Sare nuklear frantsesaren ahulezia

Sare nuklear frantsesaren ahulezia –

Garoña itxiko dela jakitean irribarre handi bat loratu da gure ezpainetan, eta ez da gutxiagorako. Luzaroan eta oso hurbil Euskal Herria mehatxatzen egon den Godzilla baten heriotzak lasaitua eman digu. Nahiz eta adituek dioten bidutzia ehorzteko lanek hogei bat urte iraunen dutela.

Afera honek mahai gainean jartzen duen eztabaida sakona da oso, eta istripuek bezala, itxiera hauek ezbaian jartzen dute eredu nuklearraren baliagarritasuna geure energia beharrak asetzeko. 

Zentral nuklearrei dagokienez, frantziar estatua da Europako erraldoienetakoa, aspaldi egin baitzuen apustu sektore honengatik. Baina parez-pare daukaten arazoa ere ez da ahuntzaren gauerdiko eztula. Errepublikaren luze zabalean 58 erreaktore daude funtzionamenduan, eta hurrengo bost urteetan, horietatik 23k berrogei urte baino gehiago konplituko dituzte. Dirudienez, 40 urteen krisiak ez die soilik pertsonei eragiten.

Sare nuklear frantsesaren ahulezia
Flamanville

Flamanvillen (Mantxako departamentua) erreaktore bat eraikitzen ari dira gaur egun, EPR (Evolutionary Power Reactor) motakoa, “hirugarren belaunaldiko erreaktore” gisa izendatua. Frantziar estatuan bada batzorde parlamentario bat, maila handiko erabaki zientifiko eta teknologikoek sor ditzaketen ondorioak ebaluatzen dituena, eta eraikuntza honen azterketa egin zuen duela bi urte. Agnes Sinai kazetariak jakitera eman duenez, batzorde horretako kideak zur eta lur geratu ziren bertan topatu zutenarekin. Legeak dioenaren arabera, erreaktore nuklearren suilak 60 jouleko erresistentzia izan behar du (lana eta energiari ematen zaion NUSeko unitate bat), baina Flamanvilleko erreaktorearen erresistentzia 36 joulekoa zen puntu batzuetan (52 jouleko batezbestekoa orokorrean). Erreaktore hau eraikitzen amaituko balute, munduko indartsuena litzateke, 1630 megawatteko gaitasunarekin.

Azpiegitura nuklearra bizirik eta ekoizten mantendu ahal izateko erantzun teknikoa dira EPR-ak, baina makina bat buruhauste sortzen dabiltza. Txinan bi EPR-ren inaugurazio bertan behera geratu da; Finlandian Olkiluotoko erreaktorea 2009an amaitu behar zen, baina kasurik onenean 2018 amaieran konektatuko da sare elektrikora; eta Flamanvillekoak 3.300 milioi euroko kostua izan behar zuen hastapenean, baina jada gauza jakina da gutxienez 10.500 milioi eurokoa izanen dela.

Sare nuklear frantsesaren ahuleziaSuila, ontzia, zentral nuklearretako pieza gakoenetako bat da. Malgutasuna izan behar du, presio kantitate handia jasaten duenean ez apurtzeko, moldatzeko baizik; baina hein berean sendoa izan behar da, presio mekanikoek sor ditzaketen pitzadurei eusteko. Zinez zailak dira sortzeko, forja gutxi dira lan konplikatu eta zorrotz hau egiteko gai. Flamanvillekoa Creusot Forge fabrikan egin zuten, eta horretarako materiala Industeel fabrikak pasa zion; hain zuzen ere, Arcelor Mittalen baitako fabrika batek.

Goierri eskualdean lehen eskutik dakigu Arcelor Mittaleko nagusiek daukaten zaletasuna kostuak murrizteko garaian, horregatik itxi zuten etorkizuna zeukan fabrika indartsu bat Zumarragan. Creusot Forgeko nagusiak eskola berekoak dira dirudienez, erreaktorea eraikitzeko erabili duten materiala ez baita maila onenekoa. Karbono edukia ez litzateke %0,22 baino altuagoa izan behar, hori erreaktorearen kalterako baita; baina kasu askotan maila %0,30ekoa zen. 

Interes publikoko kontuetan logika finantziarioa eta gutxi batzuen interesak gailentzen direnean, egoera oso arriskutsuak sortzen dira, zer esanik ez afera nuklearra tartean bada. Badirudi batzuk ez dutela ezer ikasi Fukushimatik; edo ez zaiela axola sakelak ondo betetzen dituzten bitartean. Frantziak izugarrizko bonba bat dauka esku artean: sare nuklearra zahartzen ari zaio, interes pribatuak gailendu egin dira neurri handi batean, eta eraikitzen ari den erreaktore berriak ez du berme handirik ematen.

Frantziak arazo handi bat dauka zentral nuklearrekin; eta gai honekin Frantziak arazo bat badauka, Euskal Herriak ere bai. Erradioaktibitatea ez dute Landetako kontrol batean geldituko.

Iturria: Agnes Sinai, Le Monde Diplomatique
Sare nuklear frantsesaren ahulezia  Sare nuklear frantsesaren ahulezia

Mairua naiz behelaino artean. ZUZEUko erredakzio kide; Bertsolari.eus aldizkarian koordinatzaile. Estellerria.