The Social Network filma: bi ordu, ziztu bizian

Lehenengo sekuentzia. Seigarren martxa zuzenean. Muntaketa paraleloa, zoragarria. Neska-lagunak Mark Zuckerberg utzi du / Neska talde bat ahalik eta ikusgarrien jarri eta autobusean sartu dira.  Hisiaz, Harvardeko egoitzetako ordenagailuak hackeatu eta neska guztien argazkiak lortu ditu / Omega Pi Beta fraternitate horietako batera heldu dira. Internetez inkesta halako bat pasatu du, neska ederrenen alde bozkatzeko / Mutil zangar pila dute zain. Bi ordutan, 22.000 bisita / Bi ordutan, alkohola, drogak eta sexua. Frenetikoa. 

Hortik aurrera, Zuckerbergen eta epaiketara eraman zuten lagunen eta hauen abokatuen arteko elkarrizketak, eta haria jarraituz, Facebooken sorrera eta hedapen prozesua tartekatzen dira. Istorioa ezin hobeto gidatzen du David Fincherrek; zalantzarik gabe, momentuko zuzendaririk dohaitsuenetakoa. Aaron Sorkinen gidoia zoragarria da, inteligentea, iluna eta batez ere, pertsonaiak pintzel finez marrazten dituena. Hala, Jesse Eisenbergek bikain gorpuzten du Mark Zuckerberg anti-heroia. “Neskek ez zaituzte gorrotoko frikia izateagatik, ergela izateagatik baino”, dio jada neska-laguna ez denak. Ez da ergela, gaixoa, inozoa baizik. Harrapariz betetako munduan, dollarren berdearen ordez programazioko letrak baino ikusten ez dituen inozoa. Alua bezain maitagarria.  

Amaitu aurretik, bi detaile azpimarragarri. Etengabeko irudi eta hitz-jario festaren artean, Fincherrek ez du ahazten bere lezio zinematografikoa: Harvard-Yale estropada gozamen bisual goitarra da. Eta ohiko orkestra sinfonikoen aldean, Trent Reznorren (Nine Inch Nails) gitarra elektriko eta base elektronikoak zirraragarriak dira. Irudiak filmaren azala badira, kasu honetan, musikak oiloipurdia jartzen du. 

Fitxa: Izenburua: The Social NetworkZuzendaria: David FincherAktoreak: Jesse Eisenberg, Justin Timberlake, Andrew GarfieldIraupena: 120 minutu.

Non dago ikusgai?

Gasteiz: Guridi, Telmo Gorbeia 3DBilbo: Capitol, Golem Alhondiga, Zubiarte, Barakaldo:Coliseo Max Ocio, Yelmo MegaparkGetxo: Lauren GetxoLeioa: Cinesa ArteaPortugalete: BallontiSanturtzi: SerantesDonostia: Antiguoberri, Ocine La Bretxa, PrincipeErrenteria-Orereta: NiessenIrun: Cinebox Mendibil, TxingudiUsurbil: Cinebox UrbilBaiona: CGR CentreAngelu: MoncineIruñea: Golem Baiona, Golem La Morea, Saide Carlos IIITutera. OcineUharte: ItaroaViana: Las Cañas.

(Egilea: Aitor Abaroa)

The Social Network filmaren kartela

Irudia | The Social Network filmaren kartela | Ezezaguna | Creative Commons By SA

Euskal Herri osora hedatzen den euskara hutsezko gazte hilabetekaria da Gaztezulo. 2000 urtean hasi zuen bidea aldizkari gisa, baina egun askotariko euskarriak dituen proiektu komunikatibo osoa da. Gazteen topalekua.