Euskarabidea eta Ollo kontseilaria, PSNren hizkuntza politikaren morroi

Euskarabidea eta Ollo kontseilaria –

Berriki aditu dugu Parlamentuan Ollo kontseilariaren ahotik, aurten, iaz bezala, Euskarabideak ez duela aurrera eramanen euskarazko D ereduaren aldeko kanpainarik aurre-matrikulazio garaian. Kontzientzia garbitu eta kritikak apaldu nahian, prest azaldu da udalek eta mankomunitateek egin ditzaketen kanpainak finantzatzeko.

Euskarabidea eta Ollo kontseilaria
Ana Ollo kontseilaria eta Mikel Arregi Euskarabideko burua (IÑIGO URIZ / FOKU / BERRIA)

Azken hamarkadetan ikusi izan dugu UPNren gobernuek D ereduaren aldeko kanpainak egin zituztela Hezkuntza Departamentutik bideratuta. Azken urteetan zeregin hori Euskarabidearen esku gelditu zen Hezkuntza Departamentuak ardura gainetik kendu nahi izan baitzuen. Iaz LAB harremanetan jarri zen Euskarabideko arduradunekin, galdetzeko zein ote ziren lehenengo urtez kanpaina ez egitearen arrazoiak. Eman ziguten erantzuna izan zen hezkuntza eremuan euskararekin zerikusia zeukaten gaiak berriz ere Hezkuntza Departamentuaren esku gelditzea erabaki zutela. LABek salaketa publikoa egin ondoren, euskara teknikariekin sortutako koordinazio arazoei egotzi zieten, maltzurki, kanpaina ez egitearen arrazoia.

2020ko abenduan LAB sindikatuak e-mailez Euskarabideari galdera luzatu zion aurtengo asmoei buruz baina ez zuen erantzunik jaso. Hala ere, Ollo kontseilariak ardura guztia tokiko administrazioei pasa die berriz ere, nahiz eta ez den haien eskumena. Horrela, erabaki politiko larri bat estaltzen saiatu da eta bere funtzioetan Euskarabidearen utzikeria justifikatu du. Oraindik orain, 20 udalek baino ez dute D ereduaren aldeko kanpaina egiteko ardura bere gain hartu. Horrek esan nahi du egindako kanpaina hori finantzatzen bada ere, Nafarroa Garaiko biztanle gehienengana ez dela helduko, eta are gutxiago zonalde diskriminatuan edo “ez euskaldunean” daudenengana.

LABen iritziz, lotsagarria da kontseilariak baieztatzea kanpaina orokorrak ez direla eraginkorrak, eta horren aurrean, kanpaina zehatzago, iraunkorrago eta eraginkorragoa diseinatu beharrean, ezer ez egitea erabaki izana. Hau bai eraginkorra! Euskararen zabalkuntzaz arduratzen bada, ez ote luke honek ere Euskarabidearen egitekoa izan behar? D ereduaren aldeko kanpaina egitea ez al da euskara sustatzea?

Pasa zen urtean, LABek zonalde “ez euskalduneko” D ereduko hainbat eskola eta ikastolaren kexa jaso zuen. Hauetan esaten zenez, beraien eremuan Nafarroako Gobernuaren kanpaina egon ezean, D eredua ez dela existitzen ematen du. Sindikatuak honen berri Euskarabideari eman badio ere, PSNk, Geroa Baik eta Podemosek osatutako gobernuak erabaki politiko kontzientea hartu du euskarazko matrikulazioa eta zonalde “ez euskalduneko” D ereduko lerro berrien irekiera ez bultzatzeko. Kezkagarria eta deitoragarria da nola Geroa Baiko Ollo kontseilariak men egin dion PSNren euskararen kontrako hizkuntza politikari Euskarabidearen oinarrizko helburuei ezikusi eginez.

Aldi berean, kontseilariak ontzat jo du zonifikazio linguistikoan A ereduaren papera euskararen balorea transmititzeko. LABen ustez, euskara balore hutsa baino askoz gehiago da: Nafarroa Garaiko bi hizkuntzetako bat da, eta bere identitatearen zati garrantzitsua. Gure ustez, mezu argiak eman behar dira: A ereduak ez du bermatzen Nafarroako bi hizkuntzak menperatzea; horretarako D eredua da aukerarik eraginkorrena. LABek apustu garbia egiten du egungo hizkuntza ereduak gainditu eta euskarazko murgiltze eredu eleanitz integral bakarra ezartzeko. Hori litzateke biderik egokiena Nafarroako jendartearen kohesio eta elkarbizitza bultzatzeko, egun hainbat zonaldetan ereduen artean dagoen segregazioa gaindituz.

Azkenik, LABek gonbit egin nahi die datorren urtean seme-alabak lehenengo aldiz matrikulatuko dituzten familiei euskaran murgiltzeko, Nafarroako bi hizkuntzez gain, atzerriko hizkuntza baten ezagutza ziurtatuko dien D ereduan izena emateko.

 

Iñigo Orella Altzueta, Ainhoa Diaz Piñar LAB Irakaskuntza

Euskarabidea eta Ollo kontseilaria
Euskarabidea eta Ollo kontseilaria

LAB Nafarroa (Irakaskuntza)

Zer duzu buruan “Euskarabidea eta Ollo kontseilaria, PSNren hizkuntza politikaren morroi”-ri buruz

  • PSNk euskara gorrotatzen du. Hizkuntza politikan zerbaitetan atzera eginen du, bazkideen eta aliatuen aurrean, edo deustan ez?

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude