Euskararen Nazioarte Egunaren Adierazpena

Euskararen Nazioarte Egunaren Adierazpena –

EUSKARAREN NAZIOARTE EGUNAREN: ADIERAZPENA

Abenduak 3, igandearekin, Euskararen Nazioarteko Eguna izango da, Eusko Ikaskuntzak 1949. urtean Euskararen Nazioarteko Eguna abenduaren 3.egunarekin ospatzea erabaki zuelako. Ia hirurogei urte igaro arren, oraindik orain, Euskal Herriko hizkuntza berreskuratzeko premia larriak bere horretan dirau.

Egia da, bistakoa baita, euskaltzale eta ekintzaile askoren ahaleginak ez direla alferrikakoak izan eta euskara orain dela 50 urte baino hobeto dagoela, nahiz eta desoreka handi batzuekin eskualdeka. Egia da, azken urteotan lortu dugu Euskal Herriko lurralde guztietan aurrera urrats esanguratsuak egitea. Egun, inoiz ez bezala euskaldunok berariazko erakundeak dauzkagula Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, alde batetik, Lapurdin, Nafarroa Beherean eta Zuberoan, bestetik, eta Nafarroa Garaian, azkenik. Baina ez daukagu lurralde osoko euskararen ofizialtasunik eta ezta hizkuntza politika bateraturik ere.

Badakigu, nola ez, edozein hizkuntza gutxituren behineneko arazoa, transmisiotik harago, erabilera dela, hizkuntza biziberritzea berau erabiltzea dela, alegia. Baina euskararen erabilera, xedea bada ere, ez da areagotuko oinarrian ez badu hiztun-elkarte zabala, sendoa, trinkoa eta engaiatua.

Datorren urtea, 2018, urte berezia da. Euskaltzaindiak eta Eusko Ikaskuntzak 100 urte betetzen dituzte eta 1968ko Arantzazuko Bileratik hona 50 urte igaro dira. Euskara Batuaren 50. urteurrena, alegia. EHBilduk eta EHBaik berariazko garrantzia eman nahi diote hizkuntzaren estandarizazioari eta Euskara Batuak normalizazioari dakarkiona nabarmendu. Hezkuntzan eta unibertsitatean, literaturan eta, oro har, kulturan, hedabideetan eta gizarte zerbitzuetan lortu duguna ez zitekeen posible izan hizkuntza eredu estandarrik izan ez bagenu. Beti ere euskalkiek euskarari ekartzen dioten aberastasuna ahantzi gabe eta horien erabilera mantentzearen beharra azpimarratuz.

Euskararen Nazioarte Egunaren AdierazpenaBatasuna. Hori da giltzarria: batasuna. Euskara Batua izan da eta, euskaren normalizaziorako euskarri sendoenetakoa eta euskararen hiztun elkartearen batasuna erabilera eraikitzeko orube egokiena. Sakondu eta zabaldu behar dugu batasun hori. Aspaldiko partez, hizkuntza politika Euskal Herriko erakunde publikoen eskumena da. Euskal Elkargoarena, Lapurdin, Nafarroa Beherean eta Zuberoan; Nafarroan Garaian Foru Gobernuarena eta Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan Jaurlaritzarena. Eskumenak baditugu, beraz, orain kudeatu eta, ahal dela, bateratu behar ditugu.

Batasunaren aldarria zabaldu nahi dugu EHBildu eta EHBairen eskutik: Euskara Batua sendotzeko eta hedatzeko, doakotasuna euskara edonork ikas dezan, hizkuntza politika bateratua eta ofizialtasuna Euskal Herri osoan eta euskararen erabilera sustatzeko ekimenak.

Horregatik guztiarengatik, EHBilduk eta EHBaik Euskararen Nazioarteko Egunari begira (abenduak 3) ondorengo adierazpena onartu eta zabaldu nahi du:

Euskararen hedapena eta erabilera eraginkorra lortzeko ezinbestekoa hizkuntza eredu estandar egokia, gizarteratua eta onartua izatea. 1968 urteko Arantzazuko Euskaltzaindiaren Bilkuran abiatutako Euskara Batuaren prozesua izan da, dudarik gabe, euskararen normalizazioa izan ahal izateko euskarririk sendoena eta, aldi berean, euskaldunen arteko batasunaren seinalerik argiena.

