PSOEren sustapen kanpaina egin eta lortu opari zoragarriak!

OpariakLanerako bidean duzun gasolindegian, auzoko supermerkatuan eta, orain, baita politikan ere! Bezeroen leialtasun txartelak politikara iritsi dira. Rubalcabak ere puntu programa kaleratu du eta bere kanpaina zabaltzen laguntzen dioten internautei puntuak oparituko dizkie opariengatik trukatzeko. Hamaika ikusteko jaioak gara!

Beraz, puntuak eta opariak lortzeko, PSOEren sustapen kanpaina digitalean parte hartu beharko duzu. Eman izena Rubalcabaren webguneko Puntu Programan eta, ondoren, webguneko gune pribatuan aurkituko duzun informazioa partekatu beharko duzu sare sozialen bidez: Facebook eta Twitter. Zabaldu beharreko informazioa argazki, bideo edota  lelo modura aurkezten da, aurretik prestatutako informazioa da, beraz, ez dituzu garunak gehiegi urtu beharko originaltasun bila.

Geroz eta informazio gehiago partekatu, orduan eta puntu gehiago pilatuko dituzu zure txartel birtualean. Ondoren, puntu horiek guztiak opariengatik truka ditzakezu: taza termiko bat (1.700 puntu), edalontzi termoa (1.600), Moleskine koadernotxo bat (1.000), taza hautsiezin bat  (1.000), alderdiaren siglak dituen polo bat (1.000 puntu) edota ezpainetarako baltsamoa (250 puntu).

Beraz, ekimen honi esker, gaurtik aurrera PSOEren jarraitzaileen ahaleginak alderdia sustatzeko saria izango dute. Programan izena emateagatik 5 puntu irabaziko dituzte, eta mezu bakoitza zabaltzeagatik, 2.

Txistea badirudi ere, ekimena benetakoa da. Originala bada, baina baita lekuz kanpokoa ere. Nolabaiteko desesperazio usaina dario? Boto goseak eragindako eldarnio komertziala? Auskalo. Antzekorik bururatuko zaie gainontzeko alderdiei? Hala bada, ederki pasako dugu hemendik azaroaren 20a arte.

Hauteskunde kanpainan gaude. The show must go on.

Zer duzu buruan “PSOEren sustapen kanpaina egin eta lortu opari zoragarriak!”-ri buruz