Txerrikiak, Esnekiak eta Handikiak

Txerrikiak, Esnekiak eta Handikiak – 

Negozio-gizon harroputz bat ibili zen iaz herrian, uztailean, oporretan. Goiz hartan, soroan zebilela, abeltzain bat bistaratu zuen herrian sartzen. Gizaseme gazte batek esnea eramango zuen kamoi bati harrera egiten zion. Gizonak, hurbilduta, abeltzainari galdetu zion ea zenbat denbora behar izan ote zuen esne-uzta hura biltzeko. Eta honek: “Goiza behar izan dut”.

Gizon harroak, orduan, galdetu zion ea zergatik ez zen denbora gehiago nekazaritza-lanean jardun, uzta emankor eta etekin gehiago lortzearren, jakina. Eta abeltzain xumeak aski zuela harekin erantzun zion; aski eta sobera ere bazuela etxeko premietarako. Negozio-gizona ez zen isilik geratu, ordea: “Zer egiten duzu, hortaz, gero gainontzeko egun osoan?”. “Lan gogorra da gurea -erantzun zion abeltzainak-; laguntzaile bat dot animaliegaz lagunduteko. Bere txanda egiten dau arratsaldero. Nik orduantxe aprobetxatzen dot larrera ateratzeko pixka batean; umeak eskolatik jaso eta etxerako lanekin laguntzen dotsiet. Gero paseatzera joaten naz  ttipi-ttapa mendira, perretxikotara-ta; ilunabarrean, txakolin pare bat lagunegaz; afalondoren, andrearen ondoan gozo-gozo izaten naz; astearteetan, koru batean kantatuten dot; asteburuan, kartatan jokatzen lagun zaharregaz… Bizimodu atseginaz gozau, hori ba!”.

Besteak halako irri-mirri batez: “Begira, ondo dakit nik negozioen berri. Nik, zu banintz, hasteko, animaliekin askoz ordu gehiago emango nuke, eta, irabaziekin, granja handiago bat erosi. Zenbat eta behi gehiago, orduan eta irabazi gehiago, bistan da. Denborarekin kamioi flota txiki bat lortuko nuke, neurea, bitartekariak kenduz. Ekoiztutakoa, bitartekari bati ez, handizkari bati salduko nizkioke zuzenean. Baita neure esneki-fabrika sortu ere. Hartara, produktua neuk kontrolatuko nuke, lanketa-prozesua, komertzializazioa… Herri txiki honetatik hiriburu handiren batera alde egingo nuke, neure enpresaren hedatze mundiala bulego eder batetik zuzentzeko. Zer uste duzu, egitea lortuko bazenu …?”.

Eta abeltzainak: “Baina zenbat denbora beharko neuke hortarako?”.  “Ez dakit, ba… Hogei bat urte”. “Eta gero zer?”. 

Barrezka hasi zen handikia: “ ‘Gero zer’, diozu? Hor dago, ba, koxka. Zure enpresa burtsan saldu, diru ederrak jaso, milioiak irabazi eta aberats bizi!”. 

“Milioiak irabazi, konforme. Eta ondoren, zer?”.-Abeltzainak.

 Negozio-gizonak puxika baino puztuago: “Orduan…, nahi beste lo egin abeltzain-lanak alde batera utzita; barneko herri poxpolin batean bizi zintezke, hiriko burrundaretatik ihesi; andrearen ondoan lo-kuluxka goxoak egin zenitzake, hanka hankari emanda; seme-alabekin mendian paseatu, lagunekin karta-jokoan aritu, kantu-gozamenean ibili…”. 

Eta abeltzainak: “Bizi nahian, bizia diñozu? Zeuk esandako guzti-guztia orain ari naiz bizituten, hemen berton. Zertan, hortaz, hogei urte itxoin!?”.

 

Txerrikiak, Esnekiak eta Handikiak

Hemeretzi urteko Bilbotar euskalzalea.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude