Pobreratsa
Pobreratsa –
Xabier Euzkitzek Noticias de Gipuzkoa egunkarian.
Era askotako ekintzaileak ditugu inguruan, zorionez. Denen beharrean gaude, baita alor ekonomikoan ere. Gure adiskide bikote batek amore eman du saltoki txiki bat irekitzeko lokala erosi, proiektua garatu eta obrei ekiteko prest zeudela. Ez dute argi ikusi, herrian alor bereko negozio bat itxi dute, herritarren iruzkinek arrisku handiegiko egitasmoa zela sentiarazi diete, eta ikaratu egin dira. Urte batzuk barru agian…
Egunotan Joxe Mari Korta zenaz oroitzen ari naiz. Baserri xume batean jaio eta, izerdiaren eta engaiamendu gorenaren bidez, Korta enpresa eraiki eta garatu zuen zumaiar nekaezinaz. Bere baitan sentitzen zuen konpromiso sozialak hainbat arlotan lan egitera eraman zuen. Enpresari gisa, oso barneratua zuen “lana sortzearen garrantzia”. Bi hiltzailek errotik moztu zuten Joxe Mariren bizi-proiektua, enpresarenak ondorengo belaunaldian txertatuta dirau bizirik.
Zenbait enpresa handik jendea lanetik kanporatzeko pertsonak kontratatzen dituzte berariaz, enpresariek hartu beharreko erabakiak hotz-hotzean transmititzeko gai izango direnak, horrek loa galaraz ez diezaien psikologikoki prestatuak. Ez dakit lo lasaia inorentzat hain erraza izan ote daitekeen langileak kanporatu ondoren. Gero eta gehiago entzuten da “kaleratze humanizatua”.
Elon Musk horrelako barne-gatazkarik gabe bizi bide da. Ulergarri da, edo izan daiteke, negozioak okertu direlako lan-taldea murriztu behar izatea, baina Twitterren ugazaba berriak langileen erdiak kanporatu ditu enpresa erosi eta berehala. Posta elektronikoz jakinarazi die beharginei. Muskek ez du oraindik barneratu kaleratze humanizatua. Miserable dirudunentzat hitz bat asmatu beharra zegoen: pobreratsa.
…
Pobreratsa