Shell konpainiak ere klima aldaketari buruzko ikerketak eginarazi eta gorde zituen

Shell konpainiak ere klima aldaketari buruzko ikerketak eginarazi eta gorde zituen –

Duela 34 urte Shell konpainiak klima aldaketaren eraginak aztertu zituen, hilabete honetan Benjamin Franta ikertzaileak zabaldu duen txosten konfidentzial batek azaltzen duen bezala. Klima aldaketaren jatorriaren eta bere eragin ezberdinen jakitun izanik ere, petrolio konpainia herbeheretarrak klima aldaketaren existentzia eta larritasuna ukatu zituen hainbat urtez. Klima-auziperatze bat (climate litigation) ekar dezake aurkikuntza horrek.

Shell konpainiak ere klima aldaketari buruzko ikerketak eginarazi eta gorde zituen
2019an, Herbehereetako Auzitegi Gorenak berretsi zuen gobernuak CO2 isurketak murriztu behar dituela, klima aldaketak giza osasuna mehatxatzen duelako. Wikimedia

Eguraldi bortitzagoak leudeke — ekaitz gehiago, lehorte gehiago, uholde gehiago. Itsasoaren batezbesteko maila igoko litzateke 30 zentimetroz gutienez. Laborantza ereduak zeharo aldatuak lirateke. Eurite sasoietan aldaketa oso handiak eman gabe ere, hainbat ekosistemen funtzionamendua larriki andeatuko litzateke, eta zuhaitz, landare eta animalia espezie asko ez lirateke migratzeko eta moldatzeko gai. Halere, aldaketek gizakiarengan izango lukete eragin handiena. Lehengo garaietan gizakiak bertze lurraldeetara joateko aukera zuen. Gaur egun ez dago inora joaterik, jendea denetan baitago. Beharbada herrialde industrializatuetan bizi direnak itsas mailaren gorakadari moldatzeko gai lirateke (Herbehereen adibidea), baina herrialde txiroentzat horrelako defentsak ezinezkoak dira. “Merkantilismo globala” hipotesian errefuxiatuen arazoa aurrekaririk gabekoa litzateke. Afrikarrak Europara sartuko lirateke, txinatarrak Siberiara, latinoamerikarrak Estatu Batuetara, indonesiarrak Australiara. Mugek gutxirako balioko lukete, kopuruek gainezka eginda. Gatazkak ugarituko lirateke. Zibilizazioa gauza hauskorra dela ikus genezake. “Mundu jasangarriaren” logika kontingentzia honen aurka ingurune babeserako inbertsioak bideratzea hautatzen duen gizartea da”.

Pasarte hori kolapsoari buruzko azken urteotako liburu batetik hartua dirudi, baina 1989an idatzi zen. Eta hori idatzi zutenak ez ziren talde ekologista bateko militanteak, ezta katastrofismoa lantzera deitzen zuen Jean-Pierre Dupuy filosofoa ere, baizik eta Herbehereetako Royal Dutch Shell petrolio konpainiak 1989ko urrian eginiko txosten konfidentzial baten egileakScenarios 1989-2010, challenge and response (“1989-2010 balizko egoerak, erronka eta erantzunak”) izenburua du dokumentuak.

Bertan, giza jardueren etorkizuna aztertzen zuten berotegi efektuko gasen isurketen bi hipotesiren arabera: bata “mundu jasangarria” izendatua eta bertzea “merkantilismo globala”. Lehen hipotesian, berotegi efektuko gasen isurketek gailurra joko zuketen 2000 urtearen inguruan eta ondotik laster jaitsi. Atmosferaren CO2 kontzentrazioa 400 ppm-ko mugan geldituko zatekeen. Bigarren hipotesian, aldiz, isurketek gora jarraituko zuketen –hain zuzen, orain arte hartu dugun bidea da–.

Horrez gain, Shell konpainiaren txosten horretan azaltzen dute “mundu jasangarria” hipotesian ere klima gradu bat baino gehiago berotzen ahalko zela –gaur egun ikusten duguna–, baina arazoa leuntzen ahalko genukeela. “Merkantilismo globala” hipotesian aldiz beroketa “nabarmen handiagoa” zatekeela zioten.

Aurreikuspen zehatz horiek ukan arren, hau da, maila handiko suntsipenak ekarriko zituela jakinik ere, Shell konpainiak mundua karbono gehiagoko egoera batera bultzatzeko hautua egin zuela dio 1989ko txosten konfidentzial hori argitara eman duen Oxfordeko unibertsitateko Benjamin Franta ikertzaileak.

Bere hitzetan “dokumentu horrek azpimarratzen du Shellek eta erregai fosilen industriak aukera zutela, eta jakinaren gainean hondamendi globala hautatu zutela, epe laburreko irabazien truke”. Bereziki deigarria da txostenaren konklusioaren zati baten zinismoa: “Egoera horretan gizaki batek botere guti izan dezake murrizketak ezartzeko, baina kolektiboki boterea badu gizarteak. Sortu, adostu eta martxan ezarri daitezke arauak, ondasun komunalen kapazitatea ez gainditzeko eta komunalen eskuratzea berdintasunez banatu ahal ahal izateko”. Txosten hori egin eta gero, 1990eko hamarkadan zehar Shellek klima aldaketaren existentzia eta larritasuna ukatzen zituen, faltsuzko informazioak zabalduz Global Climate Coalition sarearen bitartez bertzeak bertze, Frantak ohartarazten duenez. Erregai fosilen sektoreak ikerketak ezkutatu eta zalantzak hauspotu izanaren froga bat gehiago da –eta nolakoa–, ARGIAn urtarrilean aipaturiko ExxonMobil eta irailean Total enpresenak bezalakoa.

Klima auziperatzeak

Benjamin Franta klima-auziperatzetan aditua da Oxfordeko unibertsitatean. Auziperatze horiek ingurumen-zuzenbidean kokatzen dira eta azken bi hamarkadetan ugaritu dira, Estatu Batuetan, Australian eta Europan batez ere. Praktika juridikoa erabiltzen dute gobernuak edota enpresa handiak klima-aldaketa leuntzeko ekimenak hartzera behartzeko. Horren bitartez jurisprudentziak sortzea da bertze helburua, ondorengo auziak irabazteko aukera gehiago emateko. Eskubide konstituzionala, administrazio-eskubidea, eskubide pribatua, kontsumitzaileen babesarako eskubidea edota giza eskubideak baliatzen dituzte. Orain arte, arrakastatsuak izan diren auziek justizia klimatikoaren beharren aurrerapena eta gazteriaren klima mugimendua dituzte ardatz izan.Herbehereetan, hain zuzen, izan zen lehen auzi arrakastatsua, Urgenda Fundazioak 2015ean irabazi baitzuen gobernuaren aurka –klima aldaketa leuntzeko ahalegin eza leporatuz–. Horren ondotik gobernuak helegitea pausatu eta auzitegi gorenak 2019an berretsi zuen lehen auziaren erabakia. Gobernuaren arta beharrean oinarritu zen erabakia, eta munduko hainbat estatutan printzipio bera erabil daiteke. Shellen aurka behar hori argudiotzat erabili ezin bada ere, txosten horrek mami aski ematen du bertze klima-auziperatze baterako. Berandu gabiltzan arren, bide juridikoak ere egoerari aurre egiteko tresnak dira.

Gero eta “konplotistagoak” bilakatzen omen diren mendebaldeko gizarteetan, deigarria da erregai fosilen industriak antolaturiko munta honetako konplotak hain eskandalu guti sortzen dutela. Ikerketak bideratzea, beren konklusioak ezkutatzea eta horien kontrako tesiak zabaltzea, epe laburreko irabaziak bermatzeko zibilizazioaren iraupena kolokan jartzea (“zibilizazioa gauza hauskorra dela ikus genezake” Shell dixit)… ez dirudi aski denik mundu mailako oldarrak altxatzeko. Ez ote da arazoa erraldoia zaigulako eta dakiguna ez dugulako oraindik sinesten?

,,,

ARGIAn argitaratua

Shell konpainiak ere klima aldaketari buruzko ikerketak eginarazi eta gorde zituen Shell konpainiak ere klima aldaketari buruzko ikerketak eginarazi eta gorde zituen Shell konpainiak ere klima aldaketari buruzko ikerketak eginarazi eta gorde zituen Shell konpainiak ere klima aldaketari buruzko ikerketak eginarazi eta gorde zituen

Ikertzailea, Bizi!ko kidea, baratzezaina eta irrati kronikalaria