«‘Multikulturalismoak porrot egin du’: Merkelek harrotzen duen Alemaniako eztabaida hori»
«Multikulturalismoak porrot egin du, erabat porrot egin ere». Esaldi bakar batekin, Angela Merkel kantzilerrak Berlingo harresia bota zutenetik immigrazioaren inguruan Alemanian nagusitzen den eredua lurperatu du. ‘Multikulti’aren teoriaren oinarria «elkarren ondoan, baina nahastu gabe» bizitzea da.
Joan den larunbat arratsaldean, Postdamen, Berlinetik gertu, bildutako gazte kristaudemokraten aurrean, kontserbatzaileek txalo gutxi egin zizkioten kantzilerrari.
‘Multikulti’aren porrotaren balantzeari tiratu arren, ez zen sartu azken bi hilabeteetan Alemanian islamaren inguruan piztu den eztabaida arriskutsuan. Aitzitik, Errepublikako presidente Christian Wulffek erlijio musulmanak izan behar duen tokiari buruz duen jarrera bere egin zuen.
«Kristautasuna gure parte da, judaismoa gure parte da. Baina ondokoa ere esan du: islamak ere bere tokia dauka Alemanian.»
Baina, bere alderdiaren barruan, liskarrak amorrua eragin du. Ostiralean, Bavariako Gobernuko presidente Horst Seehoferrek immigrazioa gaitzetsi zuen, Alemaniak etorkin gehiago ez dituela behar esanez, batez ere, «kultura ezberdina» baldin badaukate. Rhinetik haratago bizi diren milioika turkiarrez ari zen, argi eta garbi.
Hitz horiek, Alemaniako egoera demografikoa kontuan hartuta zehatzak ez izateaz gain, jaiotze-tasa oso txikia baita, abuztuaren bukaeran Thilo Sarrazinek sortutako eztabaida elikatzen dute. Eztabaida horretan, immigrazioa, islama, erlijioa, kultur balioak, aditu-ihesa eta krisi ekonomikoa nahastu egiten dira eta, agian, baita erabili ere, helburu politikoetarako.
«Alemania suntsitzen ari da», 650.000 aleko amesgaiztoa
Abuztuaren bukaeran argitaratu zen Deutschland schafft sich ab (Alemania suntsitzen ari da) best-sellerrean, Sarrazinek, Berlingo senatari sozialdemokrata ohi eta Bundesbankeko kideak, Alemaniaren etorkizuna amesgaizto gisa deskribatu du.
Hau da, beraien ugalkortasun oso azkarraren ondorioz gehiengoa izango diren musulmanek gobernatutako herrialde bat, non kanpandorreen ordez minareteak jarriko dituzten, eta Ilustrazioko Liburutegien ordez, XXL mezkitak.
Panfletoaren 650.000 ale saldu dituzte jada eta argitaratu ondoren banku federaleko postutik bota duten Sarrazinen larritasunek alemaniarrak erakarri dituzte: ia % 51k beldur horiekin bat egiten dute, Emnidek ‘Bild am Sonntag’ egunkarian kaleratutako inkesta baten arabera.
Islamaren auzia funtsezkoa bihurtu da integrazioari buruzko eztabaidan, baina horren atzean ondorengo ideia hipokrita dago: musulmana izateak Alemaniako gizartean integratzea oztopatzen du?
Gurutzearen eta lau milioi musulmanen tokia
Zeharka, beste galdera bat sortu da: Alemania, berez, herrialde kristaua da edo balio kristauek bakarrik daukate lekua?
Abuztuan, Bavaria estatuko ministro batek, Markus Soederrek, jada esan zuenez, «gurutzeek eskoletan tokia daukate, baina buruzapiek ez». Orain, burka debekatzea nahi du, Frantziako ereduan oinarrituta. Hala ere, auzia ez da Hexagonoan bezala planteatu, ezta gutxiago ere.
Frantzia, izatez, herrialde laikoa da eta erlijioa auzi pribatu da. Alemanian, aldiz, erlijioa arlo publikokoa da: fededunek zerga bat ordaintzen dute elizarako, Estatuak jasotzen du eta birbanatu egiten du.
Trukean, elizek zerbitzu publiko multzo bat ematen dituzte, adibidez, aterperik gabekoei edo haur txiroei laguntzea. Islamaren tokiari buruzko auzia, beraz, funtsezkoa da, lau milioi musulman inguru gizartean onartzea baldintzatzen duelako.
«Langile gonbidatuek», egunen batean, beren herrialdera itzuli beharko dute
Aste askotan prentsa eta talk-showak elikatu dituen eztabaidaren gogortasunak Alemaniako integrazio arloko politikaren axolagabekeria berriz azaleratu du.
2000. urtean Schroederren legeak onartu zituzten arte, atzerritar batentzat ia ezinezkoa zen Alemaniako herritartasuna lortzea. Etorkinei ‘Gastarbeiter’ (langile gonbidatuak) deitzen zieten. Horren atzean zegoen adierazi gabeko hitzarmena zen etorkin horiek, egunen batean, beren herrialdera itzuliko zirela.
Ondorioz, Alemania inoiz ez da kezkatu etorkin gazteen etorkizunaz, eta ‘Multikulti’aren teoriarekin pozik geratu da; hau da, elkarren ondoan, baina nahastu gabe bizitzearekin. Integrazioa ez zen helburu bat, eta asimilazioaren ideia erabat baztertuta dago.
Utzikeria hori da kantzilerrak larunbat arratsaldean salatu zuena eta politika ezaren porrota aitortu zuen. Zoritxarrez, eztabaida zentzu guztietan zabaldu da eta, oraingoz, ezin izan da erantzun positiboen zirriborrorik egin.
Gauza bakarra dago argi: alemaniarrek ez badute atzerritarrik eduki nahi beren artean, onartzera behartuta egongo dira. Izan ere, Alemaniako ekonomiak gutxienez 400.000 langile kualifikatu gehiago behar ditu.
Eta arazo premiazkoena ez da immigrazioa geldiaraztea, emigrazioa saihestea baizik: aurreikuspenen arabera, azken bost urteetan, 200.000 gazte diplomadun joan dira herrialdetik.