«Segurtasun Nuklear eta Industrialeko Erakundeak eta TEPCOk berandu erantzun dute»
«Energia nuklearreko zentralen operadoreek lurrikara indartsu bati erantzuteko hiru printzipio nagusiak gelditzea, hoztea eta eustea dira», nabarmendu du Sumitak. Fukushimako zentralaren operadoreak, Tokyo Electric Power enpresak (TEPCO), berriz, ez ditu behar bezalako neurriak hartu: batetik, erreaktoreetan erreakzio nuklearra saihesteko kontrol barrak sartu zituen hasieran, baina ez du jakinarazi ondo zeudela frogatu zutenik; bestetik, erreaktoreen nukleoak hozteko itsasoko ura botatzea erabaki zuzena izan den arren, berandu egin dute; eta, azkenik, lurrikara gertatu zenetik bi egunetara 2. erreaktoreko erregai barrak zenbait orduz hozgarririk gabe utzi izana erabaki okertzat jo du. «TEPCO egiten ari den urrats guztiak egun bat berandu datoz eta behar baino dolar gutxiago gastatuta. Informazioa hedatzeari dagokionez, are atzerago dago».
Bere kezka nagusia erreaktoreen nukleoak babesten dituzten gordetegien egoera da. «Gordetegien erradiazioari eusteko ahalmena galzorian dagoela dirudi», adierazi du, «oso egoera larrian gaude». Horregatik, Segurtasun Nuklear eta Industrialeko Erakundeari (NISA) eta TEPCOri ahal dituzten bitarteko guztiak erabiltzeko eta lagungarriak izan daitezkeen aditu guztiei laguntzen uzteko eskatu die, besteak beste, Segurtasun Nuklearraren Batzordeari.
Kenji Sumita bera batzorde independente horretako lehendakariordea izan zen eta, 1999an, Ibaraki prefekturako uranioa prozesatzeko planta batean izandako istripu nuklear bati aurre egin behar izan zion. Kasu hartan, ikerketa erakunde eta industria nuklearrari lotutako sektore askorekin batera lan egin zutela nabarmendu du eta oraingoan badirudiela NISA eta TEPCO beren kabuz ari direla. Bere iritziz, NISA behar bezala lan egiten ez aritzearen atzean erabaki oker bat dago: Gobernuak erakunde hori energia nuklearra sortzea bultzatzen duen Ekonomia, Merkataritza eta Industria Ministerioaren menpe jarri izana.
Asahi Shimbun egunkariko beste sail batean, Vox Populi izenekoan, energia nuklearra Damoklesen ezpatarekin alderatu dute erredakzioko arduradunek; zehazki, Japonian «Damoklesen 54 ezpata» (erreaktore nuklear) daudela adierazi dute. Energia nuklearra berez arriskutsutzat jotzeaz gain, lurrikarak gertatzeko arrisku handia dagoenez, mehatxu bikoitza dela nabarmendu dute. Horregatik, japoniarrek zentralak «tofuaren gainean kokatuta» daudela esan ohi dute, oinarri ahula daukatelako.
Japonia munduko hirugarren potentzia nuklear handiena da, Ameriketako Estatu Batuen eta Frantziaren atzetik, eta lurrikara arrisku handiena duenetako bat.