Originaltasun falta Palestinan
Originaltasun falta Palestinan –
Zutabegileen eguneroko erronka izaten da gaurkotasuneko gaiei modu interesgarri batez ekitea, askotariko kontuei eztena ateratzea. Batzuk lehiaketa harrigarrian aritzen dira, astakeriarik handiena nork botako, edo txisterik barregarriena. Baina den-denok saiatzen dira, edo saiatzen gara, erran beharrekoak era original samarrean erraten.
Baina zoaz zerbait originala erratera Israelen sarraskien inguruan. Ezinezkoa da. Gutako gehienok jaio baino lehenagotik ari baita Israel palestinarrak akabatzen, euliak balira bezala. Hala, Berri Txarrak taldeak Biziraun kantan egunero gertatzen diren gauzen zerrenda egin zuelarik nahitaez sartu behar izan zuen “hiru palestinar zulora” esaldia; edozein unetan gertatzen den gauza baita.
Alegia, neuri bederen, ezin-ezinezkoa egiten zait kontu lazgarri honekin itzulipurdi dialektikoa egitea eta bertze inork erran ez duen hori erratea. Hartara, originaltasuna inon bilatzekotan, atzoko sarraskia ikusten ez dutenen taldean bilatu beharko dugu. Nakba bezperako heriotz guztiak Hamasen propaganda direla dioen Etxe Zuriko bozeramaile horretan, edo Israelen triskantza titular batera biltzerakoan “dozenaka palestinar hil direla” lotsagabeki izkiriatu duen New York Times egunkarian.
Behingoagatik, nire antipoda ideologikoetan egon ohi den Cordovillako egunkariaren gaurko azalaren lerroburuarekin geldituko naiz: “Sarraskia Gazan. Israelek ehun erdi manifestari palestinar hil ditu eta milatik goiti zauritu ditu”.
Originala da? Ez. Baina gertaturikoa zintzoki laburtzen du, eta hori izan beharko litzateke beti errealitatea interpretatzeko oinarrizko abiapuntua.
[Euskalerria Irratiko Metropoli Forala saiorako ‘Minutu bateko manifestua’, 2018ko maiatzaren 15ekoa]
Halaxe izan beharko litzateke, baina azken egun hauetan, Gaza eta Israelen arteko mugan gertatutakoaren harira, errealitatea modu originalean kontatzeko asmoz edo, kazetari eta komunikabide askok (publikoak tartean), alde baten propaganda kutre eta sentimentalena irentsi dute eta irentsi arazi digute.
Gertaerak eta kontakizunen artean ezberdindu behar da, deabru gaizto-gaizgoak eta santu bedeinkatuen dialektika erromantiko eta literarioan jausi gabe.
Hildakoak hor daude, alde batek pairatu eta besteak eragin, eta alde biek badakite ze nolako propaganda dugun gustuko ongizate paramo hauetan, beraz tentuz hartu beharko genuke handik iristen zaigun informazio guztia, abizen euskalduna badakar ere.