Mendebaldeko Saharako emakumeak, erresistentziaren ikur
Mendebaldeko Saharako emakumeak –
Mendebaldeko Saharako egoera politikoa definitzea nahiko zaila da, izan ere, oraindik deskolonizazio prozesuan dagoen lurralde ez uhartetar handiena da. Eta orain, Madrileko Akordioetatik 45 urte pasa diren honetan, gerra berriro piztu da. Zuzeun Saharako egoerari eta Euskal Herriko enpresek zuzenean dituzten inplikazioei buruz hitz egin zuen Beñatek, konfliktoari buruz, zehazki zer gertatzen ari den.
Pasa den azaroaren 25eko manifestazio bukaerako hitzaldian Saharako emakumeek hitza hartu zuten Donostian. Saharako gatazka ezaguna banuen ere, ez nuen herri zapaldu honen errealitatea genero ikuspegi batetik jaso. Eta horregatik, nire ezjakintasun lotsatua atzean utzi nahian, hainbat artikulu, idatzi eta bestelako irakurri ondoren, Sahara herriaren erresistentzian emakumeek jokatzen duten funtsezko paper (ahantzitakoa) ekartzera nator. Zeren historiak erakutsi digun bezala, emakumeak dira konflikto bateko biktima nagusiak.
Konflikto armatuetan emakumeen eta adingabeen eskubideen urratzea handiagoa dela egia bada ere, emakumeak biktima gisa bakarrik aurkeztea eta horrekin, jokatzen duten paper aktiboa ikusezin bihurtzea nahiko planteamendu erredukzionista da. Saharako emakumeetan are gehiago. Emakume hauek paper funtsezkoa jokatu baitute bai konflikto beliko zein bake prozesuetan, familiaren eta komunitatearen ardura esklusiboki hartu eta erresistentziaren ikur funtsezko bihurtzeraino.
Saharako emakumeen protagonismoa borroka antikolonialaren baitan kokatu izan bada ere, badaude haien herriaren izaera tribalean kokatzen dutenak. Izan ere, ikerketa gutxi badaude ere, egin direnek erakusten dute, emakumeak espazio, eskumen eta erabakien askatasun handiagoa dutela gainontzeko gizarte arabiar garaikideekin alderatuta. Hau batez ere, kultura nomadaren ondorio litzatekeena eta gizonezkoen ausentziarekin lotuta egongo litzateke, ikerketa antropologikoen ustez. Saharako emakumeen mugimendua intersekzionalitatetik ulertu behar da: arabiarrak dira, afrikarrak, musulmanak eta errefuxiatuak. Gainera, haien borroka kolektiboa da eta belaunaldi arteko izaera du, eta horrekin batera, herriaren askatasunaren mugimendu nazionalaren baitan garatzen da. Horregatik, erbesteratu izatearen eta okupazioaren prozesuak aztertzea ere funtsezko dira.
Ikus daitekeen bezala, emakume hauen parte hartze politikoa handia da beraz. Saharako herriaren erresistentzia emakume hauengan ematen delako batez ere. Gerra garaian, emakumeak izan ziren erbestean eraiki eta aldarrikatzen ari zen errepublikaren oinarrriak jarri zituztenak, egun, genero berdintasunean aurrerapen handienak dituen arabiar gizarteko oinarriak jarri zituztenak. Eskubideen borroka perspektiba feminista eta antilokonialistatik gauzatua, haien herriaren autodeterminazio eta askatasunaren borrokarekin uztartzen dutena.
Izan ere, gizonak gerran zeuden/dauden bitartean, Aljeriako errefuxiatuen kanpamenduen ezarpena eta antolaketa, hala nola, eskolen, haurtzaindegien eta zentro sanitarioen eraiketa haien esku gelditu zen. Saharako herriaren kulturaren eragile nagusiak, zaintza kolektiboaren defendatzaile nagusiak. Erresistentziaren gidari, duela berrogei urtetik autodeterminazioaren aldeko borrokan lehen ilaran kokatzen dira, hau antolatzeaz gain, protagonista nagusiak direlako.
Horrela, Saharako emakumeek ahalduntze kolektibo progresibo bat jasan dute, espainiar okupazioarekin hasi zena, eta orain, Marokoko okupazio militarrarekin indartu dena. Espazio politiko eta sozialean esku hartze handiagoa erakutsiz, Mendebaldeko Saharararen askapen eta independentzia mugimenduaren proiektuan ikusi daitekeena.
Maroko eta Saharako emakumeak
“Marokok badaki Saharako emakumeek beste emakume arabiar eta musulmanek ez duten estatusa dutela eta beraz, hauen kontra eginaz, herriaren erresistentzia figura baten kontra egiten dela”. Marokoko autoritateen errepresioa (kartzela, tortura, desagerpenak, irainak) emakumeetan are gehiago nagusitzen dira, sexu biolentzia gehitzen delako. Hayat Ergueibik aktibistak elkarrizketa honetan esan bezalaxe, Sahara okupatuan emakumeak bortxatzea oso ohikoa da. Eta gehitzen du: “duela lau egun, adin gabeko emakume bati arropa kendu eta bortxatu egin zuten, bere delitu bakarra, Saharako bandera zuen kamiseta bat eramatea zen”.
Autoritasimo, konflikto eta gerretan emakumeek jokatzen duten papera funtsezkoa dela ikusi dugu. Sharako herrian bezala, Hego Amerikan emakumeen presentzia erresistentzia prozesuetan oso handia izan zen, diktadura militarren aurkako mugimendu ez biolentoen antolaketa eta protagonismoa bereganatu zuten: Guatemalako Conavigua mugimendua, El Slavadoreko Comadres, Argentinako Las Madres de Plaza De Mayo. Beste behin ere, emakumeak erresistentziaren eta herrien duintasunaren ikur. Nadhira Mohamed Buhoy abeslariak Tongorekin batera ateratako Sahara abestian esaten duen bezalaxe “Saharako emakume jaiotzea bere lehen errebeldia ekintza izan zen”.
Nahiz eta mila aldiz entzun dudan, oraindik ez dut ulertzen zergatik gerletan emakumeek gizonek baino gehiago sufritzen duten.
Iker2: erantzuna erraza da. Emakumeak dira konflikto bateko biktima nagusiak, konfliktoan hiltzen dizkietelako aitak, senarrak, nebak eta semeak. Hildakoek ez dute sufritzen, bizirik gelditzen direnek sufritzen dute. [ironic mode off]