Surrealismoa

Surrealismoa –

Espainiak ekarpen handiak egin izan dizkio historian zehar gizateriari; besteak beste; lanbasa, txupatxusa, inkisizioa, txerri-izurritea edota kontzentzazio eremua. Azken garaiotan, berriz, Espainiako jatorri izendapena duen asmakizuna ikusi du munduak, idazkuntza-genero berri bat: kazetaritza-surrealismoa. El Mundo Today moduko prentsa satirikoan jatorria duen genero hau ustezko prentsa seriora ere hedatu da, eta gero eta gehiago dira kontakizun estilo surrealista beretzat hartzen duten hedabide hegemonikoak. Fenomeno hau zertan den ulertzeko pasa den urriaren 21eko El Confidencial egunkari digitala irakurtzea besterik ez dugu.

Hedabidean Bartzelonan mamitzen ari zen herri matxinada aztertzen zuen artikulua argitaratu zuten. Informazio horren arabera, Kataluniako protestaldietako erreboltariak zesta-puntako “eskularruak” erabiltzen ari ziren poliziari harriak eta bestelako proiektilak jaurtitzeko (“eskularrua”, bai, halaxe deitzen zioten albistean zesta-puntako xisterari). Ezizenez sinatzen zuen ustezko kazetariak, gainera, azaltzen zuen aurkikuntza horrek agerian uzten duela Euskal Herritik etorritako matxinoen parte hartzea Bartzelonako istiluetan. Izan ere, haren esanetan, euskal jatorriko kale-borrokalari profesionalak izan dira zesta-puntaren tekniketan trebakuntza eman dietenak katalanei, Bartzelonako etxe okupatuetan antolatutako hiri-gerrillarako ikastaroetan. Astakeria handiago bat jarraitzen dio artikuluan astakeria bakoitzari. Egunen batean, kazetaritza-surrealismo generoko eredutzat aztertuko dute etorkizuneko kazetaritza fakultateetan, baldin eta etorkizunean kazetaritza fakultaterik badago.

Baina, albistearen egile anonimoak ez dakiena da nobela-itxurako kontakizunak asmatzen ere mediokrea dela; izan ere, xisteradun borrokalari jaurtitzaileen ideia ez da berria. Horren froga Sarako frontoian ikusgai dagoen oroitarria. Herriko plazako harlauzan Lehenengo eta Bigarren Mundu Gerran lubakietan nabarmendu ziren bi pilotari daude zizelkatuta, hurrenez hurren, Txikito de Kanbo eta Victor Ithurria. Lapurdiko semeek, nonbait, arerioak jaurtitako granadak xisteraz jaso eta atzera bueltatzen zizkieten; egun, ustez, Bartzelonako barrikadetan egiten duten bezala.

Espainian ustezko kazetaritza serioak gero eta itxura handiagoa hartzen dio nobela-kontakizunari, baina horretan ere kale egiten du. Kazetaritza sinesgarria izateko gehiegizko fantasia dauka; kontakizun literarioa izateko, aldiz, originaltasuna falta zaio; behinola lanbasaren edota txupatxusaren sortzaileek izan zuten originaltasuna.

Surrealismoa

Surrealismoa

Surrealismoa

BDZ mugimenduko kidea. Israelen aurkako Boikota, Desinbertsioak eta Zigorrak