Pisua eta grabitatea
Pisua eta grabitatea –
Pilatesen. Bai, ordu horretan, pilatesgo saioan nengoen. Joan den ostiralean, Nadorrena gertatzen zelarik, oso lanpetuta nengoen gerrialdea sendotzen. Koartada bat balitz bezala kontatzen dut -oraintxe bururatzen zait-, errugabetze bat balitz bezala: nik, benetan, ez dut ezer ikusi, zin dagit…
Ziur aski Melillaren hesiko istorio negargarri horrek iraun zuelarik, norbait oinutsik zebilen hondartzaren batetik, beste norbaitek etxeko leihoan goizeko lehenengo zigarroa erretzen zuen; baten batek garrasi egiten zion sutsuki beste gidari bati kotxe bateko leihatilatik; nonbait, beste norbaitek pixoihala aldatzen zion ume bati, azterketa bat zuzentzen zuen, txirrista batetik irristatzen zen, whatsapp bat bidaltzen zuen besteren batek.
Noizean behin harritu egiten nau txorakeri horrek, kontraesan horretan, aldiberekotasunaren paradoxan pentsatzeak. Gu garrantzirik gabeko zerbait egiten ari garen une, segundu berberan, beste pertsona batek larrua arriskatzen du. Hitzez hitz. Eta alderantziz: zerbaitek larriki kolpatzen gintuen mementoan, eskema guztiak pertsonalki hausten dizkigun une berean, milioika pertsonek jarraitzen dute beren ohiko axolagabeko ohiturekin: dutxa bat hartzen dute, jogurt bat jaten dute, azazkalak apaintzen dituzte, tren batetik jaisten dira, kafetegi batean kontua eskatzen dute, botila bati zailtasunez kortxoa kentzen diote, etxeko atean segundo batez geldirik geratzen dira euritakoa hartzeko zalantzatan…
Bada ariketa narratibo boteretsu bat, kointzidentzia zentzugabe horretan inspiratzen, oinarritzen dena eta hasiera batean urrutikoak iruditzen zaizkigun istorioak eta pertsonaiak denboran eta espazioan batzean datzana. Contrapunto, Aldous Huxleyren eleberri mitiko baten izenburutik hartzen du izena.
Bitxia bada ere, fikzioan baino bizitza errealean mundu paraleloen ukitze horiek askoz gehiago gertatzen dira. Miñan, Amets Arzallus eta Ibrahima Balderen narrazioa, horietako baten emaitza da: gorabehera askoren ondoren, europar bat eta migratzaile afrikar bat bat Irunen elkarganatzen dira. Topaketa horretatik liburu bat sortu zen, Nadorren pilatutako eta zauritutako gorputzen irudiak, Ginea Konakry non dagoen eta, praktikan, duela hilabete batzuk Marokorekin sinatu zena hobeto ulertzeko.
Bai, ostiral hartan pilatesean nenbilen: bizkarrak min ematen dit; beno, bizkarrak baino gehiago, zerbikalek. Buruaz gehiegitan baietz esateagatik ezetz esan nahi nuenean; edo burua astinduz ezetz adierazteagatik baietz argi eta garbi dudanetan. Horrek lepoa txikitzen du, diskoak hondatu egiten ditu.
Pilates metodoa gure gorputz-pisuan eta grabitatean oinarritzen da. Hesi bat saltatzean ere oso kontuan hartzeko zerbait. Bai.
En fin
hori, Maroko-Espainia,
AEB-OTAN Madrileko Gailurra… dan-dana, iduri, txorizo-ristra bat eta bakar bezalako.
Zer esangura ote dute, AEB-OTANen aburuz, “demokrazia” eta “demokrata” hitz potoloek?
(jarraitzekotan)