Zenbat hedabide dira beharrezkoak?

82 ei dira euskarazko hedabideak. Eta Lourdes Auzmendik galdetu du: “82 hedabide beharrezkoak dira Euskal Herrian euskararen normalizazioan aurrera egiteko?”. Berak erantzun du: “gogoeta egin behar dugu, dena ez da balekoa!”.

Eta zer da balekoa? Eta zer da beharrezkoa?

Deigarria egin zait Hizkuntz Politikako Sailburuordeak hedabideei buruzko gogoeta, edo zehatzago, euskarazko hedabideei buruzko gogoeta galdera horren haritik abiatzea. Joan Mari Larrartek honela erantzun dio: “Galdetu beste era batera: 82 hedabide horiek egiin duten lana ona izan da, merezi izan du? Nik uste dut baietz. “Gure arazoa ez dut uste dut denik hedabide gehiegi daudenik”.

Uste dut arazoa dugula, sailburuordeak 82 hedabide izatea bera arazotzat hartzen badu.

Lourdes Auzmendik erantsi du, “Gipuzkoan ia herri bakoitzak du bere aldizkaria, gehi badugu euskarazko egunkari bat, gehi badugu euskarazko egunkari bat, gehi euskarazko egunkari horrek baditu askotan zonaldekako bere ale bereziak”.

Euskarazko egunkaria ez al da beharrezkoa? Herri aldizkariak ez al dira beharrezko?

“Denon artean erabaki dezagun, zer nola… goazen razionalizatzera, zenbait sektoretan, gauzak dauden bezala, eustea ezinezkoa da”, adierazi du Auzmendik.

Razionalizatzen hasita, nondik? Gauzak, egunkariak, aldizkariak falta ditugunean sentituko ditugu beharrezko, bitartean, ez.

Euskadi Irratian Lourdes Auzmendi Hizkuntz Politikako Sailburuordeak, Joan Mari Larrarte Euskarazko Komunikazio Taldeko Administrazio Kontseiluko idazkariak, Mertxe Mujika AEKko koordinatzailea, eta Itziar Nogueras Elhuyar Fundazioko zuzendari nagusiak egin duten mahai-ingurua hemen ikus liteke, eta hemen bertan ere bai, Berria Telebistari esker:

Zenbat hedabide dira beharrezkoak?

Irudia | Euskadi Irratian mahai-ingurua hizkuntza politikaz | Euskadi Irratia-Berria | LGPL

Zenbat hedabide dira beharrezkoak?

euskara, hedabideak

14 pentsamendu “Zenbat hedabide dira beharrezkoak?”-ri buruz

  • Hasier Etxeberria

    Nik, ostera, uste dut Lurdes Auzmendik esan duena ez dela zozokeria, inondik inora. Adimistrazioek —baita Diputazioek ere— arazo galantak dituzte euskarazko komunikabideekin, batez ere hiru kontugatik:
    1- Ez dago interlokutore bakarrik eta ezinezkoa da guztiekin hitz egitea,
    2- Dagoen diru urritasuna eta eskatzaileen ugaritasunarekin, ezin da luzera begirako plangintza eta inbertsiorik erabaki,
    3- Sektorea atomizatua izateaz gainera, oso desberdina da, ez baitago gonparatzerik, esaterako, telebista baten edota interneterako web baten beharrizana.

