Panoptika: arkitektura eta masa kontrola

Panoptika, arkitektura eta masa kontrola.

Duela urte gutxi entzun nuen lehen aldiz zer den panoptika. Arkitektura eredu bezala azaldu zidaten; kontua da urteen poderioz jendartean eredu arkitektoniko horren zantzu sozialak nabariak direla.

Laburbilduz, panoptika Jeremy Bentham filosofo eta gizarte teorialari ingelesak 1791n diseinatutako espetxe-eraikin eredua da. Eraikuntza modu honen ezaugarri nagusia da behatzaileak preso guztiak begiratu ditzakeela, baina presoak ez dakiela noiz izaten ari den zelatatua eta noiz ez. Hor dago gakoa; bestela, kontutan hartu Bentham ez zela arkitektoa.

panoptikaSoto del Real espetxea, esaterako, horrela egina dago. Preso batek gauza asko izan ditzake ezkutatzeko: droga, kuttuna izanda debekatua dagoen objektu pertsonalen bat, pintxoa… Baita sagardoa ere, euskaldun bati entzun nionez; espetxean bertan egindakoa, gainera. Intimitatea errotik ezabatzen da, noski.

Estatuak panoptika erabiltzen du masa kontrolatzeko. Inor ezin da gu guztiok aldi berean behatzen ari, zorionez ezinezkoa da oraindik. Estatuak ezin du jakin egunean zehar egiten dugun guztia, izan legala edo ilegala. Sabotaje edo lapurreta baten helburu izan daitezkeen jomugak amaiezinak dira, eta fisikoki ezin da dena zaindu. Estatuarentzat balio handiko gauzak babesteko modu onena beldur soziala zabaldu eta jendearengan sustraitzea da.

Panoptikak egoerari irtenbidea aurkitzeko giltza eskaintzen dio. Kontua ez baita mundu guztia zelatatzea, mundu guztia zelatatua izaten ari balitz bezala jokatzea baizik.

Panoptika, arkitektura eta masa kontrola.

ordoki, panoptika, zuhaitz

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude