Rajoyren kontura barrezka, Eskozian
Eskoziako auzi politikoan agertu da Espainiako presidente Mariano Rajoy. Oso modu komikoan egin ere. Alex Salmond lehen ministroari “Espainiaren betoaz” galdetu zion oposizioak. Salmondek ez zuen asko behar izan Rajoyren jarrera barregarri uzteko.
Irailaren 18an Eskoziak herrialde independiente izan behar duen bozkatu behar dute 5 milioi herritarrek. Kontserbadore eta laboristek unionismoaren argudioen zakua beldurrez bete nahi dute; lagun dute Rajoy. Izan ere, Eskozia Europako Batasuneko kide izatea galarazi dezakete espainiarrek. Horrekin egin du mehatxu Rajoyk. Ez Eskozia axola zaiolako. Katalunian patata beroa duelako eskutan. Gauzak horrela, Rajoy agertu da Edinburgheko ganberan Europako Batasuneko kidetzaren inguruko eztabaida izan dutenean. Zehatz mehatz, Eskoziako gobernuak Independentziaren Liburu Zuria argitaratu eta egun gutxitara.
Johann Lamont laboristak Alex Salmondi galdetu zion: Espainiako presidenteak argi utzi zuen Eskozia Erresuma Batutik irtengo balitz Europako Batasunetik beste hainbeste egingo lukeela. Batasunean sartzeko hautagaitza eskakizuna egin behar luke Eskoziak. Baieztapen horren zein zati ez du Alex Salmondek ulertzen?
Alex Salmondek Rajoyren diskurtsoari heldu zion, eta hark emandako prentsaurrekoaren lehenbiziko hitzak irakurri: “Oraindik ez dakit Eskoziako presidenteak irakurritako Liburu Zuriak dioena”.
Ikusi nola lehertzen diren barrez Rajoyren kontura:
VilaWeben jasotako bideoan agertzen denez, eztabaidak aurrera jarraitu zuen (hemen ohituta ez gauden umorearekin egin ere). Alex Salmonden arabera, Margallo Espainiako atzerriko ministroak aitortu du Eskoziaren independentzia onartu egingo dutela.