Aske maite, aske bizi?

Aske maite, aske bizi? –

Ane Labaka Mayoz eta Malen Amenabar Larrañaga Txakur Gorriako kideek, Berria egunkarian.

Aske maite, aske bizi?
Malen Amenabar Larrañagak egindako irudia.

Beste gau batez errepikatu zait amets berbera eta inoiz baino errealagoa zirudien. Asaldatuta esnatu naiz goizaldean, bihotza irten beharrean taupaka, izerdi patsetan. Oholtzaren gainean nengoen, bakarrik. Eta jende uholde bat neukan aurrealdean adi, niri so. Bat-batean, hankadun mikrofonora hurbildu eta arroparik gabe nengoela ohartu naiz. Biluzik. Bi besoak astinduz, akrobaziak izatetik urrun samar zeuden mugimendu arraroak egin ditut gorputzeko gune sakratuenak ahalik eta azkarren estali nahian. Alu inguruko ileak lehenengo, ezkerreko besoarekin. Bularraldea ondoren, eskuinekoarekin. Kolore gorriko beroaldi batek zeharkatu dizkit bi masailak eta atze-oihalaren babespera egin dut ihes korrika bizian. Zaurgarri sentitu naiz, ahul, txiki. Oso txiki.

Egungo gizartean biluztasuna tabu gisa bizi dugula dioenari arrazoia emango niokeela pentsatu bitartean, bi irudi etorri zaizkit burura elkarren segidan.

Lehena duela bi urte ingurukoa da. Ozaetan izan zen, Garaion Sorgingunean egindako Euskal Herriko neska* gazteen udaleku feministetan. Lehenengo gaubelan Bertstxortan kolektibokoak irten ziren jendaurrera. Performancearen une batean astiro eta atalka biluztu zituzten elkarren gorputzak, norberarena eta kideenak txandakatuz. Transgresorea iruditu zitzaidan jendaurrean biluztearen ekintza sinple hura; iradokitzailea bezain apurtzailea, probokatzailea eta askatzailea. Deserosoa egin zitzaidala gogoratzen dut.

Bigarren irudia duela bi aste jaso nuen mugikorrean. Une bertsuan iritsi zitzaidan bideoa Whatsapp talde paraleloetara. Perspektiba ezberdinetatik grabatutako bideo haietan, gizon ospetsu bat agertzen zen oholtza gainean kantari, dena emanda. Estasi giro hura tarteko, ez nuen denbora asko behar izan kontzerturen bateko azken abestia izan zitekeela ondorioztatzeko. Desgogara ikusi nuen abeslariak nola erantzi zituen galtzontzilloak, kantu ezagunaren bukaerako akordeen laguntzaz. Gehiegizko euforia mugimendu zakar —eta, nire ustez, lizun— haien bidez, biluzik geratu zen publikoaren begiradapean. Aretoan bertan banengo une hura oso deserosoa egingo zitzaidala pentsatu dut gerora. Etxetik ikustea ere deserosoa egin zitzaidan, baina argi daukat ez naizela gorago aipatutako deserosotasun beraz ari.

Ohikoa dugun moduan, handik gutxira eratuta zeuden gimnasioko, tabernako nahiz sareetako hainbat eztabaida foro. Hala jazo ohi da segundo gutxiren buruan edozer biral bilakatzeko joera daukagun garaiotan. Gainera, bi egun igaro zirenean, sua haizatzeko moduko elkarrizketa bat egin zioten irratian bideoaren protagonistari, algara artean. Abeslariak momentuko ekintza hura testuingurutik atera eta zabaldu izana kritikatu zuen elkarrizketa hartan. Antzokietan gertatzen dena bertan geratu beharko omen litzateke, bere aburuz. Eta ados egon naiteke esandakoarekin, baina, aldi berean, belarriak jaitsita eman nion arrazoia hau aipatzearekin batera zerbait «ona» zabaltzen denean jende guztiak ikusi dezala nahi izaten dugula erantzun zidan lagunari.

Kasu honetan, ordea, nago testuinguruak ere ez lukeela ezer justifikatuko. Kontrara, egindakoarekin gustura geratu zela aitortu zuen abeslariak, eta 2100. urtean jada jendaurrean biluzteak ez lukeela hain harrigarria izan beharko ere gaineratu zuen, hitzez hitz.

Hain zuzen ere, «bakoitzak bere gorputzarekin nahi duena egin dezala» izan da bideoa hizpide hartutakoan gehien entzun dudan esaldietako bat. Nudismoari erreferentzia egin diote zenbaitek, eta ni larritu egin naiz oso arriskutsua irizten diodan argudiaketa modu hau entzutean.

Nire ustez, kasu honetan gakoa ez baita biluztu izana, nola biluzten den baizik. Galtzontzilloak eranzteko modua eta espazioa hartzeko jarrera egin zaizkigu askori deseroso. Honen harira, «testosterona gaindosia» irakurri nion norbaiti. «Gizon zuri famatuaren askatasun behar aseezina» gehitu zuen beste norbaitek. Agian, beste behin, antzeko jarrera —edo sofistikatuagoa— hartu ohi duten gizonak lasaitu egingo ziren pagaburu gisa beste norbait seinalatuta. Gizarteko kanon estetikoetatik behatuta ez —hain— normatibo edo desiragarri izan zitekeen gorputza errespetatzeko eskatzen idatzi zuen hirugarren batek. Zentzu honetan, nire inguruan apenas entzun nuen burla edo mespretxu kutsuko iruzkinik. Esango nuke eztabaidaren fokua behar zen lekura zuzentzen asmatu genuela. Oholtza gainean maskulinitatez borborka zegoen gizon bat ikusi genuen guk, ez-normatibotik baino normatibotik dezente gehiago zuena.

Horregatik eman nahi izan diot neure buruari ikusitakoak eta ondoren entzundakoek gorputzean sorrarazi dizkidatenak zutabe honetan biltzeko askatasuna. Jendaurrean nahi duena egiteko —kasu honetan biluzteko— zilegitasuna sentitu duena zein botere kuotatatik abiatu den azpimarratu nahi nuelako, eta, bide batez, zalantzan jarri nahi nuelako naturaltasuna eta askatasuna bezalako kontzeptu abstraktuak neurrigabekeriarekin lotzeak mesede egiten ote digun.

Dena ez baita zilegi «nahi dogunien eta nahi doguleko». Bizitza zoro honetan ere, zure askatasunak beste norbaitena mugatzen badu, askatasun izateari uzten dio.

Aske maite, aske bizi? Aske maite, aske bizi?

Salabardoa

Sarean, han eta hemen argitaratzen direnak harrapatzen ditut, gure interesekoak direlakoan.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude