Putinen misilak

Putinen misilak –

Putinen misilak

Tucker Carlson

Otsailaren 9an, Tucker Carlson AEBetako kazetari ezagunak bi ordu luzez jardun zuen hizketan Vladimir Putin Errusiako presidentearekin. Gizon hau errepublikarra da, eskuin muturrekoa diotenez -Fox News telebistako aurkezle izana- eta Donald Trump ospetsuaren ildokoa. Jakinmina pizten du jakiteak zergatik eman dion Putinek kazetari honi elkar hizketa egiteko aukera eta ez orain arte Mendebaldeko beste inori. Dmitri Peskov Errusiako Gobernuaren bozemailearen arabera, orain arte Mendebaldeko kazetari guztiei ukatu zaie neutraltasunerako itxaropenik ematen ez dietelako. Baina Putinen mezua txukun samar zabalduko duela nahiko argudio al da Carlsoni halako ohorea emateko? Bi protagonistek bakarrik dakizkite benetako arrazoiak, baina zerbait gehiago badela pentsa liteke. Tucker Carlson Donald Trump presidentegaiaren konfiantzakoa izanik, ez al zion ezkutuko mezu garrantzitsuren bat ekarriko Putini? Gogora dezagun inkesten arabera Trump dela AEBetako aurtengo hauteskundeak irabazteko faboritoa.

Elon Musk

Honi denari eransteko beste elementu bat ere bada. Elon Musk aberats famatuak zergatik eskaini zion Carlson kazetariari elkar hizketa hau irekian hedatzeko aukera? Lehen Twitter zen X sareak hala zabaldu zuen elkar hizketa eta biharamunerako 200 milioi ikusle izan zituen, sekulan inork lortu dituen kopuru guztiak aise gaindituta. Carlson-Trump-Musk hirukoak eskuartean planen bat baduela pentsatzeko bidea ematen du.

Zentsura

Elkar hizketa honek oihartzun izugarria izan zuen mundu osoan. Espero zen bezala, Putinek ez zuen gauza berririk esan. Zergatik, ba, halako dardarizoa planeta osoan? Seguraski, Operazio Militar Berezia abiarazi zenetik Mendebaldeko kazetari batek Putini egiten zion lehen elkar hizketa zelako eta mundu errusiarrari egiten zitzaion bi urtetako zentsura gainditzen zuelako. Ezin ahaztuko dugu Russia Today, Sputnik eta gainerako komunikabide errusiarrak debekatuta ditugula Mendebaldean. Zer kalte egiten digute, ba, komunikabide horiek errusiarren ikuspuntua eskaintzen digutenean? Zer beldur diete errusiarren planteamenduei? Europaren alde honetan bizi garenok ez al dugu ongi informatuta egoteko eskubiderik? Eskolan umeei iritzi propioa izaten erakusten diegu eta heldutakoan iritzi propioa izatea kaltegarria ote da? Amerikako Estatu Batuetatik esan behar al zaigu zer eta nola pentsa?

Vladimir Putin

Nolanahi dela ere, orain Mendebaldean jende askok Putini zuzenean entzun dio eta pertsona hauen iritzietan eragina izanen duela ez da zalantzarik. Eduki berririk ez zuen esan, baina gauza interesgarri asko bai. Maila handiko politikaria den horretan, pentsarazi behar digun ideia ugari eskaini zigun. Bonbak bezala gainera erori zitzaizkigunak. Mendebaldea deiturikoan ohituta gaude Putin diktadorea, autokrata eta halakoa dela entzuten. Baina aski da elkar hizketa hau entzutea -edo aurreko urteetan eman dituen hamaika hitzaldi horietako bat bakarra- ohartzeko kultura handiko pertsona dela, politikari handia eta maila goreneko estatu-politikaria. 24 urte daramatza Errusia gidatzen -gogora dezagun bere baitan kultura eta etnia ugari biltzen duen munduko herrialde handiena dela- eta gaitasun hori oso jende kualifikatuak bakarrik egin lezake.

Misilak

Bere iritziak bonba bezala iritsi zaizkigula diogu, jaurtigai horiek egiten duten moduan, harrapatzen duten guztia birrintzen dutelako. Elkar hizketa honetatik egungo Mendebaldearen diskurtso hegemonikoa gainditzen duten misil asko atera zen gugana. Elkar hizketak AEBetatik eta EBetik egunero zuzentzen diguten mezuaren gabeziak agerian utzi ditu eta, goi mailako estatu-politikaria denez, koherentziaz azaldu dizkigu Ukrainako gudaren inguruan herritar guztiok jakin beharko genituzkeenak.

Volodymyr Zelenski

Puntu honetara iritsita, interesgarria litzateke jakitea Volodymyr Zelenski Ukrainako presidenteak zergatik ukatu zion Carlson kazetariari elkar hizketarako aukera. Jakina da estatubatuarrak gudari amaiera emateko asmotan direla eta ez dutela Zelenski bukaera hori kudeatzeko egokitzat hartzen. Armadaren buru Valeri Zaluzhnyi zen beren peoia eta Zelenskik kargugabetu egin du aurkako lanik egin ez diezaion. Horrek egoera tenkatu egin du eta ikusteko dago egungo presidentearen etorkizuna, baina iluna dela aurreikus liteke. Egoera horretan elkar hizketa ukatu izana ez da ustekabekoa. Bestalde, Putinen aldean edukietan eta maila politikoan eskas gelditzeko beldurragatik izan zela ere pentsatzeko bidea eman du.

PUTINEN MISILAK

1. “AEBek hasi zuten guda hau”

Putin une desberdinetan mintzatu zen honetaz. Elkar hizketaren muina zen eta gai nagusia, noski. Lehen aurrekaria 1991n kokatu zuen, Sobiet Batasunak bere buruaz beste egin zuenean. Horren truke,

“NATOk ekialdera ez zabaltzeko konpromisoa hartu zuen. Baina bost alditan kide berriak onartu zituen eta 2008an Ukraina eta Georgiari bazkide izateko gonbitea luzatu zien. 2014an, Ukrainan estatu kolpe bat ematen da eta konstituzioan jasota duen neutraltasunari uko egiten diote. Aurretik Yanukovich presidenteak Alemania, Frantzia eta Poloniarekin sinatu zuen plana errespetatu balitz eta estatu-kolpea eman izan ez balitz, behatz bat ere ez genukeen mugituko”.

Erreferentzia hauek egin ondoren, 2014an kokatzen du Ukrainako gudaren hasiera. Detonatzaile gisa aipatzen ditu NATOren base militar estatubatuar eta britainiarrak hasiak zirela lurralde ukrainarrean azaltzen, Minskeko hitzarmena betetzeko borondaterik eza errepikatuz Gobernu ukrainarra, Holland eta Merkelek egindako adierazpenak eta, azkenik, Donbassko zibilei egiten ari zitzaizkien bonbardaketak. Interesgarriak dira, kontrapuntu gisa, Errusia NATOn sartzeko 2000. urtean Putinek berak Clinton AEBetako presidenteari egin zion proposamena eta ezezkoarekin amaitu zuen amerikarraren hasierako baiezkoa. Zergatik uko egin bake giroa ziurtatzen zuen proposamen honi? Susmagarria bada, behintzat.

2. “Badakit AEBek guda amaitu nahi dutela eta ez dakitela nola”

Errusiari ezin zaiola porrot estrategikorik eragin esanez, guda hau Errusiak irabazia duela adierazten du. Putinek ez du uste AEBak mundu-mailako guda batean -nuklearrean alegia- inplikatuko direnik. Mezua biribiltzeko honakoa eransten du:

“Guda aste gutxitan buka daiteke. Aski da AEBek arma gehiago ez bidaltzea”.

3. “Negoziatzeko prest gaude”

Jarraian hainbat aldiz azaltzen ditu negoziazio-prozesuaren pausu esanguratsuenak: 1991tik aurrera, NATO kide berriak hartuz joan zen bitartean Errusia “ez egin halakorik” esatera mugatu zen. 2014 eta 2015ean Minskeko hitzarmenak sinatu zituen. 2022ko martxoan, Istanbulen ados jarri zen Ukrainaren ordezkariekin OMBri amaiera emateko. Borondate ona erakusteko, 2022an Errusiak Kievetik erretiratu zuen armada. Akordioa sinatu berritan Boris Johnson azaldu zen Kieven eta Zelenski konbentzitu zuen hitzarmena ez sinatzeko eta gudari berriz ekiteko. David Arajamia Zelenskiren ordezkariak baieztatua da hau.

“Beraiek konpondu beharko dute akats larri hori. Gu negoziatzeko prest gaude. [OMB] guda bukatzeko urratsa izan zen”.

4. “Ez dugu inbaditzeko asmorik. Jendea izutzeko mezua da”

Eta hau dena eransten du:

“Zer irabaziko dugu, ba? Ez dugu inolako interesik. Nahiko lur daukagu eta jende gutxi. Planeta osoa arriskutan jarriko lukeen mundu-mailako gudak ez du zentzurik. Soilik erasotzen badigute joko dugu erasora. Beldurra zabalduz, Ukrainarako armak erosteko dirutza handiak bideratzea errazago onartuko dute. Onura sozialen kaltean, noski”.

5. “Ukraina estatu artifiziala da. Guda zibila da hau”

Elkar hizketaren lehen ordu erdia Errusiaren historia azaltzen eman zuen Putinek, Carlsonek Ukraina eta Errusia historikoki lotuta egon direla uler zezan. Ordu erdi hori gutxi bazen, hau erantsi zion:

“Ukraina izena `o Krai´ esamoldetik dator eta muga inguruko jendea esan nahi du errusieraz. Ez zuen adierazten etnia edo kultura desberdineko jendea. Estatu baten lehen itxura Stalinek eman zion Errepublika sobietarraren estatusa eman zionean. Bitartean Errusiaren beste zati bat besterik ez zen izan”.

Putinek konfrontazio hau guda zibiltzat jotzen du. Kontzeptu hau ilustratzeko adibide bat eman zion kazetariari: guda honetako egunen batean, soldadu errusiarrek ukrainar batzuk inguratuta zituztela eta errenditzeko esan zietenean, soldadu ukrainar batek ozen erantzun zien “errusiarrak ez gaituk errenditzen”. Eta beren arteko harremanak berreskuratuko direla ziurtatzen du, prozesu luzea izanen den arren.

6. “Legez nazismoa debekatzea sinatu zuten ukrainarrek gurekin batera”

Elkar hizketa honetan nazismoaren inguruko tartea luzea izan zen. Izan ere, Errusiak, Poloniak eta inguruko hainbat herrialdek II. Mundu Gerran nazien basakeriekin izugarri nola sufritu zuten azaldu zuen hainbat aldiz. Putinek Ukrainan beste inon ez dagoen arazoa dagoela azpimarratu zuen. Herrialde guztietan azaltzen da halako ideologia duen jendea, baina inon ez da ontzat ematen. Ukrainan, berriz, onartua ezezik maila gorenera eramana dago eta heroi nazional gisa dituzte milaka guda-krimen egin zituzten Estepan Bandera eta Román Shujevich. Hortaz gain, monumentuak eraikitzen dizkiete eta ikur naziak nonahi erabiltzen dituzte. Onartezintzat jotzen du 2023ko irailean Kanadako Parlamentuan Yarsolav Hunka 98 urteko naziari eginiko omenaldia. Parlamentari guztiak zutik, Ukrainako presidentea ondoan dutela, Hitlerren kolaboratzaile handia izan zen eta judutarrak, poloniarrak eta errusiarrak hil zituen gizona honela txalotzea ez dela onargarria dio.

“Hitler hil zen, baina haren ideologia oso bizirik dago Ukrainan. Guda amaitzeko Istanbuleko 2022ko hitzarmenean jasota dago nazismoa legez debekatzea Ukrainan”.

7. “Onura ekonomikoa BRICSen bidetik dator”

Eduki hauek jorratu zituen Putinek munduaren egoera ekonomikoaz: azken urteetan, [estatu kapitalista aberatsenak biltzen dituen] G7 taldearen indize ekonomikoak beherantz doaz eta une honetan munduko BPGaren %30 biltzen dute, duela urte gutxi batzuk %42 zutelarik. BRICS komunitatearena, orain %40, duela urte batzuk %16 zela. G7ren beheraldia eta BRICSen goraldia mantendu eginen dira. Dolarra eta euroa indarra galtzen ari dira, eta berekin Mendebaldearen ekonomia. BRICSen liderrak Txina eta Errusia dira eta lehena munduko potentzia ekonomiko handiena da eta Errusia Europakoa. G7 eta BRICSek norabide berean jardun beharko lukete, buruan garunaren bi zatiek bezala, baina ez da hala eta horregatik munduak gaitz larria du.

“Mendebaldean elite ekonomikoek agintzen dute eta garaiak eskatzen duenaren aurka ari dira. Politikoek neurri egokiak hartzeko espezialisten aholkuak behar dituzte”.

8. “AEBek ezartzen dituzten zigorrak ilegitimoak dira NBEren arabera”

Kontzeptu hauek garatzen ditu atal honetan: dolarra arma bezala darabilte eta akats larria da. Etengabe presioa egiten ari dira mundu osoan eta kezka zabaldu dute leku guztietan. Zigor ekonomikoak ilegitimoak dira Nazio Batuen Gutunaren arabera. Zentzugabekeria da, beren burua ere kaltetzen baitute.

“Nazioarteko politikaren arauak NBEak finkatu beharko lituzke”.

9. “Kontinente arteko misil hipersoniko onenak dauzkagu”

Arma nuklearrekin arazorik ez izateko, misilen aurkako babes-sistema elkarrekin antolatzea proposatu zien Putinek Bush presidenteari. Arrisku nuklearra munduan ezabatuko lukeen proposamen hau ere ukatu egin zioten. Ondorioz,

“Kontinente arteko misil hipersonikoak sortu genituen eta une honetan denen aurretik gaude”.

10. “Nord Stream 2ko hodi bat onik dago, baina Alemaniak ez du zabaldu nahi”

Beraz, gasa Europaren mendebaldera bihar bertan has daitekeela berriz bidaltzen dio Putinek. Nord Stream hodi horretaz gain, Poloniatik beste bide bat igarotzen dela eta Ukrainatik beste bi. Hortaz, zer zentzu du gas merkeena eta onena erosteari uko egiteak?

“Alemaniako jendea oso inkonpetentea da. Gasa orain hiru aldiz garestiago erosten ari dira”.

11. “Zuek pragmatikoak zarete; guk garrantzia handia ematen diegu balio etiko eta moralei”

Pragmatiko hitza erabiliz Mendebaldean diruari gehiago begiratzen zaiola esan nahi du Putinek. Eta Errusian, berriz, kultura, artea, erlijioa… eta horien inguruko balio ez-ekonomikoek garrantzi handia hartzen dutela.

“Berdinak dirudigu, baina gure mentalitatea desberdina da”.

Bizitzeko bi modu desberdin hauek kontutan hartuta bakarrik ulertuko dugu Ukrainako gudan bi aldeek izan dituzten jarrera kontrajarriak.

blogak.eus/euskal-herritik

Putinen misilak Putinen misilak Putinen misilak Putinen misilak Putinen misilak Putinen misilak Putinen misilak Putinen misilak Putinen misilak Putinen misilak Putinen misilak Putinen misilak Putinen misilak Putinen misilak Putinen misilak Putinen misilak Putinen misilak Putinen misilak Putinen misilak

Irakasle erretiratua. Nafarroa Garaia.

8 pentsamendu “Putinen misilak”-ri buruz

  • Trumpismoa nonahi 2024-02-20 17:21

    Lan ona Joan Mari. Hurrengorako zer prestatu diguzu? Eduardo Indaren elkarrizketa mamitsu bat?

  • joan mari beloki kortexarena 2024-02-20 19:14

    Mezu mamitsuak bidaltzen dizkigunei bakarrik erreparatzen diet

  • Tucker Carlsonek Europako erreserba kulturalarekin harreman onak ditu.
    https://twitter.com/Pepa_Millan/status/1726316207111107011

  • “Russia Today, Sputnik eta gainerako komunikabide errusiarrak debekatuta ditugula Mendebaldean”
    Nik ia egunero irakurtzen dut RT interneten. Inperialista errusiarren propaganda zuzenean irakurtzea gustuko dut. Ez da egia hemen aukerarik ez dagoenik. EHn bizi naiz “mendebaldean”.

  • Joan Mari Beloki Kortexarena 2024-02-23 19:37

    Bat nator “Mendebaldea” komatxo artean idaztearekin. Oso eurozentrista geratzen da gainerakoan. Baina nola esan bestela?

  • Bada komatxoen horren zalea baldin bazara zergatik ez duzu idatzi Tucker Carlson “kazetaria”?

  • Joan Mari Beloki Kortexarena 2024-02-24 00:13

    Kazetaria delako. Orain oso gutxi arte Fox News telebistako langilea, telebista ultra honek kalean utzi zuen arte.

  • Bistan da OTAN-EBk eta abarrek prentsa askatasuna beren interesen menpe jartzen dutela, hala ere, aukerak daude zirrikituak sortzeko: Gara- Berria eta zenbait aldizkari digitaletan Zu zeu bare)askatasunetik idazteko. Nire galderainozoa. Eta Puntinen Erussian bada aukera hori? Askatasun politikoaren alorrean sartu gabe. Nalvalny lekuko.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude