Gure neke ikusezina

Gure neke ikusezina –

Honezkero euskaldun guztiok jakin izanen dugu zein nekeza den, hain zuzen ere, euskaldun izatea. Ez dut uste madarikazio horrek inor ezustean harrapatuko duenik. Aldiz, irudipena dut hagitz gutxitan ikusarazten diegula erdaldunei zer nolako lanak hartzen ditugun euskaldunok beraiek lasai-lasai bizi daitezen.

Gure neke ikusezinaKontua da atzo irakasle batek kontatu zidala azkenean erdaldunen aitzinean kexatu zela euskaldun bezala lan bikoitza egiteagatik. Hainbat hizkuntz eredu biltzen dituen ikastetxe bateko Koordinazio Pedagokikorako Batzordearen bilera batean izan zen. Bilera horiek astero egiten dituzte, eta bertan gertatzen eta erraten denaren akta txandaka hartzen dute. Bada, erdaldun bati tokatzen zaiolarik, gaztelaniaz idazten du akta. Baina euskaldun bati tokatzen zaiolarik, bi aldiz egin behar du lan bera, eta akta gaztelaniaz zein euskaraz idatzi.

Irakasleak kexa eman eta sortu zen eztabaida, noski. Eta ika-mika hartan askotariko iritzi-miritziak bota zituzten. Baina, nire ustez, erdaldun elebakar batek asmatu zuen arazoaren funtsa mahai-gaineratzen. Bera gaztelaniazko eta euskarazko ereduak biltzen dituzten ikastetxeen aldekoa zela adierazi zuen, “halakoetan baitago bakarrik denok errealitate linguistikoa ikusteko aukera”.

Eta, bai, errealitate linguistikoa da gaztelaniazko eta euskarazko ereduak biltzen dituzten ikastetxeetan erdaldun bakarra agertzea nahikoa dela bilerak gaztelaniaz egiteko eta irakasle euskaldun elebidunek lan burokratiko bikoitza egin behar izaten dutela anitzetan.

Halako ikastetxeen errealitate linguistikoa da euskara -eta ondorioz euskaldunak- erabat azpiratuta dagoela. Eta erdaldun elebakarrak lasai baino lasaiago bizi direla.

Gure neke ikusezina

Gure neke ikusezina

Iruindarra Iruñean. Kazetaria @LABnafarroa sindikatuan. Irakaslea 'stand by' batean. Kolaboratzailea @fm983irratia n. Ekintzailea @ekonafarroa n.