[Nor zen?] Policarpa Salabarrieta

Policarpa Salabarrieta –

Policarpa SalabarrietaApolonia “Policarpa” Salabarrieta (1795-1817) jatorri euskalduneko kreolea zen. Granada Berriko Erregeorderrian (egungo Kolonbia eta Venezuela) jaio zen; “La Pola” ezizenez ezaguna, indar independentisten zerbitzura lan egin zuen espia gisa.

Maila ekonomiko ona zeukan etxe batean hezi zen. Bere aitaren testamentuan (Joaquin Salabarrieta) ondasun ugari ageri dira, zenbait negozio sortu baitzituen nekazaritza eta komertzioaren bueltan; bere amaren kasuan (Mariana Rios) jantzi ugari agertzen dira, alajak eta etxeko hornidura dezente. Salabarrieta Rios sendiaren etxea Guaduasen dago, Kolonbian, eta museoa da egun. Familia, dena den, Bogotara joan zen bizitzera 1797an.

Hiriburu kolonbiarrean baztanga izurri ikaragarria jazo zen 1802an, eta horren erruz Policarparen aita, ama eta bi anai-arreba hil ziren. Tragedia honek familia desegin zuen: bi anai komunitate agustindar batean sartu zituzten; beste bi anai finka batean joan ziren lanera; arreba zaharrena Guaduasera itzuli zen bi ume txikienekin, Policarpa tartean. Informazio gutxi dago bere bizitzako tarte honi buruz; badirudi jostuna izan zela, baita irakaslea ere. Urte hauetan espainiarren aurkako gerra puri-purian zen, eta Policarparen sentimendu independentista are eta gehiago hazi zen bere koinatua gudan hil zutenean.

Salabarrietak 1810eko uztailaren 20ko “Independentzia garrasian” hartu zuen parte, Bogotan gertatutako matxinada batean. Aurrerago, bere zereginak bereziki Llanoseko armada independentistarekin izan zuten lotura: mezuak jaso eta bidaltzen zituen, gerrarako materiala erosi, baita gazteak errekrutatu ere, besteak beste. Bere anaia Bibiano izan zuen aldamenean maiz, baina bere adiskide maitatuena Alejo Sabarain izan zen, bere senargaia ere bazena.

1817an espainiarrek Almeyda anaiak atxilotu zituzten, bi militante independentista; Salabarrietarekin zerikusia zeukaten paper batzuk zeramatzaten gainean. Horretaz gain, espainiarren salatari batek ere seinalatu zuen, bai bera eta bai Sabarain. Almeyda anaien ondotik, Sabarain atxilotu zuten, eta horrek kondenatu zuen “La Pola” definitiboki, Sabarainek Salabarrietak entregatutako izen zerrenda bat baitzeraman gainean.

Salabarrieta, Sabarain, eta beste zenbait independentista gerra kontseilu bidez epaitu zituzten, eta heriotzera kondenatu. Exekuzioa 1817ko azaroaren 14ean gauzatu zen. Salavarrieta bi apaiz aldamenean zeuzkala agertu zen. Bizkarrez jartzeko agindu zieten guztiei (horrela hiltzen baitzituzten “traidoreak”), baina horri uko egin, eta azkenean belauniko eta parez hiltzeko aukera eman zieten.
Eraildako guztien gorpuak ikusgai jarri zituzten espainiarrek Bogotako kaleetan, Policarparena ezik (emakumeen gorpuak ez ziren erakusten). Agustindarren ordenan sartu ziren bi anaiek bere gorpua erreklamatu zuten, eta San Agustin elizan jaso. Hil baino lehen, hitz hauek esan zituen jendaurrean:
Policarpa Salabarrieta
Viles soldados, volved las armas a los enemigos de vuestra patria. ¡Pueblo indolente! ¡Cuán distinta sería hoy vuestra suerte si conocieseis el precio de la libertad! Pero no es tarde. Ved que, aunque mujer y joven, me sobra valor para sufrir la muerte y mil muertes más. No olvidéis este ejemplo […] Miserable pueblo, yo os compadezco. ¡Algún día tendréis más dignidad! […] Muero por defender los derechos de mi patria […]

Soldadu doilorrak, itzuli armak zuen aberriaren etsaien aurka. Herri axolagabea! Zeinen ezberdina litzatekeen zeuon patua askatasunaren prezioaren berri bazenute! Baina ez da berandu. Ikusi, emakumea eta gaztea izan arren, soberan daukadala balorea heriotza hau eta beste mila jasateko. Ez ahaztu eredu hau […] Herri miserablea, erruki dut zuetaz. Egunen batean duintasun gehiago izango duzue! […] Nire aberriaren eskubideak defendatzeagatik hilko naiz […]

Historialari askorentzat Policarpa Salabarrieta independentzia iraultzako emakume garrantzitsuena da. Ez zen espainiarrek exekutatu zuten emakume gazte bakarra, ezta gutxiago ere, baina bere kasua asko zabaldu zen jendartean, eta ikono bihurtu zen independentistentzat. Bere heriotzaren urteurrena Emakume Kolonbiarraren Eguna da orain.
Policarpa Salabarrieta