindu zitzaiguna. Estres batean bizi gara egunero gure etxe, kale, taberna eta inguruetan. Ezin geurean aritu, ezin euskaraz bizi euskal herrietan. “¡En castellano!”, edo “¡En français s`il vous plaît!”. Ez dute ulertu nahi “kafe bat” eskatzen duzunean, atzamarrez bat seinalatuz ere ezin dute ulertu, nonbait. Hogei urtez herriko kontsultan dagoen medikuak ez daki euskara eta ez du ikasteko asmorik. Zertarako?

Ez da hau, adiskideok
Arg: PDPics

Ez da horrela, jaun-andreok. Parlamentu eta gobernu anitzetan luze diharduzuenok agindu zeniguten: “Euskara, Euskal Herriaren berezko hizkuntza, gaztelania bezala, hizkuntza ofiziala izango da Euskadin, eta bertako biztanle guztiek dute bi hizkuntzak ezagutzeko eta erabiltzeko eskubidea”. Zuen legea da hau, eta ez naiz orain sartuko “Euskal Herria” eta “Euskadi” oinarrizko nortasun kontzeptu horien artean egiten duzuen erabilera maltzurra aztertzera, baina gure hizkuntzari eta gaztelerari buruz hor agertzen duzuena, gaur egun, amarru iluna eta gezur borobila da. Amarrua, zeren esaten duzuena esanda ere, ezkutatu egin duzue printzipala: gazteleraren edo espainieraren ezagutza derrigortu egin duzuela lege, agindu, epaile eta zigor astunen bitartez Hego Euskal Herri osoan (beste horrenbeste frantsesa Ipar Euskal Herrian). Eta gezurra, zeren zuek “Euskadi” deitu nahi duzuen bertsio murriztuan bertan ere ez baitugu euskaldunok euskara erabiltzeko eskubiderik ez aukerarik. Zuek gobernatzen duzuen eremu honetan, itolarrian eta ozta-ozta bizi gara euskara eta euskaldunok.

Nola konponduko dugu hau guztia? Badira gure artean “erdaldun taktikoak” dei genitzakeenak. Erdara behin-behinean erabiltzea proposatzen digute, era horretan apurka-apurka elebakarrak konbentzitzeko elebidun bihur daitezen, eta orduan, bigarren jauzian, guztiok erdaretatik euskarara aldatu eta kito!, denok euskaldun.

Mende erdi egingo dugu laster, eta hemen “elebidun” bakarrak gu geu gara, eta elebakar erdaldun bihurtzeko trantzean jartzen gaituzte egunero

Baina mende erdi egingo dugu laster, eta hemen “elebidun” bakarrak gu geu gara, eta elebakar erdaldun bihurtzeko trantzean jartzen gaituzte egunero. Porrota, beraz.

Baina hori nabarmendu denean, diskurtsoa berritu egin dute: badaezpadako soziologoak kontratatu dituzte, eta arlo akademiko-zientifikoaren eraztun eta bitolak jarrita, esaten digute orain ez garela egoskor jarri behar “esentzialismo identitarioan”, azken finean euskara ez dela horren garrantzitsua, “multikultural” (?) bihurtzeak baduela bere xarma, eta beste hainbat arazo daudela euskararen gainetik, hala nola “ongizate estatu demokratikoa”, arrisku bizian ikusten dutena. Azken horrek gogora ekartzen digu tentelentzako lelo hura: “Zer duzu nahiago, mediku ona ala mediku euskalduna?”. Soziologiak ez du oso aurrera egin gurean, nonbait.

Zer bide hartu behar dugu, orduan? Esperientziak eta zientziak erakusten digutena. Dagoeneko, bietatik ikasi baitugu nahikoa. Praktikan jartzea besterik ez zaigu falta. Euskaldunok badugu horretarako “masa kritiko” nahikoa, esan ohi den moduan. Kualifikatua, eta kuantifikatua. Bagara nor, bagara non, bagara zenbat. Elkartu, eragin, ekin behar dugu. Ez dugu gazteleraz edo frantsesez aritzeko obligaziorik. Euskaraz aritzeko aukeraz baliatu behar dugu nonahi. Euskara erabiltzeko gai bagara, ez erabili erdara. Euskara ez dakienak ikasteko premia senti dezala. Eta bertoko agintariei, hautagaiei, arduradunei agindu euskaraz bizitzeko baldintza osoak indarrean jar ditzatela. Euskal kulturaren polisistema osoan, komunikabide publikoetan, hiri eta herrietako paisaia publiko eta pribatuetan, administrazioan, bizitzaren arlo guztietan. Euskara Euskal Herri osoaren berezko hizkuntza bakarra dugulako.

ARGIAn argitaratua

Ez da hau, adiskideok  Ez da hau, adiskideok

Zer duzu buruan “Ez da hau, adiskideok”-ri buruz

  • Benat Castorene 2024-03-07 15:18

    Orokorrean ados ginateke.
    Problema da “masa kritiko” nahikoa galdu dugun eskualdeetan. .
    Ez dugula “gazteleraz edo frantsesez aritzeko obligaziorik”?
    “Euskara ez dakienak ikasteko premia senti dezala”?
    Zenbat eta euskaldunen dentsitatea tipiagoa, orduan eta hori gutiago egia.
    Eskualde horietan Ideia horretatik hurbiltzeko beste urrats bat egitekoa da.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude