Jakinmina Iruña-Veleia Argituren prentsaurrekoan

Jakinmina Iruña-Veleia Argitu-ren prentsaurrekoan –

Jakinmina Iruña-Veleia Argituren prentsaurrekoan

Kafka Iruña-Veleian

Harriduraz hartu dugu notizia: Arabako Foru Aldundiak zazpi urte eta erdiko kartzela-zigorra eskatu du Eliseo Gil aztarnategiko zuzendari ohiarentzat eta hiru urte eta bederatzi hilabetekoa Oskar Escribano Lurmeneko langile ohiarentzat, eta horrez gain ia 300.000 euroko isuna bakoitzarentzat. Fiskaltzaren eskaerak ere bide beretik doaz. Eta hori bederatzi urteko “aulki-zigorra” jasan ondoren, iraupen hori izan baitu inolako arrazoirik gabe luzatu den instrukzio faseak.

Injustizia ikaragarri baten aurrean gaudela uste dugu, azkenaldian hizpide ditugun beste batzuen inbidiarik gabekoa, ondoren azalduko ditugun arrazoiengatik:

1) Ez dago frogatuta inondik ere grafitoen faltsutasuna. Are gehiago, benetakoak izan daitezkeela dioten txostenak askoz gehiago dira faltsutasunaren aldekoak baino eta euren egileak besteenak bezain kualifikatuak edo areago. Diputazioaren akusazio-idatziak, esaterako, “froga” ezin gezurtiago bat ateratzen du berriro mahaira: grafito batean Descartes irakurtzen dela, argazkia ikusi duten guztiek dakitenean ez duela hori jartzen. Beste hainbeste esan daiteke Grafologiaz, berriro aipatzen baitute, nahiz eta Ertzaintzak bere txostenean garbi adierazi diziplina horrek ez duela balio honelako kasu baterako.

2) Lurmenek lehen unetik eskatu zuen piezen lagin bat Arkeometrian adituak diren Europako laborategietan aztertzea, eta indusketa kontrolatuak egitea grafitoen agerlekutzat seinalaturiko lekuen inguruetan. Eskaerak ezetz borobila jaso du Aldundiaren eta Epaitegiaren aldetik, entzungor eginez kasua argitzeko jarduera horiek ezinbestekoak direla dioten ahots ugariei.

3) Ez dute aurkitu akusatuak inplika ditzakeen inolako zantzu edo frogarik. Balizko faltsuketa egindako lantegirik, tresnarik, zirriborrorik… , ezta eposta edo telefono-dei ziztrin bat ere. Eta zein ote ustezko eragilea, “mobila”? Akusazioak egotzi nahi dien “famatua izateko irrika”, agian? Hamaika ikusteko jaio ginen.

Hau guztia ikusita, berriro ere eskatzen dugu ez emateko beste pausorik epai bidean, laborategi espezializatuek eta indusketa kontrolatuek auzia erabaki arte. Aldi berean, gure haserrea azaldu nahi diogu Arabako Foru Aldundiari gaia irteerarik gabeko bide batera eraman dutelako, hots, bide judizialera, jakinik arazoa guztiz zientifikoa dela eta ondorioz bide zientifikoak erabiliz soilik argitu daitekeena. Bereziki zuzentzen diegu haserrea Ramiro Gonzalez egungo Ahaldun Nagusiari eta Igone Martinez de Luna Euskara eta Kultura diputatuari, eta aldi berean Javier Agirre orduko Ahaldun Nagusiari eta Lorena López de Lacalle Euskara eta Kultura diputatuari. Era berean gure gaitzespena azaldu nahi diogu auziaren instrukzioa era tamalgarrian eraman duen Susana Junquera Bajo epaileari.

 Gure elkartasuna adierazi nahi diegu auzipetuei, eta aldi berean jendea animatu nahi dugu gaian sakontzera eta bidegabekeria ikaragarri hau salatzeko antolatzen diren ekintzetan parte hartzera. Iruña-Veleia Argitu ekimena sortu dela ere jakinarazten dugu, SOS Iruña-Veleia, Euskeraren Jatorria, Martin Ttipia eta Lurmen elkarteetako kidez osatua, independenteekin batera. Sinadura-bilketa handi bat izango da lehen ekimena. Manifestua prest dago eta laster emango dugu horren berri prentsaurreko bidez.

Iruña-Veleia Argitu ekimena

Jakinmina Iruña-Veleia Argituren prentsaurrekoan

Iruña-Veleiari buruzkoak zuzeun…

 

Sarean, han eta hemen argitaratzen direnak harrapatzen, zeure interesekoak direlakoan.

4 pentsamendu “Jakinmina Iruña-Veleia Argituren prentsaurrekoan”-ri buruz

  • Pentsatu nahi dut, hemen, Espainian ez bezala, kartzela zigorrak eskatzen direnean delitu potente-potentea izan delako dela.
    Baina, zazpi urte pasa dira eta oraindik ez dago guztiz argi jazotakoa.
    Ez dakit, irmotasun pixka bat eskatuko nioke aldundiari, Inork duda izpirik ez izateko.

  • Pello Eizagirre 2018-05-21 21:32

    “Iruña-Veleiako zentzua: GONTZAL FONTANEDA “
    “Bederatzi urteko itxaronaldiaren ondoan Iruña-Veleiaren auziak epaiketa izango omen du. Ez da zentzuzkoa. Auzitegiak ea Eliseo Gilek grafitoak faltsutu zuenetz ebatzi nahi badu, lehendabizi jakin behar du grafitoak faltsuak diren ala ez. Horretarako, grafito horiek aztertu behar dira noiz grabatu ziren erabakitzeko. Inork ere ez du horrelako azterketarik egin. Arkeologoak aurkikuntzak agertzen diren geruzan oinarritzen dira data jartzeko. Baina eztabaidaren hasieratik Eliseo Gilek bakarrik, salatuak hain zuzen ere, eskatu du aztertzea. Beste inork ere ez, Botereko inork ez, ez Euskal Herriko Unibertsitateak ez Arabako Foru Aldundiak ez Gasteizko Epaitegiak ez dute grafitoak aztertzea nahi izan. Ez da senekoa, 2008an Aldundiak, txostenak jaso baino lehenago ere, faltsutzat jo zituen grafitoak, Eliseo Gilen talde arkeologikoa bota zuen, Epaitegian salatu zuen eta aztarnategiko kontratua Unibertsitateari eman zion. Eta halako bidegabekeriak zergatik eta Unibertsitateko bost kidek (Ciprés, Galán, Gorrochategui, Lakarra eta Nuñez; ez da egia guztien adostasuna izan zenik), ez frogetan, teorietan oinarrituta, baieztatzen zutelako. Teoriak bakarrik dituzte, adibidez, III mendeko euskara nolakoa zen ‘dakiten’ bi hizkuntzalarirenak. Garai hartako grabaketarik ote daukate?
    Iritziak dituzte, adibidez, Espainiako Kultur Ondarearen Erakundearenak. Epaitegiak “idazkunen antzinatasuna” aztertzeko eskatu zion arren, azalean gaur egungo metal batzuen aztarnak zeudela bakarrik ondorioztatu zuen, hau da, piezak eskuetan izan dituzten guztiek utzitako hondarrak.
    Espekulazioak dituzte, adibidez, polizi-txostenekoak, non baitio “azken urteotan mundu mailako faltsuketa arkeologikoaren gertaerarik larriena” dela. Baina grafitoen antzinatasuna aztertzeko Epaitegiaren agindua jaso zuenean, piezak itzuli egin zituen beraren laborategiak horretarako gauza ez zirelako.
    Aditu askok, ordea, benetakoak izan daitezkeela baieztatzen dute (besteak beste, Albisu, Arnaiz, Baxarias, Elexpuru, Fernandez, Filloy, Frank, Fritz, Gil, Harris, Iglesias, Illarregi, Orpustan, Rodriguez Colmenero, Satue, Sauren, Silgo, Thomson, Txillardegi, Van der Driessche, Zabaleta). Teoriak ere besterik ez dira, inork ere ez ditu grafitoak aztertu eta.
    Lotsagarria da bederatzi urte baino gehiagotan ezer ez egitea.
    Fiskaltzak epaiketa nahi izatea ulergarria da, beraren lana da eta. Baina grafitoak noiz egin ziren jakiteko azterketarik egin gabe, faltsutasunean Aldundia bera setatzea da ulertezina. Idazkun horiek euskarazko eta historiazko altxorra izan daitezke. Arabarentzat altxorra izango lirateke.
    Hasteko, aztertu behar da, ezta?
    http://www.argia.eus/blogak/gontzal-fontaneda/2018/05/20/iruna-veleiako-zentzua/

  • interger kolektiboa 2018-11-01 22:21

    https://www.naiz.eus/eu/actualidad/noticia/20181101/josu-juaristi-y-lorena-lopez-de-lacalle-se-disputaran-la-candidatura-de-eh-bildu-a-las-elecciones-europeas

    Ba Lorena Lopez de Lacalle orain eurodiputatu izan daiteke. Bilduk nolabait saritu beharra zuen aurkikuntzen aurka egin izana. Ezker abertzalean pauta hau errepikatzen ari da. Gure herriaren aurkako ekintza makiabeliko bat egin ondoren promozionatuak izan dira hainbat “pentsalari”, idazle, politikari… Klubean onartua izateko baldintza bat dela dirudi.

  • Juan Inazio Hartsuaga 2018-11-02 14:22

    Gutxienekoz esan daitekeena da gai honetan zalantza nagusitzen zaiola oraingoz alde bateko zein besteko iritzi sendoei. Eta zalantza nagusi den auzi batean ez litzateke normala epaiketa zigor batez burutzea. Dena den, hau bezalako egoera kakotuetan, frogabide nagusia,- grafitoen datazioa kasu honetan, ezinezko denean, hainbat albo-bide saia daitezke iduripen bat osatzeko. Esate baterako, grafitoak azaldu ziren ingurua, epaitegiak izendatutako arkeologo neutralek industea, horrelako gehiago agertzen ote diren egiaztatzeko; ostrakak agertu ziren inguruan lur geruza normalak ote zeuden edo betelan itxurako lurra ote zen, norbaitek duela gutxi jarriak izan ote zitezkeen argitzeko; peritazio batez kalkulatu zenbat denbora behar den egiazko ostraka zaharra hartu eta bertan inkripzio faltsu bat egin eta hari zahar itxura emateko, horretan oinarrituta, ostraka guztiak faltsutzeko behar den denbora kalkulatu eta konparatu lurretik atera zirenetik, garbituta eta inskripzioak zituztela itzuli ziren arte igaro zen denborarekin. Hauek bezalako albo-bideak, lagungarri gerta litezke agitu zenari buruzko iritzi sendoago bat osatzeko.