    Euskaraz badira ikusentzunezko irrati eta telebistak, papereko hedabideak, hedabide mistoak —papera eta internet edo irrati-telebista— eta internet hutsezkoak… Gainera badira batzuk Euskal Herri, EAE, Iparralde edo Nafarroa mailakoak, herrikakoak, auzokakoak… Orokorzaleak, tematikoak… Ezin zaie denei emaitza bera eskatu, besteak beste ezin direlako gonparatu, baina gutxieneko batzuk adostearen beharra eskatzen du honek guztiak.
    Diodan bezala, arazoa ez da soilk Jaurlaritzarena. Berrikitan Gipuzkoako Diputazioak agerian egin duen eztabaidak ere horixe erakusten du, gutxi edo asko.
    Ezin daiteke pentsatu “existitzen delako” eta “euskaraz delako” bakarrik edota “bertan gabiltzalako lanean”, hedabide batek legez lagundua izateko eskubide eternoa duenik. Produkzio ekosistema batean, —baita hedabideenean ere, aurrera eta atzera egingo duten enpresak izango dira, jaio, bizi eta hil egingo direnak. Ezin da pentsatu organoa sortu dugulako, funtzioa berez etorriko denik…
    Bai, bati baino gehiagori gordinegia irudituko zaio hau guztia, baina ez dago benetako politika estrategiko bat ezartzerik baldin eta ez bada nolabaiteko koefiziente batzuen neurketa adosten, halanola, hedapena, kalitatea, berrikuntza, inbertsioak, autofinantzazioa…
    Finean, merezi duten hedabideak eta eraginkorrak direnak ganoraz eta epe jakin batean laguntzea behar litzateke izan helburua, eta bertan behera utzi pikaroak eta bertangoxotuak, bai baitaude halakoak ere tartean urteroko laguntza-eskaeretan.
    Egia da, halaber, sektorea kokoteraino dagoela “estrategiko” hitzaz. Antza, euskararik ez da izanen sektore hau indartu eta aitzinatu gabe. Hori aitortzen dute politikariek eurek, bederen. Baina gero, diru kopuruen tenorean, huskeria da sektore honentzat jartzen dena baldin eta beste edozein jarduera industrial edo ekonomikorekin konparatzen bada: hezkuntza, azpiegiturak, industria, kirola… Diru kopuruaren hari hau ere kontutan hartzekoa da eta balioko du parean den politikariaz fidatzeko ala ez, benetan arazoa konpondu nahi duen ala ez ikusteko…
    Aipatutako koefiziente eta neurgailu batzuk eta gehiago adostu beharko dira, eta horien emaitzen araberako apostuak egin administrazioetatik, nork bere ikuspegi politikotik, gainera, ez baitu zertan berdina izan alderi abertzale bat edo bestelako bat egon agintean. Administrazio batek hala ikusten badu, esaterako, zergatik ezingo du onartu lau urtean ez duela interneteko hedaabideetan inbertsiorik egingo paperaren mesedetan, edo alderantziz? Beste batek, ostera, zergatik ezin du ebatzi, —beti ere esate baterako— gauzak dauden dudenean, telebista pribatu edo lokalak garestiegiak direnik, etc.? Eta kasurik onenean, administrazioa desberdinek, (Nafarroan, Iparraldean, EAEn, Diputazioan, udaletan…) zergatik ez dute euskararen eremuko administrazioek euren arteko estrategia bat adosten?
    Eztabaida hau ezin daiteke iruzkin soil hauetan garatu, baina Auzmendiren hitzetan badago egia bat ezin dena pasatzen utzi eta gogoeta eta erabaki premiazkoa eskatzen duena: horrela ezin da segitu.

  • Aurrera doan herria… beharrezkoak al dira espainian han dituzten hedabide guztiak? Zer proposatuko ote du hurrengoan, egunkari publikoa? Unean uneko gobernuak maneiatuko duen egunkari bat eta bakarra? Dirua izango da arazoa. Beste zenbait gauzetarako ez zaie falta ba… behar genuena!

  • Gari Garaialde 2011-03-19 16:58

    Nik bakarrarekin nahikoa dut, baina nik gustoko nukeen hori ez dagoenez, handik eta hemendik hartutakoekin egiten dut neurea; Beraz zenbat eta gehiago hobeto.
    Egunkari publikoa nik erreklamatzen dut. Hemen eta orain.
    Baina kasu, publiko izateko modu asko dago…

  • Amonamantangorri 2011-03-19 20:27

    Hedabideen gainean asko dago esateko, irrati eta telebistetarako banatzen diren lizentziei buruz, esaterako.

    Venezuelako gobernua Espainian askotan kritikatu da, han oposizioaren hedabideei lizentzia ukatzen dietela-eta; pentsatzen dut noizbait hemen ere holako zerbait ez ote dugun egin beharko, kontuan hartuta kudeatze publikoa duten gure uhinetan zenbateko pluralismoa dagoen.

  • Luis Mendizabal 2011-03-19 23:08

    Gai sakona da eta merezi ditu hau eta beste eztabaida gehiago, baina errealitateak esaten diguna, oraintxe bertan, hauxe da: eztabaida Euskadi Irratian sortu da baina jarraitzen duen foroa interneteko webgune apal hauxe da (esker mila, zuzeu.com) eta erakusten duen telebista  telebista pribatu eta militantea da ( esker mila, Berria Telebista).  Zenbat komunikabide behar dira? ez dakit 82ak baina garbi dago zeintzuk diran zerbait aportatzen dutenak … eta hasten bagera aportazioak eta aurrekontuak konparatzen, agian  garestienak zalantzan geratuko lirateke.
    Dena den, ni H. Etxeberriak esandakoarekin ados, baita ere “Ezin da pentsatu organoa sortu dugulako, funtzioa berez etorriko denik…” esaten duenean ere. Gai honekin jarraitzeak merezi du  eta behar dugu. 

  • Ez dut uste eztabaida denik zenbat hedabide diren beharrezkoak, baizik eta dauden horiek nola egin dezaketen aurrera eta gero eta kalitate hobearekin. Puntu horretan begi bistakoa da ezin dela laguntza publikoa izan finantzazio bide bakarra, baina ez dut uste bideoan aurrerago dioen bezala denik ere, “niri bururatzen zait aldizkari bat sortu nahi dudala eta eman diezadatela dirua”.
    Zenbat diren beharrezko galdetzeak eztabaida gaiztotzen du, ez zait asmo zintzokoa iruditzen. Uste dut, esan bezala, dauzkagunak hobetzeko zer egin dezakegun galdetu behar dugula.
    Ze, niri Abaltzisketan herri aldizkaririk edo zonaldeko egunkaririk egonda ere, ez zait beharrezkoa iruditzen, ezta Donostiakoa ere, edo Bergarakoa… baina nire herrikoa beharrezko dut, eta pentsatzen dut gauza bera gertatuko zaiola Abaltziketakoari, Donostiakoari eta Bergarakoari ere.
    Hedabideei buruzko eztabaida egin beharra dago, noski, baina lehenik, galdera zein den adostu beharko litzateke.
    Eta bukatzeko, ados nago “beharrezko” sentituko ditugula hedabideok faltan ditugunean.

  • Euriaren erradikaltasuna, lainoa? Mikel Sotorena, hura ere “oharkabean” joan zen.

  • Dirulaguntzek arrisku bat daukate: berez sostengarria ez dena modu artifizialean mantentzea. Eta “sostengarri” esaten dudanean, ez dut esaten merkatuan mantenduko ez liratekeenak, jakina baita euskarazko hedabide oso gutxi (ba al dago batenbat?) direla autofinantzatu daitezkeenak. Batzuk ez dira sostengarriak, erdipurdiko proiektuak direlako, ez dute jendea erakartzen eta dirulaguntzen “erosotasunarekin” ohitu dira. Ba uste dut hori ere gogoeta honetan sartu beharreko zerbait dela, benetan proiektu onak direnak kaltetzen direlako. Banatu beharreko “tarta” ez baita infinitua.