Horiek horrela, EHBildu eta EHBaitik adierazi nahi dugu gure atxikimendurik irmoena euskaldunen arteko batasunari eta euskararen erabilera sustatzeko ekimenei. Era berean, datorren urtean euskararen erabilera areagotzeko eta euskararen ofizialtasuna lurralde osora zabaltzeko lanean jarraitzeko konpromisoa gure egiten dugu.

Euskararen Nazioarte Egunaren Adierazpena

Euskal Herria, 2017ko abenduaren 3a

Rebeka Ubera (EHBildu) eta Anita Lopepe (EHBai)

Euskararen Nazioarte Egunaren Adierazpena

2 pentsamendu “Euskararen Nazioarte Egunaren Adierazpena”-ri buruz

  • JJ Agirre

    Euskara batuaren ezinbestekotasunarekin ados, baina ez zait iruditzen arriskuan denik inon. Euskalkiez gehiago busti behar genukeela uste dut, ostera. Eredu berbera erabiltzea Donostian eta Bilbon, Tolosan eta Durangon okerreko aukera da. Hiztunen eguneroko erregistrotik oso urrun dauden testuak ikusten dira nonahi, erabileraren kaltetan. Hausnartu behar litzateke horretaz nik uste.
    Egia da euskara orain dela 50 urte baino hobeto dagoela… handia litzateke gero frankismoaren ondarrean baino okerrago egotea, ezta?
    Baina, azken urteotan zeozer bistakoa bada, erabileraren geldotzea eta gibeleratzea da. azken eremu euskaldunetan bereziki (eta horrek larriagoa bihurtzen du gibeleratzea).
    Bereziki larria da egoera Iparraldean (etengabeko galeran) eta Nafarroan (hamar nafarretik bat da elebiduna soilik). Bietan ala bietan, euskararen egoera hobea zen duela 50 urte. Inor gutxik aipatzen du, bestalde, ez Iparraldean, ez Nafarroan, ez EAEn ere, ez dagoela 10 urtez gorako euskaldun elebakarrik. Aldiz, erdal elebakarrak gehientsuenak dira Euskal Herrietan, euren bizimodua aurrera eramateko inolako eragozpenik ez dutenak.
    Azkenik, ezin dira inolaz ere parekatu hiru eremu administratiboetako eskumenak.
    Iparraldeko “Euskararen Erakunde Publikoaren” eta eskumenak oso lausoak dira adibidez. Honela zehaztuta daude bere webgunean:
    “Erakundearen eginkizunak hauek dira: Euskararen aldeko hizkuntza politika publikoa eta hitzartua asmatzea, definitzea eta obratzea. Behar diren finantza baliabideak bermatzea, bere egitasmoan ezarri dituen ekintzak edo obralari batzuekin hitzartu dituenak gauzatzeko.”.Eta esan behar da, Altsasuko udalak berak baino aurrekontu dezente murritzagoak dauzkala “obralariekin hitzartu dituenak gauzatzeko”, 4 milioi euro ingurukoak hain zuzen.
    Nafar Gobernuak bestalde, uko egin dio bere eskumenak Nafarroako 3/4etan gauzatzeari, eta “eremu euskalduna” deitutakoan euskaldunok zailtasun handiak dauzkagu osasun- edo segurtasun-zerbitzu publikoak euskaraz erabiltzeko, berbarako.

    EAJ-k gidatutako erakundeetatik diskurtso baikorregia zabaldu da beti, tradizioa da, baina azken urteotan ezker abertzalera ere zabaldu bide da diskurtso molde hori, baina ez dio errealitateari erantzuten, eta horregatik beragatik ere, ez digu batere mesederik egiten euskaldunoi. Beste jarrera bat eta batez ere, bestelako konpromiso batzuk espero ditugu ezker abertzalearen aldetik.

  • Josu Lavin

    Duela 50 urte finkatu zen Euskara Batua ez da, inola ere, finkatu ahal zen euskara baturik hoberena.
    Begi bistakoa da, bakar batzuendako, forma konkretu horrek erabilerarik ezean eduki duen eragina.
    Agian, beste 50 urte beharko dira honetaz kontura gaitezen, baina orduan beranduxe izango da, bai euskararendako bai guretako.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude