Nor da A gripeaz kutsatutako lehena?

zuzeu.eus-logo7-25http://www.youtube.com/watch?v=l6FB0kT4IQk

Zero gaixoa deitzen diote adituek kutsatutako lehenengoari. Antza denez, Edgar Hernandez du izena, lau urteko mutikoak, orain sano eta indartsu dagoenak. Antibiotiko koktela eman zioten martxoaren hastapenean, eta parazetamola, gripe arrunta zelakoan. Eta sendatu.

Ez zuten patu bera izan La Gloriako beste bi umek, bi urtetik beherakoak biak ere, hil egin baitziren neumoniaren ondorioz. Joan zen martxoaren amaierarako, herriko  3.000 biztanleetatik, 1.800 zeuden kutsatuta eta orduan hasi ziren aintzakotzat hartzen kontua agintariak, eta La Gloriako biztanleek aspalditik egiten zuten salaketa: Granjas Carrol etxaldean —Smithfield Foods, munduko zerri ekoizlerik handienaren jabetzakoa—, gauzak ez zirela behar bezala egiten. Zerriak, baldintza oso aldrebesetan hazten zirela han, alegia.

Elikadura ekoizle erraldoi hau, dagoeneko zigortua izan zen 1997. urtean, Ipar Karolina eta Nevadako ibaietara, 4,7 tona hondakin isurtzeagatik: 12,6 milioi dolarreko isuna.

1994.garren urtean jarri zuten etxaldea La Glorian, eta harrez gero protesta handiak izan dira, batez ere 2007garren urtean. Agintariek, ordea, ixilarazi egin zituzten erantzun guztiok. Bost manifestarik difamazio epaiketa bati egin behar izan zioten aurre, eta Guadalupe Serrano Gaspar izeneko 66 urteko andrea, kartzelaratu ere egin  zuten. Antza, asko dira jokoan dauden interes ekonomikoak.

Protesten gidarietako batek, Hernández Burgos izenekoak, Apirilean adierazi zion La Jornada egunkariari, mehatxatu egin zutela Granjas Carroll-eko buruek: Gu pozoitzen ari dira eta beldur gara zernahi gerta dakigun, baina hemen Granjas Carroll-ek agintzen du, baita agintariengan ere.

Granjas Carroll-eko gerente komertzialak, salaketak absurdoak direla erantzun du. Veracruzeko gobernadoreak, ostera, PRI alderdikoa bera, gaixotasuna Txinatik datorrela dio, handixe ekarri dutela bidaiariek…

Hala ere, FAOk, zientzilariak bidali ditu La Gloria herrira, gertatutako egiazta dezaten, eta euren atzetik, kazetari andana iritsi da. Orain arte argitaratu denaren arabera, gizakitik gizakira gertatu da kutsaketa, eta ez dago esaterik zerritik pasatakoa denik. Ikerketek aurrera dagite, ordea.

La Gloriako herritarrentzat, baina, orain arte aintzat hartu ez dituzten horientzat, txanda iritsi da: mundu guztiak jakingo du agintariek nola egin duten beti elikagaien enpresa indartsu estatubatuarraren alde. Eta euren kontra, prefosta.

ZuZeuko erredakzioko kazetariak eta editoreak gara.