[#katU1] Som Defensores, eskubide urraketei adi
[#katU1] Som Defensores, eskubide urraketei adi –
Katalunian herri oso baten borroka baketsuaren lekuko gara egunotan, eman beharreko urratsak argi dituen herri batenak. Som Defensores erakundeak, esaterako, izaten ari diren eskubide urraketak jaso ditu, nazioartean salatzeko asmoz.
Giza Eskubideen aldeko erakunde ezberdinen arteko elkarlanetik sortu zen duela aste pare bat aste Som Defensores, Iridia elkarteko zuzendari Anais Franquesa Grisok adierazi digunez. Kataluniako kazetarien elkargoko “terrazan” elkartu gara berarekin, eta indarkeriaren aurkako Novact elkarteko kide Jordi Palou-Loverdosekin; abokatuak dira biak ala biak, eta Som Defensoreseko kideak.
Som Defensoresen aburuz, urriaren baterako erreferendumaren aurrean Estatu espainiarrak hartu dituen erabakiek atzera pausu nabarmena ekarri dute giza eskubideei dagokionez. Salatu dutenez, neurriz kanpoko erantzunak izan dira, eta Espainiar Konstituzioaren eta nazioarteko legedien gainetik hartutakoak; errepresioaren bidez kataluniar jendartea beldurtu baino ez dute nahi izan, funtsezko eskubideak urratuz: bidezko epaiketa bat eta abokatuen laguntza izatekoa; norberaren elkarrizketa pribatuak, bizitokia eta intimitatea bortxatua ez izatearena; informazio eta adierazpen eskubidea; eta elkartu zein manifestatzeko eskubidea.