Sei txinatarrek Eibarren Real Madrid-i aurre egin ziotenekoa
Chen Yu eta Cao Longfei txinatar gazteak dira, eta jada baita apur bat euskaldunak ere, Eibar futbol taldearen jarraitzaile zirela eta, talde armaginak Real Madrilen aurka Ipuruan jokatu zuten partidura gonbidatu zituenetik. Guztira sei txinatar ziren, guztiak ere Eibar futbol taldeko akziodunak, Euskal Herrira etorri eta madrildar talde handinahiari aurre egin ziotenak.
Vice ekoiztetxeak gainera, bisita dokumental bihurtu du, “Nire taldea Real Madrilen aurka” izenekoa; Txinan 2.500.000 ikusle izan ditu! (eta guk azpidatziak jarri dizkiogu).
2014ko azaroaren 21ean Eibarrek aurkari ezin boteretsuagoa jaso zuen Ipuruan, Real Madrid, lehen aldiz Lehen Mailan. Armaginek bost mila eztarriren laguntza zuten harmailetan, tartean sei neska mutil txinatar.
Eibarrek 0-4 galdu zuen partida, baina gutxi inporta izan zitzaien txinatarrei, bideoan epaileaz kexaka harrapatzen baditugu ere. Partidaz aparte sekulako gozatua izan zuten. Taldeko lehendakari Alex Aranzabalek oparitutako tisertak soinean -pozik ziren atzean bakoitzaren izena zutela-eta-, Ipuruarako bidea egin zuten zaleekin kantuan, zahatotik ardoa edanez eta argazkiak egin eta egin, etenik gabe. “Hiria bizi-bizi dago!” zihoen batek partida aurreko giroa zela eta, “ez genuen espero hain ongi etorriak izango ginenik” beste batek, esker onez.
Baina egin dezagun atzera, istorioaren hasierara. Zer egiten zuten sei txinatar gaztek etxetik hain urruti, Eibar animatzen?
384 txinatar, Eibarren akziodun
Iazko denboraldi amaieran, denok dakizuen legez, sekulako kirol balentria gauzatu eta Lehen Mailan jokatzeko sailkatu zen Eibar futbol taldea. Baina kudeaketari dagokionean talde eredugarritzat hartua izan eta zorrik eduki ez arren, legeak dirutza biltzera behartu zuen taldea, mailarik gorenean jokatu nahi bazuen, 1.7 milioi euro.
Berria Sid Lowe kazetariarengana heldu zen, eta honi erabakia ez zitzaionez bidezkoa begitantzen, erreportaje bat idatzi zuen, Eibar taldearena, gero norbaitek txinerara itzuli eta Chen Yu-rengana heldu zena. Honek, bideoan azaltzen duen bezala, 2.000 eurorekin 40 akzio erosi zituen -eta ziria sartu ziotenaren beldur zen!-, eta Cao Longfei-k soldataren bi heren gastatu zituen Eibarren akziodun izateko. 384 akziodunekin, Txina omen da gure herritik kanpora Eibarrek dituen akziodunen artean bigarren herrialderik garrantzitsuena.
Dituen baliabide eta mugekin 27.000 laguneko hiriko taldeak, Eibarrek, Lehen Mailan Real Madrid bezalako taldeen kontra lehiatzea “miraritzat” du Lowe-k. Baina orain, crowdfunding kanpainari esker, “Eibarrek, lehen ez zuen zale saldoa du, Euskal Herritik kanpo ere”. Txinatar gazteek, beren aldetik, argi dute: “Gustuko ditugun beste taldeekin ez dugu inoiz sentitu Eibarrekin egin dugun lotura estua; gure taldea da orain”.
Alex Aranzabal taldeko presidentearen aburuz, jokalariek eibartarren izaera islatzen dute zelaian. Gauzak horrela, gaurkoa ez dute erronka makala, Santiago Bernabeu zelaitzarreko belardian izango baitute jokoa. Datorren urtean ere Lehen Mailan lehiatu ahal izateko hortzak estutu beharko ditu Eibarrek, baina jakina da taldeak ez duela sekula galtzen kemena. Ez du alferrik hiri oso baten bultzada… eta gaurkoan ere partidari adi izango diren sei txinatarrena.