  • Joseba Barandiaran 2011-03-21 22:30

    gutxieneko autofinantziazio portzentaia bat behintzat eskatu beharko litzaieke. hau da, euskaraz (eta guretzat zuzenean doan) direlako dozenaka komunikabide onar ditzakegu baina, gutxienez, merkatuaren legera (eskari eta eskaintzarenera) hurbildu beharko genituzke hein batean (euskara merkatuaren menpe soilik ezin utzi dezakegula jakinda).

    hau da, herritar euskaldunek eurek erakutsi behar dituzte euren lehentasun eta nahiak zeintzuk diren, euren patrikatik dirua nora bideratzen duten erakutsiz. hori Jaurlaritzak osatu egin behar du, lagundu, sustatu. ingurune edo une jakin batzuetan, autofinantziazio eskakizuna aldakorra izan liteke. baina publizitatea edo harpide ordaintzaileak ez dituztenek… berdin al da, gaur egun Berriak 2.000 edo 10.000 harpide izatea?

    edo zer pentsatuko genuke Berria telebistak ETB-1en entzulegoa gaindituko balu? eta biak ordainpeko telebistak balira eta bitarteko berdinez lehiatuko balira?

  • Egia da ea hainbeste euskarazko hedabide behar ditugun. Gauza igual iguala pentsatzen dut beste hauen inguruan ere: Diario Vasco, El Correo, Noticias de… , El Pais, Tele5, Cuatro, La Sexta… Gaztelania hizkuntza normala izan dadin, hainbeste hedabide behar al ditu?
    Hauek ere, handik eta hemendik, erakunde publikoetatik jasotzen dituzten laguntzak berrikustearen alde nago ni.
    Bai, demagogia egitea erraza da, eta behin egiten hasita, egin dezagun bene-benetan eta barru-barruraino, ea horrela errazago egiten den Auzmendik eta konpainiak esan nahi dutena ulertzea.

  • ZER ARI DA GERTATZEN AZKUE FUNDAZIOAREKIN? Hedabideentzat dirurik ez dela aipatzen ari gara hemen, euskarazko hedabideak auxilio eske ari dira denak batera, baina Azkue Fundazioa ez da eurekin agertzen… Gaia ezagutu gabe eta soilik “kanpotik” jasotako informazioekin, galdera bat egin nahi nuke: ZER ARRAIO DA AZKUE FUNDAZIO HORI? Twitterren irakurri dudanez, 900.000 euroko subentzioa jasotzen du AZKUEk, berak antolatu ditu ponposoki deituriko II JAKINTZA LIBREAREN JARDUNALDIAK, bertan ateratako argazkiak ere jarri ditu sarean… Patetikoagorik ez da sekula ikusi: hain jende gutxi, hain bertan egotera behartuak…
    Bere webean bertan, Zuzeun, Sustatun eta Deian Azkue Fundaziokoek eurek argitaratu duten sasialbisteen aipamen lotsagarria dator (neuk albistea sartu besteetan, eta gero neurean jarri besteek aipatu nautela…)… Auzolotsa sentiarazten dit niri, behintzat.
    Sekula halako desastrerik. Eta Euskararen izenean, eta 900.000 eurorekin, besteak itota eta ezinean dabiltzan bitartean. Zuzeu eta bestelako euskal hedabideetako kazetariok, zergatik ez duzue ikerketa lana egiten? Zer ari da benetan pasatzen AZKUE FUNDAZIOAren kontu honekin?
    Ikusi ondo zeintzuk dauden atzean: Bizkaiko Foru Aldundia, Bilbaoko Udala, Euskaltzaindia, EHU, eta Deustuko Unibertsitatea. Nola egin dezake halako koadrila ahaltsuak halako kakazaharrik? Eta hain ageri9an eta inork txintik esan gabe?
    Harrigarria!

  • Garikoitz Toledo 2011-03-25 09:57

    Ez da lehenengo aldia Azkue Fundazioa “luzitzen” dana: https://zuzeu.eus/2010/11/24/biba-zuek-azkue-fundazioa-eta-waka-waka/

  • ZuZeu

    Gai honen inguruan, Lorea Agirrek iritzia eman du Berrian.

  • ZuZeu

    Bigarren artikulu batekin itxi zuen Lorea Agirrek, oraingoz, gaiari buruzkoa. Eztabaida honetan gordeta edukitzea interesgarria dela iritzita dakargu bertara.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude