Palestina bidaiariaren begietatik: “Judaismoa ez da nazio bat, erlijio bat baizik”

O.A- Fernando Rojo Lizartzan
O.A- Fernando Rojo Lizartzan

Lizartzara iritsi, eta han non ikusiko, bandera espainola haizearekin dantzan udaletxean. Aberri eguna dela dirudi balkoi orok bere ikurrina baitu. Umeak belarretan jolasean, plazako kafetegiaren atarian jendea trago bat hartzen eta baserri zaharrak guztiari so. Furgoneta aparkatu ostean berehala zabaldu dit etxeko atea Fernandok: “Sartu, etxean bezela.”

Palestina. Ez da leku turistikoena, nola otu zitzaizun halako leku batera bidaiatzea?
Ba egia esan, 15 urte inguru nituenetik sentitzen nuen erakarpen bat Palestinarekiko, ez dakit obsesio deitu, konplizitate… izugarri erakartzen ninduen herri bat zen. Urte asko pasata, duela 13 urte, zehazki 1996.urtean, Askapenarekin brigadista gisa joatea lortu nuen. Une hartan oso egoera lazgarria bizi zen bertan eta arriskutsua bezain interesgarria izan zen bidaia. Nolabait esateko, gehiago maitemindu ninduen hango herriak eta erabaki nuen noizbait berriz ere itzuli behar nuela, baina ez brigadista bezala, bidaiari gisa. Horrela hobeto ezagutu ahal izango nuen bertako erlijio fauna hori, mundu bat.

Zarauzko Salbatore Mitxelena ikastolan lanean zabiltzan heinean, zaila egingo zitzaizun agendan zirrikitu bat bilatzea, nola aurkitu zenuen bidaiatzeko tartea?
Ahal dudanean bidaiatzen dut, zirrikituak bilatzean, normalean udan. Oraingoan ordea Aste Santuan nahi nuen joan, izan ere, ostiral santua munduko kristau guztientzat (ez soilik katolikoak) egunik garrantzitsuena da. Abenduaren 24a ez! egun garrantzitsuena, Jesus hil zuten eguna da. Horregatik Jerusalem ezagutu nahi nuen data gogoangarri horretan.

Hodei Esteban Zarauztarra joan zen zurekin.
Bai, egun batez esan zidan, “Hi, hirekin niak!” eta ederki. Nerekin etorri zen. Nik  ikasi dut jada nire planak egiten, eta norbait apuntatzen bada poz handiz eskua luzatzen diot. Inor ez bada animatzen, bakarrik bidaiatzen dut. Hori da nire formula. Hodei lagun ona da, animatu zen eta kitto! Biok batera Palestina ezagutzera.

Nolako egoera aurkitu zenuten bertan? Ba al zuen antzarik 1996ko herrialdearekin?
Askoz ere okerrago aurkitu genuen. Oker ez banago 2002an hasi ziren harresia egiten, eta ordutik guztia oso kontrolatuta dago. Lurraldera sartzeko hamaika kontrol igaro behar dira, detektoreak, guardak… nahi duena egiten du Israelgo gobernuak. Jerusalemetik Belen-era joateko adibidez autobusa hartu genuen; baina noski, nahiz eta gidaria palestinarra izan ez zioten uzten nolabaiteko muga hori igarotzen. Orduan autobusa bertan gelditu, jaitsi, segurtasun neurri guztiak igaro, eta paretaren bestaldean taxi bat hartu behar izan genuen. Gauza horrela dago: Belengo biztanleek ezin dute Jerusalemera joan eta alderantziz. Harresi hori lotsagarria da, lotsaren hesia.

Gatazkak jada urte andana ditu, argitu diezaiokezu irakurleei zer aldarrikatzen duten palestinarrek?
1948an ONUk Israel sortu zuenean, Jerusalem Palestinaren erdian zegoen kokatua, orduko lurraldea oraingoa baino askoz ere zabalagoa zuten. Estatu judutarra sortu eta segituan, urtebetean, inguruko  lur ugari indarrez hartu zituzten, eta ondoren 67an “6 egunetako gerra” izeneko guduan oraindik eta gehiago.  Hamas bezalako taldeek aldarrikatzen dutena, 48ko mugetara itzultzea da, ordutik konkistatutako lurrak Palestinar estatuarenak direla onartzea alegia.

Euskaldunok Bordele

eta Araneko arana gureak

direla esatea bezala da

judutarrek egin dutena”


Egoera zaila.
Izugarria da han gertatzen ari dena. Guk NAN txartel bat dugu ezta?

Bai.
Ba han zortzi dokumentazio desberdin dituzte. Zortzi! Eta askok ezin dute herri batetik bestera mugitu. Belengo jendeak Zisjordanian ibilitzeko eskubidea du, baina ez Gazara edo Jerusalem-era joateko. Beste jende asko 48an Israelgo lurretan geratu zen, horren adibide garbia da Nazaret. Israelen bertan dago, baina gehiengo palestinarra du. Ankerra egoera benetan.

Mugimendu yihadistarekin kontakturik izan zenuten?

Ez, orain oso zaila dago, baina brigadista bezala egin nuen aurreko bidaian kontakturen bat izan genuen. Euskal Herrian musulmanen ikuspegi oso distortsionatua dugu, han denetik dago. Kuriositate bat aipatzearren, jende oso gutxi aurkitu genuen borroka armatuaren alde zegoena.

Zer diote judutarrek lurrak haienak direla esateko?
Orain dela 2000 urteko lurrak aldarrikatzen dituzte. Erlijioa naziotasun bihurtzen dute eta hori ez da horrela. Judua erlijio bat da eta ez da naziotasun bat. Jatorri ezberdineko jende asko aurki daiteke haien artean etnikoki oso ezberdinak; hala nola, askenaziak, sefardiak, falashak eta mizrhaiak. Askenaziak jatorria erdi eta ekialdeko europan dute; sefardiak mediterraneo ingurukoak dira, Maroko ingurukoak esaterako; falashak etiopiarrak dira, judu beltzak eta mizrhaiak aldiz judutar arabeak. Horrexegatik dago Israelgo gizartea hain zatikatua. Euskaldunok Bordele eta Araneko arana gureak direla esatea bezala da egin dutena. Esango nuke disparate handiagoa dela.

Naziotasuna bat asmatu dute?
Bai judaismoa ez da nazio bat, erlijio bat da. Estatua erlijioak ematen duen kohesioan babesten da. Israeldarrak oso gaizki eramaten dira elkarrekin, jatorri eta etnia ezberdinekoak direlako, batasuna badute erlijioagatik da soilik. Azkenean miresgarria hori dute judutarrek, bi mila urte igarota ere haien nortasun edo izate hori babesten jakin izana.

Fernandok bidaian ateratako argazkia, Erlijio fauna
Fernandok bidaian ateratako argazkia, Erlijio fauna

Lurralde sakratuaz ari gara berbetan, zelako “erlijio fauna” aurkitu zenuten bertan?
Bada ikaragarria da hura. Hiru erlijio monoteista nagusiak; Musulmanak, kristauak eta judutarrak daude ekarrekin nahastuta, baina, kristauen barnean katolikoak, maronitak eta ortodoxoak; azken hauen barnean sartzen dira kopto-etiopiarrak, kopto-siriarrak, kopto-egipziarrak; katolikoen barnean, katoliko erromatarrak, protestanteak… sekulako saltsa. Kolore guztietako jantziak, mota guztietako apaiz, monja eta fraileak… hura definitzeko termino egokia da “erlijioen fauna.”

Hainbeste haukeraren artean sinesmen bat aukeratuko zenuen hala?
Ni agnostikoa naiz. Ez dut jainko batean sinisten, baina ez dut dagoenik ukatzen. Fedea errespetagarria da eta nik gizakiarengan sinisten dut, hori da nire fedea. Baden zerbait gure gainetik? Ba tira ez dakit again bai? Hala ez? Nork daki.

Jada itzulita zer gorputzaldirekin geratu zineten?
Egia esan, bidaia motza izan zen, eta jada ohitua nago halako abenturetara. Ohitu egiten zara, azala gogortzen zaizu eta ez dizu hainbeste eragiten. Hori bai, esperientzia ikaragarria izan zen, ahaztezina. Betirako oroitzapenean gordeko dudana.

Ekaitza bainuontzi batean