Sokamuturraren azken dantza

Sokamuturraren azken dantza –

Ez ginen nerabe oraindik, eta amak ez gintuen bidaltzen, baina gu joan egiten ginen sokamuturrera. Ez genuen inauterietan libururik eramaten ikastolatik etxera Ostiral Mehe egunean. Neguko jai horietan ez genuen sosik gastatzen, eta urtea beraien zai pasatzen genuen, inauterien zai. Ez ginen mozorrotzen, sokamuturraren atzetik jolasean, dantza batean pasatzen genituen orduak eta egunak kalean, urteko jairik hoberenak ziren gure herrian.

Ikasleak ginenean oraindik, sokamutil lanetarako herriaren deia jaso genuenean, ez genuen dirurik arropa zuri gorriak erosteko, ez segururik bost irteeratarako, amari eskatzen genion dirua. Berdin lanak bukatu eta Astearte Ihaute egunean Uztarri erretegian beste sokamutilekin afaldu ahal izateko ere. Etxerako sustoren bat eta arropa zikinak. Baina jolas, dantza eta dohako auzolan hark izugarri betetzen gintuen, jende uholde hura kalean dantzan jartze soilak. Dena ematen genuen erikalean gora zezenaren aurretik, eta beste lau ordu genituen ondoren lanerako. Bukaran, Enparan kalera iristerako askotan gai ez ginen goiko leihoan babesteko salto egiteko ere, jota bukatzen genuen. Euritan, elurretan edo izotzetan, eskuak ez genituen sentitzen zenbaitetan sokari heltzean, bezperako mozorro margoak aurpegitik kentzeko astirik gabe ere inoiz, gaupasa eginik. Zuri eta gorriaren azpitik artilezko galtzerdi eta jertseak erabiltzen genituen, hotzari lau orduz euritan aurre egiteko.

Saiatuaz beti ere jendea eta zezenak babesten, jolas honi duintasuna ematen, zezenak maitatzen, goratzen eta laztantzen, harremanak estutzen. Martzelinok, Olatz (Mutriku)ko Etxarre baserriko “Botijo” zezen famatuaren jabeak, German sokamutilari  esaten zion bezala; “ Zuek biok ohe berean lo ederki egingo zenukete”.

Eguna luzatzen hasi den urtaroan, naturak ala beharrez ezarriko digun baraualdi aurreko azken dantza honekin, sokamuturrarekin, esnatzen joan daitezela Azpeitiko lurrak gizaldiz gizaldi, lehen orain eta beti.

Sokamuturraren azken dantza

Sokamuturraren azken dantza