Peru I: ‘La joya del Peru’
Ama zenak bere-berea zuen keinu batez esaten zuen, ironia sotilez, ’es una joya del Peru’, bateren batek goraipatzen ninduenean. “Horixe… ezagutuko bazenu”, esanaz bezala. Jakin baneki esaera hori nondik hartu zuen! Amama Juliak esango ote zuen lehenago, eta haren amak edo aitak lehenago, eta nik ere erabiliko ote dut aurrerago erentziaz. Beste ezer oroitzeko gai ez naizenean. Pitxi oso ederrak omen Perukoak, ala?
Bada oraintxe bertan (gauzak ondo bidean) lur hartzen beharko dut Limako Jorge Chavez aireportuan. 12 orduz jarlekua moldea bailitzan gogortuta, presio aldaketagatik belarri zuloetan palomitak egiten ari balira bezala. Zeharo ezezaguna zaidan lurralde batean sartzear naiz, eta azken hilabeteko dokumentazio txepel eta xehea eta fitsik ez gauza berbera dira. Motxila bete dut, errutina uzteko, barrenak husteko. Egun baten batzuk igaroko ditut herrialde andinoan zehar, ezezagun ditudan eta ziurrenik dituzun istorioen bila, eta blogean saiatuko naiz bizi dudanaren zatitxo bat uzten.
Ea bidaia amaitzerako asmatzen dudan non demontretik atera zuen nire amak ‘es una joya del Peru’ esamoldea. Laster arte.