Notre Dame Les Landes-ZAD. Eta orain zer?
Notre Dame Les Landes-ZAD. Eta orain zer? –
Notre-Dame-des-Landes aireportu berriaren egitasmoa baztertzea berri ona da. Haatik, borroka ez da hortan bukatzen: ZADen esperimentua eredugarri da gisa hortako egitasmo erraldoi eta behargabeen kontra mobilizatzeko. Gakoa: engaiamenduen aniztasuna, eragile eta sektore desberdinak elkarrekin aritzea indar harremana eraikitzeko.
Aireportuaren kontrako hasierako borroka, “aireportua eta bere munduaren kontra” bilakatu zen azken urteetan. 2009tik goiti ingurumen eta bertako laborarien defentsari klima aldaketaren problematika gehitu zitzaion eta oro har produkzio-modu kapitalistaren erabateko kritika. Aireportu proiektua bertan behera gelditu da NDDL-n, ez haatik Nantes-ekoaren handitzea. Bere munduari doakionez, “ongi” doa aldiz, bere ildo kaltekorra urratuz.
Haatik hasitako borroka ez da gelditzen. Beste etapa batean sartzen ari da bi arrazoiengatik.
Alde batetik, lehen erran bezala, bere buruari perspektiba orokorrago bat eman baitzion eta bestalde logika honi jarraikiz, borrokaren dinamikak esperimentazio guneak sortu baitzituen, ZAD famatua hain zuzen, eremu geografikoaz gain espazio sozio-politikoa bilakatu dena.
ZADekin gertatu dena berez ez da berria. Borrokaldi frangotan, eta bereziki antolaketa proiektuen kontra, lekuaren okupazioa borroka molde bat izaten ohi da, baserri aldean nahiz hiriguneetan, mobilizazio eta errekurtso juridikoei, arazo bat gehituz botere publikoentzat, hots lekua indarrez husteko beharra. NDDL-en kasuan okupazioa iraunkorra bilakatu da eremu zabal batean eta jende kopuru polita inplikatuz.
Denbora pasatu arau, aireportuaren proiektua gauzatzeko oztopo seriosa bilakatu da botere publikoentzat. Ez zen “soilik” bertako laborari batzuk kanporatu eta eremu natural erdi hutsa suntsitu behar, baizik eta bertako biztanleek milaka pertsonen laguntzarekin eraiki leku, txabola, negutegi, landutako eremuak eta bizi esperimentazio ugari indarrez ezabatu behar.
Are gehiago Cesar polizi operazioaren ondotik, honi buru egiteko molde askotako erresistentzia fisikoaz gain, okupazioa hedatu eta biderkatu zelarik. ZAD siglaren desbideratzeak ongi markatu zuen jauzi kualitatiboa: NDDLeko eremua Estatuari eta Vincik ordezkatzen duen multinazionalen sistemari desafioa bilakatu zen. Kontzientzia kolektiboan erresistentzia eta justizia gogo guziak irudikatzen hasi zen, beste hainbat frentetan borrokaldi galduek utzitako samindura gainditzeko botika.
ZAD esperimentuaren beharra etorkizunean
Horretarako da gaur egun hain inportantea aireportuaren kontrako garaipena permititu duen elementu, ez bakarra bainan bai erabakigarria defenditzen segitzea eta ZAD esperimentuari etorkizuna segurtatzea.
Mitifikazioan erori gabe, eredutzat hartu gabe. Inspirazio iturri indartsua delako. Aireportuaren kontrako mugimenduak, bere eragile guztiak barne, urte bateko eztabaiden ondotik, 2015ean argitaratu zuen testuak koadroa eta oinarri aproposa emaiten ditu hemendik goiti irekitzen den faserako.
Sei puntutan biltzen ditu aireportua lurperatu ondoko norabideak:
• Kanporatze prozedura pairatzen duten biztanleek, izan jabeak edo alokatzaileak, bertan egon eta beren eskubideak berreskuratu beharko dituzte.
• Vinci-ren xantaiari amore eman ez duten laborariek lurrak landatzen segitu beharko dute baldintza onetan eta landatzeko eskubide osoa berreskuratu beharko dute.
• Borrokan parte hartzera etorri den biztanle orok bertan egoteko aukera izan beharko du eta eramandako laborantza esperientziak edo eraikitako bizilekuak segitu eta bermatu beharko dira.
• Ordutik goiti libratutako lurren erabilera aireportuaren kontrako mugimendutik sortutako erakunde batek definitu beharko du eta ez usaiazko instituzioek.
• Lur horiek laborantza edo bestelako instalazio berrientzat erabili beharko dira, ofizialak izan ala koadrotik kanpo eta ez etxaldeen handitzeko.
• Denen determinazioari esker oinarri horiek errealitate bilakatu beharko dira eta horien gauzatzerakoan sor litezkeen gatazkak konpontzea denen arteko afera izanen da.
Tresna juridikoak badira
Aurrekariak izan ziren Larzac-en, armadak utzitako lurren kudeatzeko. Tresna juridikoak badira, jabetza-soila eta gozamen-eskubidea adibidez. Eta jabetza publiko/pribatuaren dikotomia gainditzeko gero eta gehiago aipatzen den baltsako edo komunen kontzeptuaren aplikapena izan daiteke.
Interes politikoa argi da: garaipena bizi araztea eta bestelakatzea, hainbat borrokarako erreferentzia bat eskainiz.
Helburu konkretuak 6 puntutako manifestuak biltzen ditu. Estrategiak berdin jarraitzen du: engaiamenduen aniztasuna errespetatuz, eragile eta sektore desberdinak elkarrekin arituz, indar harremana eraiki. Aireportuari buruzko erabakiaren berri jakin gabe, jadanik talde, mugimendu eta sindikatu andana batek testuak definitzen duen ildoari sustengua ekarri zion.
Lehen hitzordua finkatua da: otsailaren 10ean, etorkizuna sustraitu lelopean antolatua den elkarretaratze eta ospakizun handia.
Irabaztea posible da eta garaipen bakoitzak indartzen gaitu. Fatalismo eta etsipenari zaflako ederra eman ondoren, zain dezagun horren uzta!
…