Nolakoa izango da Post Espainia?
Nolakoa izango da Post Espainia?
Crack egin zuen sistema finantzieroak eta honek Espainiako ekonomiaren gainbehera ekarri, ‘trantsizio’ garaitik inoiz kalkulatu ez ziren zifretara itzuliz. Bost milioi langaberen langa igarotzean, lau milioi langaberena igarotzean sentitu berdina sentitu zuten herritarrek. Eta telebistan arrakasta izugarria zuten krisia gora, krisia behera, Jordi Evole kazetariak egindako erreportajeek. Krisi ekonomiko finantzieroak saltzen du.
Zapateroren artaziak
“Hau da Zapaterok uzten digun Espainia” zioten oihuka Alderdi Popularreko diputatu (orain inputatu) eta senatariek, Esperanza Aguirrek BEZa igotzearen aurkako elkarte bat babesten zuen garaian. Artean, sozialisten eta Zapateroren arazo ziren hedabide ultraeskuindarrak, euskal gaiei zegokienean batez ere. Mariano Rajoy eta bere hurbilekoek egunero gogoratzen zieten herritarrei guztiaren errua sozialistena zela, orain Euskal Herrian Bildurena den bezala. Arrisku saria sabaia jotzen ari zen 300 pasata. Herria salbatuko zuen bakarra hauteskundeak ospatzea, eta esperientzia handiko kudeatzaile Rajoyri bozkatzea zen. Espainia ez hondoratzeko bide bakarra. Eskuinak asko baitaki kudeaketaz, ekonomiaz eta gai serioez.
Rajoy ¡la alegría ya viene!
Legegintzaldia amaitu eta hauteskundeekin, urdinez tindatu zen Espainiar Estatua. Kudeaketa txarra izan zela gehien sinetsi zutenak sozialistak berauek izan zirela argi utzi zuen PSOEren gainbehera historikoak. Zapateroren artaziak izan ziren Zapatero bera dekapitatu zutenak. Eta bitartean, 15M mugimendua azukre koxkorra legez urtzen ari zen, lehen bozgorailutzat zituen telebista kateek emititu mapa urdinetan. Eta inozoren batek esperantza amiñi bat bazuen jarria presidente berriarengan, egia zirelakoan kanpainan esandakoak.
Banan banan ordea, Rajoy jaunak hitz emandako guztiak jan zituen. “Espainiaren hobebeharrez” jan, hori bai. Eta arrisku saria sabaia jotzen ari zen 600eko langa igarota, umore bihurtzeraino twitter esferan. “La prima de riesgo” gora, @PrimadeRiesgoBot eta enparauak behera. Osasuna ordaintzen hasi ziren espainolak, osasunez ordaintzen. Zapateroren errua zela esateak, eta “jasotako erentziaren” diskurtsoak, ezer gutxi balio zuen honezkero. Marianoren arazo ziren orain hedabide ultraeskuindarrak eta TDT partya. Euskal bake prozesuak prozesutik izena besterik ez zuen, euskal gizartea ezik, dena geldirik baitzen.
Beltzean
Gurtel kasua tarteko, Suitzako banku batek adierazi zuen Luis Barcenas (PPko diruzaina ohia) 22 milioi edukitzera iritsi zela hainbat kontu korrontetan. Gehiengoa Panamako fundazio baten izenean. Diru beltzean ordaintzea dirudienez arrunta izan da Alderdi Popularrean. Estolda usaina ertz guztietan, prentsa eskuindarrean PP barneko sektoreek egindako filtrazioak alderdiaren beraren aurka, PSOEren trapu zaharrak ere airera… Dirua bezain beltza dute etorkizuna.
Nolakoa izango da Post Espainia?
Aurretik aipatu dena aintzakotzat hartuta, Espainiar Estatuko bi alderdi nagusiak kaka artean hondoratzen ari diren honetan, zer hautu egingo du espainiar jendarteak? Europako beste leku batzuetan bezala alternatiba erradikalak puztuko dira? UPyDk kapitalizatu al dezake PPSOEren balizko jaitsiera are erraldoiagoa? Krisiaren hondoenera iritsi gara ala zuloak beheruntz darrai?
Onena espainiarrentzat eta espainiarren menpe bizi garen gainerako hiritarrentzat Espainia desagertzea litzateke, nazio libreak sortzea eta iruzurgile eta lapur guztiak kartzelara bidaltzea lan sozialak eginez lapurtutakoa itzul dezaten.