Salbatu
Salbatu –
Rikardo Arregik Noticias de Gipuzkoan.
Pasa den astean izan nuen aukera itxarongela batean egunkariek Kataluniako hauteskundeen atzerapenari buruz zekarten ia-ia guztia irakurtzeko: Illa ministro-hautagaia zela eta ez zela; alderdi independentisten arteko ezinikusiak eta lehiak, Puigdemenot eta, erbestean egon arren, erbesteratuak ez diren beste politikariak; preso egon arren, preso ez diren Junqueras eta gainerakoak (Espainiako Erresuman erabiltzen diren kontzeptu ulergaitz horiek); maiatza martxoa baino komenigarriagoa zela esaten zutenak; martxoa hobesten zutenak (m hizkiaz hasten diren hilabeteez ez al dago esaera zaharrik?). Auzia erabaki-tzeke zegoen itxarongela horretan egon bitartean. Orain argitu da kontua: hauteskundeak maiatzaren 30ean izango dira, auzitegiek aurkakoa esaten ez badute, behintzat. Esaldi bakar batek atera ninduen asperdura lasai eta erosotik: martxoaren aldeko sozialista batek zioen arriskutsua zela hauteskundeak maiatzean egitea, hilabete horretan, Aste Santua pasa (salbatu) eta gero, pandemiaren laugarren olatuan egongo ginatekeelako. Hara, pentsatu nuen, hirugarren olatua ozta-ozta igotzen ari garenean, igarleek laugarrena ikusten dute. Egia da pasa den astean EAEko Osasun Sailburuak esan zuela gurea ez zela hirugarren olatua, bigarren olatu luze bat baizik. Kongresu bat antolatu beharko genuke jakiteko zenbatgarren olatutan gaude, ez badugu Euskal Herria olatuekin ere zatitu nahi.
Kontua da Gabonak salbatu eta gero, batzuek Aste Santua salbatu nahi dutela. Argi dago eskarmentu izateak ez duela garai hauetan askorako balio. Salbazioaren ondorioak hor daude, baina biribilketa alaian abiatuko gara egutegian dauden santu-santa guztiak salbatzera laugarren, bosgarren eta behar diren olatu guztiak zenbatzen ditugun bitartean.
Eta, bide batez, ez dugu San Valentin eguna salbatu behar, bihozño gorri horiekin guztiekin? Eta zergatik salbatu behar dugu Aste Santua, hain goibel, eta ez Pazko Astea? Are gehiago, zergatik salbatu beharko genuke arabarrok Aste Santua edo Pazko Astea, eta ez San Prudentziok Maiatzaren Lehenarekin osatzen duen aste zoragarri hori?